IEAk uste du auto elektrikoen salmenta %20 handituko dela aurten

Txinan asko parekatu dira elektrikoen eta errekuntzakoen prezioak, baina ez dute uste Europan eta beste lekuetan halakorik gertatuko denik 2030 arte.

Auto elektrikoak kargatzen, Vietnamgo Hanoi hirian. LUONG THAI LINH / EFE
Auto elektrikoak kargatzen, Vietnamgo Hanoi hirian. LUONG THAI LINH / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 23a
12:20
Entzun

Auto elektrikoen salmenten igoera eten egin da Euskal Herrian, Europan eta AEBetan, baina IEA Nazioarteko Energia Agentziak uste du joera horrek ez duela iraungo. Gaur goizean argitaratutako txostenean, IEAk iragarri du auto elektrikoen salmenta %20 inguru handituko dela aurten, eta horren eraginez merkatu kuota %45era iritsiko dela Txinan, %25era Europan, eta %11ra AEBetan.  

IEAk azaldu duenez, 2023an hamalau milioi auto elektriko saldu ziren munduan, aurreko urtean baino %35 gehiago. Urtebetean %14tik %18ra igaro zen auto elektrikoen kuota, eta aurten %20ko muga hautsiko duela uste du. 2035erako hirutik bi izango direla uste du IEAk.

Azken hilabeteetan autogile askok ohartarazi dute auto elektrikoen eskaria moteltzen hasia dela, eta bi arrazoi aipatu dituzte horretarako: nahiko kargalekurik ez dagoela, eta, batez ere, auto elektrikoak oso garestiak direla herritar gehienentzat. Sektoreko bi ekoizle nagusiek, AEBetako Teslak eta Txinako BYDk, jakinarazi dute iazko lehen hiruhilekoan baino gutxiago saldu dutela.

«Herrialde batzuetan» jaitsierak izan direla aitortu du IEAk, baina gogorarazi du halakorik ez dela gertatzen beste batzuetan, eta Vietnam, Thailandia eta Brasil aipatu ditu. Merkatu horietan indarrez sartu dira Txinako ekoizleak, beren barne merkatuetan oso lehia bortitza dagoelako eta nonbaitera jo behar dutelako autoak saltzeko.

Txinan, prezioak parean

IEAk nabarmendu duenez, Txinan auto elektrikoen %60 jada merkeagoak dira errekuntzako motorra duten baliokideak baino. Halakorik ez da gertatzen AEBetan eta Europan: %10-50 garestiago dira, eta hori da auto elektrikoak bizkorrago hedatzea trabatzen duten arrazoietako bat. Gainera, Mendebaldean eskaintzen diren elektriko gehienak auto handiak, noranahikoak eta, AEBetan, pick-up moduko furgonetak dira, eta horiek ez daude eskuragarri herritar askorentzat.

Azken egunotan, autogile batzuek iragarri dute beren ibilgailuak merkatuko dituztela, besteak beste Teslak. Joera hori zabaldu egingo delakoan dago IEA, Txinako ekoizleak hedatzearen ondorioz, baina baita bateriak merkatu egingo direlako ere.

%60

Ibilgailu partikularra aipatzean, lau gurpildunak datoz burura Mendebaldean, baina munduko lekurik populatuenean, Asia hegoaldean eta ekialdean, bi eta hiru gurpileko ibilgailuak ere erruz daude. Indian eta Asia hego-ekialdean (Thailandia, Vietnam...) 1,3 milioi moto elektriko txiki saldu ziren iaz, eta, hurrenez hurren, merkatuaren  %5 eta %3 dute. Laguntza publikoei esker, Indian iaz saldutako trizikloen %60 elektrikoak izan ziren.

2022an, lehen aldiz, litio oinezko bateriak garestitu egin ziren (+%7) eta horrek kezka sortu zuen, baina iaz jada %14 merkatu ziren, eta bide horretan jarraituko duela uste du IEAk, teknologia merkeagoak zabaltzen ari direlako; adibidez, iaz %40ko kuota lortu zuten litioa eta burdin fosfatoa daramaten  bateriek, eta merkeagoak dira litioaz gain nikela, manganesoa eta kobaltoa darabiltenak baino. Gainera, espero du aurki izango direla eskuragarri sodio ioizko bateriak, litiorik gabekoak eta haiek baino merkeagoak.

Ondorioz, IEAk kalkulatu du 2030erako merkatu gehienetan prezio baliokideak izango dituztela errekuntzako autoek eta elektrikoek.

Kargagailuak autobus eta kamioi elektrikoentzat

Auto elektrikoak errepidean eta kalean kargatzeko zailtasuna da halako ibilgailu bat ez erosteko askok ematen duten arrazoia. Baina, IEAren arabera, kargagailuen kopurua %40 handitu zen 2022tik 2023ra, eta are bizkorrago karga lasterrekoena. Ahalegin hori, ordea, motz gera daitekeela onartu du IEAk, 2035erako gaur halako hogei beharko direla uste du, baldin eta ibilgailu astunen elektrifikazioak erritmoa hartzen badu. 2023an, autobus elektrikoek %3ko kuota lortu zuten, eta horren azpitik geratu zen kamioi elektrikoena (%1,5, Europan). Baina haien CO2 emisio estandarrak estutzen ari dira agintariak, eta horregatik espero da 2035erako gaur halako zazpi autobus elektriko eta gaur halako 30 kamioi elektriko izango direla. Horrek ezinbestean eskatzen du kargalekuak ugaritzea.   

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.