International Airlines Groupek (IAG) gasolina bota dio Espainiaren langabeziaren suari. Atzo iragarri zuen Iberian 4.500 langile kalera botako dituela; langile guztien %22, hain zuzen ere. Hegaldi ez-errentagarriak ere murriztu nahi ditu; bestela, Iberiaren iraupena arriskuan dagoela uste baitu. Goizegi da jakiteko Iberiaren berregituraketa planak Hego Euskal Herrian zein eragin izango duen ikusteko, baina oso litekeena da kaleratze batzuk gertatzea eta hegaldiak murriztea.
IAGk abian jarri nahi duen erregulazio espedientea aspaldiko handienetako bat da. Derrigorrezkoa dela dio konpainiak, egunero 1,7 milioi euro galtzen baititu. «Iberia irauteko ari da borrokan, bere merkatu guztietan ari baita dirua galtzen», ziurtatu du Rafael Sanchez Lozano kontseilari ordezkariak. Urteko lehen bederatzi hilabeteotan 262 milioi euroko galera izan du Iberiak. AIGren beste atalak, British Airwaysek, 286 milioi irabazi ditu aldi horretan. Iberiako sindikatuek salatu izan dute IAGk British Airwaysen alde egin duela, enpresa espainiarraren kaltetan.
Fusioaren ondoren, IberiakHego Amerikarako hegaldiak bultzatu nahi izan ditu, Europa barruko asko BAren esku utzita. Baina merkatu hartan ere lehiakide indartsuagoak sortu zaizkio, Txileko eta Brasilgo konpainiek eratutako Latam Airlines, esaterako. Lehiakide merkeagoak sortu zaizkio Espainian ere, Ryanair nagusiki.
Negoziazio zailak
Enpresak urtarrilaren 31ra arteko epea eman du plana hitzartzeko, baina dagoeneko ohartarazi du ez dituela puntu nagusiak negoziatzeko. Are gehiago, adostasunik ezean, «neurri erradikalagoak» hartuko dituela iragarri du, baina ez ditu zehaztu. Lurreko 3.031 langile, kabinetako 932 eta 537 pilotu kendu nahi ditu konpainiak, «gainontzeko 15.500 lanpostuak salbatzeko». Enpresan geratzen diren langileek ere egin beharko dituzte sakrifizioak, sindikatuen arabera haien soldatak %25 eta %30 artean gutxitu nahi dituztelako.
Sindikatuek oso haserre hartu dituzte zuzendaritzaren proposamenak. «Kudeaketaren hutsak langileen bizkar jarri nahi dituzte», salatu dute CCOO, UGT eta Sepla pilotuen sindikatuak. Urte bukaera nahasia espero da aireportuetan.
Europako beste aire konpainia handiak ere txikitzen ari dira krisiari eta kostu txikiko konpainiei aurre egiteko: Lufthansak 3.500 langileren kaleratzea iragarri du, eta Air France-KLMk 5.120 lanpostu kenduko ditu. Egoera oso bestelakoa da Ryanairren. Erregai kostuak %34 handitu arren, eta segurtasun arazoak izan arren, %10 handitu ditu bere irabaziak azken sei hilabeteotan.
Iberiak 4.500 langile bota nahi ditu kalera, «irauteko»
Egunero 1,7 milioi galtzen dituela argudiatu du lantaldea eta hegaldiak gutxitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu