Material kritikoak

IEAk ohartarazi du ez dagoela mineral nahikorik energia trantsiziorako

Energia agentzia horren ustez, meategi gehiago sortu behar dira, eta ustiapena bizkortu, auto elektrikoen eta baterien eskaria betetzeko.

Hondeamakina bat, Txileko meategi batean. SEBASTIAN SILVA (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko uztailaren 11
16:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Trantsizio ekologikoa arriskuan, energia garbiak erabiltzen dituzten teknologiak ekoizteko mineral nahikorik ez dagoelako. Hala ohartarazi du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak. Erakunde horrek, mineral horien merkatuari buruz egin duen lehen txostenean, kalkulatu du beharrezkoa izango litzatekeela besteak beste kobrearen, nikelaren, litioaren eta kobaltoaren ekoizpena 2022koa halako 3,5 izatea 2030erako. Hori egingo ez balitz, ezinezkoa izango litzateke berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzea.

IEAren arabera, gaur egungo meategiekin eta datozen urteetan martxan jarriko direnekin, bolumena bikoiztu ahal izango da hurrengo hamarkadaren hasierarako, eta hori baliagarria izango litzateke gobernuek trantsizio energetikorako banaka hartu dituzten konpromisoak betetzeko, baina ez litzateke nahikoa izango 2050ean karbono dioxidoaren zero emisioen helburua betetzeko.

IEAren ustez, ustiapena bizkortu beharko litzateke, batez ere ibilgailu elektrikoen eta energia biltegiratzeko baterien eskaria betetzeko. Azken bost urteetan, mineral kritiko deiturikoen eskaerak bikoiztu egin dira: 290.000 milioi eurorenak izan ziren 2022an. Eta energiaren sektorea izan da mineral horien kontsumoa handitu izanaren arrazoi nagusia. Litioaren eskaera hirukoiztu egin da; kobaltoarena %70 handitu da, eta nikelarena, %40.

Energia garbietarako teknologiek munduko litio ekoizpenaren %56 kontsumitu zuten 2022an (2017an %30 izan zen), kobaltoaren %40 (duela bost urte baino 17 puntu gehiago) eta nikel ekoizpenaren %16 (sei puntu gehiago). IEAren arabera, dinamika horrek segitu egingo du datozen urteetan, energia garbien teknologien produkzioak hazten jarraituko duelako. Aurten, eguzki fotovoltaikoak %30eko hazkundea izan du, eolikoak %70ekoa, eta ibilgailu elektrikoen ekoizpenak, %30ekoa.

Txinaren monopolioa

Aurreikuspen eta eskariek nabarmen egin dute gora 2021. eta 2022. urteetan; iazko bigarren erdialdetik joera hori moteldu egin bada ere, mineralen prezioak batezbesteko historikoen oso gainetik daude oraindik. Horrek izan dezake alde on bat, IEAren arabera: meatze berriak eraikitzen lagun dezake.

Fatih Birol IEAko zuzendariak «pozgarritzat» jo du merkatuaren hazkunde azkarra, trantsizio energetikoa gauzatzeko «erabakigarria» delako, baina, aldi berean, erronka handiak daudela esan du: «Askoz gehiago egin behar da mineral estrategikoen hornikuntza kateak seguruak eta iraunkorrak izan daitezen».

Gogoratu du azken hiru urteetan ez dela ia aurrerabiderik izan mineral horiek erauzten dituzten herrialdeen kopuruan, eta are gutxiago horiek fintzen dituztenenean. Birolek ohartarazi du Txinak ia erabateko monopolioa duela horretan, eta horrek asko kezkatzen dituela munduko gainerako industriak.

Erreportajea. Lehengaien kluba, Txinaren monopolioa amaitzeko

Iaz, gainera, Txinatik esportatu zen mundu osoan kontsumitutako grafitoaren eta lur arraroen %70 inguru, eta han prozesatzen da kobrearen %40 baino gehiago, litioaren %60 baino gehiago, kobaltoaren ia %5, lur arraroen %90 inguru, eta grafitoaren %100. Aurreko astean, Txinak iragarri zuen galio eta germanio gutxiago esportatuko zuela; hainbat sektoretan erabiltzen dira bi mineral horiek, baina, batez ere, automobilgintzarako erdieroaleak edo txipak egiteko.

Ingurumenarekin loturiko kezkak ere agertu ditu Birolek. Ohartarazi du mineralen tona bakoitza erauzi eta tratatzeko garaian berotegi gasen emisioak izugarri handitu direla azkenengo bost urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.