IEAk ohartarazi du energia kontsumoa handitzen ari dela bero boladengatik

Iaz gehiago jo behar izan zen erregai fosiletara, aire egokiturako argindarra ekoizteko. Gas naturalak izan du hazkunderik handiena, Indian eta Txinan bereziki.

Aire girotuko gailuak, Caracasko eraikin batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Aire girotuko gailuak, Caracasko eraikin batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 24a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Zenbat eta bero handiagoa, orduan eta energia premia handiagoa beroari aurre egiteko. Eta zenbat eta energia gehiago produzitu, orduan eta karbono isuri gehiago, eta bero bolada luzeagoak. Gurpil zoro horretan eroria da munduko energia kontsumoa. Energiaren Nazioarteko Agentziaren (IEA) arabera, munduko energia gosea ohi baino handiagoa izan zen iaz, beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili behar izan baitzen, aire girotuan eta antzeko teknologietan.

Hala azpimarratu du IEAk urtero argitaratzen duen txostenean. Zehazki, energia kontsumoaren ondoriozko berotegi gasen isuriak %0,8 handitu ziren iaz, eta munduko energia eskaria, berriz, %2,2 —aurreko hamarkadan %1,3 izan zen batez beste—.

Energia agentziaren arabera, beroari aurre egiteko teknologiez gain, beste bi «egiturazko arrazoik» azaltzen dute energiaren eskaria handitzea, eta bereziki argindarrarena: auto elektrikoen hedapena eta datu zentroena.

«Ziurra dena da elektrizitatearen erabilera azkar handitzen ari dela, eta horrek bereganatu egiten duela energiaren guztizko eskaria, eta hori nahikoa dela ekonomia aurreratuetan urte batzuetan gertatu den energia kontsumoaren murrizketa iraultzeko», nabarmendu du Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak.

Gasa eta ikatza

Energia iturriari dagokionez, 2024an munduko elektrizitate sorkuntzaren %80 berriztagarrietatik eta energia nuklearretik etorri zen. IEAk azpimarratu du 22. urtez jarraian errekor bat ezarri zela iaz energia berriztagarrien instalazioan, eta, energia nuklearraren produkzioari dagokionez, iazkoa azken hiru hamarkadetako handienetan bosgarrena izan zela. Aldiz, petrolioa energiaren eskari osoan %30etik behera jaitsi zen lehen aldiz —duela 50 urte ezarri zuen maximoa, %46koa—.

Dena den, argazki horrek badu ifrentzua. Iaz ohi baino gehiago jo zen erregai fosiletara. Energia eskari berriaren erdia baino gehiago halakoen bitartez lortu zen: %28 gas naturalarekin, %15 ikatzarekin, %11 petrolioarekin. Energia berriztagarriekin, berriz, %38 bete zen, eta gainerako %8a, energia nuklearrarekin.

Azkenengo bi horien pisu espezifikoa handitu den arren, IEAk nabarmendu du elektrizitate eskaeraren gorakadaren ondorioz gas gehiago eta ikatz gehiago kontsumitu dela, eta hori batez ere «gorabidean diren ekonomia» deiturikoetan gertatu dela; bereziki, Txinan eta Indian.

Gasaren erabilera handitu da gehien: %2,7. Eta erregai horrekin lotutako CO2 isurketak %2,5 gehitu dira. Ikatzaren erabilerak %1 egin du gora, eta horrek eragindako isuriek, %0,9. Txinako, Indiako eta Asiako hego-ekialdeko zentral termikoetan handitu da ikatzaren eta gasaren erabilera. AEBetan eta Europako Batasunean, aldiz, murriztu egin da.

Petrolioaren eskariak ere gora egin du: %0,8, baina 2023an baino mantsoago —%1,9 izan zen—. IEAren arabera, horrek pandemia ostean ekonomiak izandako errebote efektuaren amaierari zor zaio, baina baita garraioaren elektrifikazio gero eta handiagoari ere.

Horrela, petrolioarekin lotutako karbono isuriak kontsumoaren azpitik ugaritu dira: %0,3. Izan ere, erregai horren erabilera industria petrokimikora mugatzen ari da —guztizkoaren %70—, eta horrek, IEAren arabera, zentral termikoek eta garraioak baino isuri gutxiago sortzen ditu termino erlatiboetan. Hala ere, hegazkinekin loturiko emisioek %5,5 egin zuten gora iaz.

Europan ere bai

IEAk bere txostenean nabarmendu duenez, 2024ko energia eskariaren hazkunde osoaren lau bostenak gorabidean diren ekonomiek eragin dituzte. Eta hori gertatu da nahiz eta Txinaren kontsumo erritmoa moteldu egin den: %2,9an handitu da, 2023an erregistratu zenaren erdia. Indian ere hoztu egin da, baina ez hainbeste: %4,9.

Europako Batasunean ere handitu da energia eskaria (%0,5), lehen aldiz 2017tik eta 2021ean salbu —orduan, pandemia osteko susperraldiak eragin zuen hazkundea—. IEAren arabera, prezioak aurreko bi urteetan baino merkeago egoteak handitu du kontsumoa. Eta, horrekin loturik, energia berriztagarrien hedapena eta ekoizpen nuklearraren ekarpen handiagoa, bereziki Frantzian.

AEBetan, berriz, energia kontsumoa oro har %1,7 handitu zen iaz; Japonian, berriz, murriztu egin zen (-%1,2), azken urteetako joerari jarraituz.

-%2,2

Karbono isuriak EBn Berotegi gasen isuriak %2,2 murriztu ziren iaz Europako Batasunean, batez ere ikatzaren kontsumoa apaldu egin zelako (%11) eta gasarena egonkortu. AEBetan ere murriztu egin ziren CO2 isuriak, %0,5. Aldiz, gora egin zuten Indian (%5,2) eta Txinan (%0,4). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.