IEAk ez du beharrezko ikusten erregai fosiletan gehiago inbertitzea

Nazioarteko Energia Agentziak uste du petrolioaren kontsumoak 2030ean joko duela goia. Nazioarteko lankidetza handitzeko eskatu du

Petrolio ustiategi bat, Kuban. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bere bide orria berrikusi du IEA Nazioarteko Energia Agentziak, COP28ren hurrengo bilerara begira — azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitarte egingo da, Arabiar Emirerri Batuetan—. Dokumentu horretan azpimarratu du oraindik posible dela Parisko Hitzarmeneko helburuak lortzea: 2050. urterako klima neutraltasuna lortzea eta planetaren tenperatura igoera 1,5 gradura mugatzea. Eta helburu hori lor daitekeela dio petrolio hobi, ikatz meategi eta gas ustiategi berrietan inbertitu gabe. Hala ere, uste du gaur egun zabalik daudenei eutsi behar zaiela, eta onartuta dauden proiektuei ere bai, «prezioen igoera kaltegarririk» izan ez dadin.

COP28 biltzarreko eztabaida nagusietako bat izango da erregai fosilek energia trantsizioan zer eginkizun izan behar duten zehaztea. IEAren arabera, aipatutako helburua egiteko modukoa da energia berriztagarrien hazkundearen bidez. Haren kalkuluen arabera, mundu osoan teknologia horiek energia sortzeko duten ahalmena orain halako hiru izango da 2030erako, eta, horren ondorioz, erregai fosilen eskaria %25 apalduko da ordurako, eta %80 2050erako. Horretarako, mundu osoan egun inbertitzen dena halako bi baino gehiago inbertitu beharko litzateke hurrengo hamarkadaren hasierarako.

IEAren arabera, ikatza izango da hemendik 2030era gehien murriztuko den erregaia, eta, ondoren, petrolioa. Uste du haren kontsumoak 2030a baino lehen joko duela goia. Gas naturalaren kontsumoa, berriz, motelago apalduko da, hiru arrazoirengatik: industrian gehiago erabiltzen delako, sistema elektrikoaren euskarri gisa erabiltzen delako berriztagarriak eta nuklearra eskari guztiari erantzuteko nahikoa ez direnean, eta hidrogenoa sortzeko erabiltzen delako.

Energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena handitzearekin batera, IEAk espero du 2030ean matrikulatutako hiru ibilgailutik bi elektrikoak izango direla. Eta etxe, enpresa eta eraikin publikoetan asko zabalduko direla bero ponpak— edo aerotermia sistemak—, gas galdaren, galdara elektrikoen eta beste erregai fosil batzuk erabiltzen dituztenen ordez. Uste du litekeena dela berokuntza sistema horren salmentak %20 igotzea urtero hemendik 2030era— mundu osoan %11 handitu ziren iaz, %30etik gora Europako Batasunean. Halaber, espero du energiaren sektoreko metano isurketak %75 apaltzea.

Erritmo ezberdinak

IEAk gobernuei dei egin die energia berriztagarrien aldeko prozesua bizkortzeko, eta inbertsioak handitzeko; batez ere, «errenta ertain eta apaleko herrialdeetan». «Ekonomia aurreratuak eta Txina prest daude [emisioak murrizteko] helburua lortzeko, baina politika indartsuagoak eta nazioarteko laguntza handiagoa behar dira garabidean dauden herrialdeentzat». Erakundeak ez du ezkutatzen «nazioarteko tentsio gero eta handiagoek» ezbaian jar dezaketela xede hori. Fatih Birol IEAko zuzendariak gobernuei eskatu die gatazka geopolitikoak eta klimaren helburuak bereizteko eta nazioarteko lankidetza handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.