Aurreikuspenek huts egin dute. Aurten beste errekor bat izango da ikatz kontsumoari dagokionez. Guztira 8.770 milioi tona mundu osoan, 2023an baino %1 gehiago. Iaz, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak adierazi zuen 2024an ikatzaren kontsumoa apaltzen hasiko zela, baina hori ez da horrela izan. Eta ez da gertatuko, gutxienez, 2027ra arte.
Ukrainako gerrak eragindako gasaren mundu krisia aipatu du IEAk arrazoi nagusitzat. Gas garestiari aurre egiteko, ikatzak ohi baino pisu handiago izan du energia iturri gisa, mundu osoko ikatz kontsumoaren bi heren erabili baitira argindarra sortzeko. Bereziki bi herrialdetan: Txinan eta Indian.
Horrek kezka handia eragin du klima larrialdiaren aurkako borrokan diharduten eragileen artean. Ikatza da, alde handiz, atmosferara CO2 gehien isurtzen duen erregaia, eta haren erabilera asko apaltzea derrigorrezkoa da planetaren berotzea mugatzeko.
IEAren datuak ez dira baikorrak. Ikatzaren sektoreari buruz asteazken honetan zabaldutako urteko txostenean, adierazi du eskari globala handitzen ari dela. Baina baieztapen horrekin batera, itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan du. Modu ahulago batean gertatzen ari da hori: %7,7ko hazkundea izan zen 2021ean, %4,7koa 2022an, %2,4koa 2023an eta %1ekoa aurten. 2027ari begira, %0,4ko igoera aurreikusi du. Eta uste du hortik aurrera kontsumoa txikitzen hasiko dela.
IEAren iritzian, datozen urteetan elektrizitatearen kontsumoa izugarri handituko den arren, ikatzaren eskaria egonkortu egingo da, energia berriztagarrien erabilera dela eta.
Txinara begira
Txinak kontsumitzen du munduan ikatz gehien, alde handiz: munduko gainerako herrialdeek baino %30 gehiago, eta, urtea amaitzeko aste batzuk faltan, berak egingo du aurtengo kontsumo globalaren %56: 4.939 milioi tona, +%1,1.
IEAren arabera, Txinan, energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egin arren, ikatzaren erabilerak handitzen jarraitzen du. Azaldu duenez, hori gertatzen ari da bere elektrizitate eskaria bere barne produktu gordinarena baino erritmo handiagoan hazten ari delako pandemiaz geroztik. Hori bi faktorek eragiten dute: lehen beste erregai fosil batzuk erabiltzen zituzten zerbitzuen elektrifikazioagatik eta sektore berri batzuen behar energetikoengatik, hala nola datu zentroenak eta adimen artifizialarenak.
Txinaren atzetik, India da munduko ikatz kontsumoaren hazkundearen bigarren eragilea, aurten %5 igoko baita, 1.300 milioi tonaraino. Herrialde horrek hazkunde handia izan du aurten, baina iazkoa baino apalagoa izan da: %10 handitu zen 2023an. Kontsumo globalaren %15 berea da.
Dena den, azken urteetan Asia hego-ekialdekoak dira ikatzaren erabilera gehien handitu duten herrialdeak: Indonesia, Vietnam, Thailandia... Aurten %7,6 handituko dute kontsumoa, eta IEAk aurreikusi du 2027ra begira %4,6 gehituko dutela.
Horiek horrela, ekialdera egin du salto ikatz kontsumoak. Mendebaldean, aldiz, murrizten ari da. 2024an, Europako Batasunak iaz baino %12 gutxiago erreko du, eta AEBek, %5 gutxiago. Kontsumoa apaldu arren, aurreko urtean baino tamaina txikiagoan izango da: hurrenez hurren, -%23 eta -%17 murriztu zuten 2023an. Gasaren merkatzeak —bereziki AEBetan ekoiztutakoa— energia berriztagarrien ekarpen gero eta handiagoak eta industria ahulak ekarri dute ikatzaren gainbehera Mendebaldean, IEAren arabera.
%0,8Kontsumoak ez bezala, ekoizpenak goia joko du aurten: 9.068 milioi tonarekin. Iaz baino %0,8 gehiago. Baina datorren urtetik aurrera murriztuz joango da, mantso: -%0,3 datozen hiru urteetan. Txinak —munduko ekoizlerik handienak— egonkor mantenduko du bere produkzioa (+%0); IEAren arabera, erreserbak pilatuz joango direlako eta eskaria murrizten. Eta 2027an Australia munduko laugarren ikatz ekoizlea izango da, Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren aurretik.