IEAk ohartarazi du urtea amaitu arte petrolio eskasia egon daitekeela

Saudi Arabiak eta Errusiak merkatutik kendutakoa ez dute guztiz bete AEBek, Brasilek eta Iranek

Iker Aranburu.
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Berri txarrak iritsi dira astea joan eta astea etorri beren ibilgailuak erregaiz hornitzeagatik gehiago ordaindu behar duten gidariei. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, petrolio eskasia izango da gutxienez urtea bukatu bitartean, eta horrek prezio garestiagoak ekarriko ditu. Euskal Herrian, batez beste hamahiru zentimo garestitu zen gasolioa uztailetik abuztura, eta ia beste lau zentimo iraileko lehen egunetan. Gasolina, berriz, hamabi zentimo garestitu da azken hilabete eta erdian.

IEAk lerroburuak lortu ditu aste honetan, iragarri duelako erregai fosilen erabilerak uste baino lehenago joko duela goia, hamarkada honen amaiera baino lehen, alegia. Baina une historiko hori oraindik ez da iritsi, eta IEAk kalkulatu du hurrengo hilabeteetan 2,2 milioi upel gehiago beharko direla egunean, 101,8 milioiraino. Hazkunde horren hiru laurden (1,6 milioi) Txinatik iritsiko da, nahiz eta herrialde horren suspertze ekonomikoa uste baino motelagoa den.

Eskari handiagoak bat egin du eskaintzaren txikitze batekin. Izan ere, munduko petrolio ekoizlerik handienetako bik, Saudi Arabiak eta Errusiak, iragarri berri dute urte bukaera arte luzatu dutela beren ekoizpena 1,5 milioi upel gutxitzeko erabakia. Haiek eta LPEE+ taldeko beste bazkideak bi milioi upel gutxiago ekoizten ari dira.

Zulo hori are handiagoa zatekeen baldin eta Iranek ez balu bere ekoizpena 600.000 upel handitu. LPEE karteleko kide da Iran, baina AEBek jarritako zigorrei aurre egiteko, ez du ekoizpen kuotarik.

LPEEren eta haren aliatuek ekoizteari utzi dioten horren zatirik handiena —1,9 milioi upel— karteletik kanpo daudenek merkaturatu dute, batez ere AEBen eta Brasilen eskutik.

Superabita eta erreserbak

IEAren arabera, petrolio kontsumoak gora egiten jarraituko du datorren urtean, baina erritmo motelagoan. 990.000 upel gehiago beharko dira egunean —haietako bi heren, Txinan—, 102,8 milioiraino. Eskaera hori bete ahal da baldin eta Saudi Arabiak eta Errusiak bere murrizketak amaitzen badituzte. Horrek superabita ekar dezakeela onartu du IEAk, baina ohartarazi du agian ez duela merkatzerik ekarriko, herrialde batzuek aurten hustutako erreserbak betetzeko balia dezaketelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.