Ondo bidean, 2025eko ekainerako ezarriko da IBMren azken belaunaldiko ordenagailu kuantikoa Donostiako Ibaetako campusean, propio harentzat egiten ari diren eraikinean. Lanak geldirik egon ziren hilabete batzuetan, Murias eraikuntza enpresaren finantza arazoengatik, baina, behin obrei berriz ekinda, aurreikusitako epeak betetzea posible izango dela dirudi, 2025eko bigarren erdirako espero baitzen ordenagailua. Basque Quantum BasQ estrategiaren zuzendari zientifiko Javier Aizpuruak eman du albistea gaur, Gipuzkoak teknologia kuantikoen inguruan abiatuko duen estrategiaren aurkezpenean.
Gipuzkoa Quantum Hub izeneko estrategia horrekin anbiziotsuak izan nahi dutela azaldu du Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. Izan ere, nahi dutena zera da, 2027. urterako Gipuzkoa Europako teknologia kuantikoen garapenaren erreferentzia nodo nagusietako bat izatea, IBMren ordenagailuaren etorrerak emandako bultzada baliatuz. Insaustiren arabera, xedea izango da «teknologia kuantikoen garapenarekin eta aplikazioarekin lotutako proiektu bat duten ekintzaileak, start up-ak, ikertzaileak eta enpresa teknologikoak sortu eta erakartzea».
«Urrea balio du ordenagailu hau hemen izateak», esan du Aizpuruk. Insaustik, bestalde, azpimarratu du aukera hori ezin dela alferrik galdu: «Ez da azpiegitura garrantzitsu bat soilik; hartarako sarbideak urrea balio du, baina baita azpiegitura hori erabiltzeko ezagutzak, gaitasunak izateak ere. Azken finean, zertarako izan Ferrari bat, hura gidatzen ez badakigu».
Enpresa azeleragailua
Batez ere, teknologia kuantikoei lotutako balio katea eta ekintzailetza garatu nahi ditu aldundiak egitasmo horren bidez. Horretarako sortu du, BIC Gipuzkoarekin lankidetzan, QuBic Accelerator programa, enpresen azeleragailu bat, zeinak oinarri hartuko duen orain arte lurraldean teknologia kuantikoetan egin den lana, inguruko zein nazioarteko enpresa proiektu berriak azeleratzeko. Enpresa horiek punta-puntako ordenagailuetarako sarbidea izango dute.
Insaustik azaldu duenez, Gipuzkoako Aldundiak hiru milioi euro baino gehiago erabili ditu jada teknologia kuantikoen garapenerako 2021-2023 bitartean. Horren emaitza izan dira ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan egindako 11 proiektu eta enpresa arloan egindako beste 23 proiektu.
Sei munduan
Donostiakoa seigarrena izango da IBM munduan ezartzen ari den punta-puntako ordenagailu kuantikoen zerrendan. Franhuhoferren (Alemania) eta Tokion (Japonia) jarri ziren lehenak, 2021ean, eta iaz iritsi ziren beste bi, Clevelanden (AEB) martxoan, eta Quebecen irailean. Aurten Seulen (Hego Korea) ezarriko da bosgarrena. Donostiakoa hurrengo urtean dator, eta batez ere materialen inguruan lan egingo du, Tokiokoaren ildo bertsutik.