Oraingoz atzeratu egingo du. Noticias de Navarra egunkariak kaleratu duenez, Iberdrolak gerarazi egingo du Azkoienen eraikitzekoa den planta fotovoltaikoa. Taldeak argudiatu du argindar tarifaren merkatzeak eragotzi egiten diela 240 milioi euroko inbertsioari aurre egitea. Hala, Nafarroako egitasmo fotovoltaikorik handiena ez da gauzatuko oraingoz.
Martxoan, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuak planta fotovoltaikoa eraikitzeko baimena eman zion Iberdrolaren menpeko Iberenova Promociones enpresari. Herriko lur komunalen eremuan, 354 hektareako azalera izango zuen eguzki parkeak. Bertan, 474.000 modulu fotovoltaiko ezarriko ziren, eta orotara 300 megawatteko potentzia izango zuen.
Iazko abenduan, Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez aukera eman zien energia berriztagarrien sustatzaileei egitasmoaren epeak luzatzeko. Iragan urtera arte, argindar sarera konektatzeko eskaera egiten denetik legez bost urteko tartea zuten egitasmoa garatzeko, eta dekretuaren ondorioz bederatzi urtera luzatu dute. Eskaera asko daudenez, zenbait hornitzailek bost urteak ez betetzeko arriskua zegoela uste zuen Trantsizio Energetikoko Ministerioak.
Datarik ez du eman
Legediak eskaintzen dion malgutasuna baliatu du Iberenova Promociones enpresak Azkoienen. Martxoan Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, maiatzean jaso zuen parkea eraikitzeko Espainiako Gobernuaren oniritzia. Orain, baina, atzeratu egingo ditu eraikitzeko obrak. Ez du datarik eman. Legeak hiru hilabeteko epea eskaintzen dio enpresari, eta hark jada egin dio bere proposamena Madrili. Datorren urtean bederen ez du eraikiko.
Azkoiengo Udalak jada eman zuen lur komunalak desjabetzeko baimena, baina obren atzerapenak aukera emango dio bederen beste hamabi hilabetez nekazariei alokairuan uzteko eta ondorioz zereala ereiteko —urria da ereiteko garaia—.
Duela hiru urte, Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu zuen egitasmoa, haren tramitazioa azkartzeko. Iberdrolaren asmoa da 40 urtez ustiatzea parkea, eta hogei lanpostu zuzen sortzea.