Soslaia. Iñaki Garcinuño

Ibilbide laburreko igoera Cebeken

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
I ñaki Garcinuñoren esku utzi du 20 urteko agintaldia Jose Maria Vazquez Eguskizak Bizkaiko patronaleko lehendakari ohiak. Urte hasieran adierazi zuen kargua utziko zuela, eta orduz geroztik, haren ordezkoa hautatzeko prozesua hasi zen patronalean. Garcinuñorena izan da aurkeztu den hautagaitza bakarra, eta «gehiengo izugarriz» aukeratu dute Cebekeko lehendakari, Francisco Javier Aspiazu idazkari nagusiaren esanetan.

Enpresa munduan ibilbide luzea izan du Garcinuñok. Banco de Vasconian egin zituen lehen urratsak, eta 1996. urtean Garcinuño Comunicacion Grafika familiako enpresan hasi zen beharrean. Hiru urtean lantegiko kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen, bere bi lehengusurekin batera. 2008an urrats bat gehiago egin, eta Bizkaiko arte grafikoen elkarteko presidente izendatu zuten. Espainiako enpresa grafikoen federazioko zuzendaritzako kide ere bada 2012ko abenduaz geroztik. Cebeken izan duen ibilbidea laburragoa izan da, baina oparoa. 2009an zuzendaritzan eta batzar eragilean sartu zen, eta atzoz geroztik, lehendakari izango da lau urterako.

Epe horretan erronka handiak izango ditu, eta hala uste du berak ere. «Etorkizunerako urte erabakigarriak izango dira», esan du. Horien artean negoziazio kolektiboaren gatazka dago gori-gori. «Deitzen dituzten mahai guztietara joango gara», esan du. Alde horretatik, lan erreformaren legea betetzeko eskatu die sindikatuei: «Orain arte guk legea bete dugu, eta eurei ere gauza bera eskatzen diegu». Beraz, orain arteko ibilbideari jarraipena emango dio patronalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.