Aurten 50 urte bete dira Ibermatica informazio eta komunikazio teknologien zerbitzu enpresa sortu zenetik, eta Donostiako Kursaalean egindako urterurreneko ekitaldian Ibermatica fundazioaren sorrera iragarri dute. Jose Luis Manzanares Ayesa taldeko kontseilari ordezkariak aurkeztu du fundazioa, eta berrikuntza, formakuntza eta enplegua bultzatzeko helburua izango duela adierazi du.
600 gonbidatu inguruk hartu dute parte urteurreneko ekitaldian; bertan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetako, enpresetako eta finantza munduko ordezkariak izan dira. enpresak adierazi du Ibermatica funtsezkoa izan dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako informatika aholkularitza indartzeko, baita finantza eta industria sektoreen digitalizazioan ere.
Ibermatica Donostian sortu zen, 1973an, eta iazko abenduan Ayesa Sevillako (Espainia) enpresa taldeak Ibermaticaren %100 erosi zuen, eta Kutxabank taldetik atera ondoren. Guztira ia 12.000 langile ditu, eta iaz 640 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua Kursaalean izan da, eta Ibermatica Araba, Bizkai eta Gipuzkoan errotuta dagoen enpresa bat dela adierazi du, baita modernizazioan laguntzen duela ere: «50 urteko ibilbidean, Ibermaticak ausarten urratsak egin ditu, nazioartean izan duen hedapena esaterako, betiere eraldaketa digitalean oinarrituta».