Iberdrolak Repsolen kontra zuriketa ekologikoagatik aurkeztutako demanda ez dute aintzat hartu

Erabakian, auzitegiak ez du ikusten Repsolek lehia desleiala dakarren publizitate engainagarririk edo legez kontrakorik egin duenik.

Repsolen gasolindegi bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Repsolen gasolindegi bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 25a
12:25
Entzun

Bi enpresen artean zuriketa ekologikoagatik Espainian zabaldutako lehen auzibidea eten egin da oraingoz, Santanderko 2. Merkataritza Auzitegiak ez baitu aintzat hartu Iberdrolak Repsoli lehia desleiala leporatuz jarritako demanda.

Argindar konpainiarik handienak iaz jo zuen petrolio konpainiaren kontra, 2023. urtean Repsolek bere webgunean zabaldutako hamabost mezurengatik eta hiru publizitate kanpainengatik. Haietan, Repsolek jasangarritasunaren inguruko propaganda egin zuen, nahiz eta, Iberdrolaren ustez, «Repsolen produktu anitzeko eskaintzak erregaien erabilera sustatzea duen helburu».

Era berean, Iberdrolaren arabera, Repsol «jasangarritasunean zentratzen ari zen, nahiz eta hori elementu oso txikia den haren jarduera guztietan».

Azaroan egindako epaiketan, Repsolek bere estrategia defenditu zuen, trantsizio ekologikorako dituen asmoetan oinarrituta, «helburu bakarrarekin: gizartea eskatzen dituen ondasun eta zerbitzuak eskaintzea, prezio lehiakorrean, ahalik eta karbono aztarna txikiena sortuta, eta hornikuntza bermatuta». Horrekin batera, Repsolek azpimarratu zuen azken bost urteetan energia anitzeko konpainia bilakatu dela.

Ezaguna kontsumitzaileentzat

Erabakian, auzitegiak ez du ikusten Repsolek lehia desleiala dakarren publizitate engainagarririk, legez kontrakorik edo desleialik egin duenik.

Auzitegiak erabaki du ez duela aintzat hartuko Iberdrolaren demanda, ez delako egiaztatu Repsolen publizitateak gaizki-ulerturik eragin dezakeenik konpainiaren izaerari buruz, zeina «gaur egun energia anitzetan aritzen den konpainia bat den, baina funtsean eta tradizioz petrolioan oinarritutakoa».

Epaiaren arabera, Espainiako kontsumitzaile ia guztiek ezagutzen dute Repsol, eta gasolindegiekin eta erregai salmentarekin lotzen dute: «Eta azaldu beharrik ez dago jarduera horrek nolako kaltea egiten dion ingurumenari».

Esan du, era berean, Repsolek ez duela sekula ingurumenari buruzko alegaziorik egiten, «baizik eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoari buruzkoak».

Bi aldeek errekurtsoa jar dezakete epaiaren kontra Kantabriako Auzitegi Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.