Iberdrolak, inoizko irabazi handienak

Konpainiak 4.803 milioi euro irabazi ditu 2023an, %10,7 gehiago. Inoiz baino diru gehiago jarri du inbertsioetan ere, 11.382 milioi euro.

IBERDROLA
Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako presidentea, Bilbon, azken akziodunen batzarrean.
Irune Lasa.
2024ko otsailaren 22a
11:40
Entzun

Errekorreko beste urte bat izan da iazkoa Iberdrolarentzat. Argindar konpainiak 4.803 milioi euroren etekin garbiekin itxi du ekitaldia, hots, aurreko urtean baino %10,7 gehiago irabazita.

Trantsizioa abiada hartuz doala, Iberdrolak bere inbertsioak ere handitzen jarraitzen du, eta iaz inoiz baino gehiago jarri du horretan, 11.382 milioi euro (+%6). Inbertsioen helburuak bi dira, nagusiki: argindar berriztagarria ekoizteko ahalmena handitzea eta banaketa sareen azpiegitura hedatzea.

5.000 milioi euroko inbertsioarekin, iaz 3.250 megawatt berriztagarri gehitu ditu berera Iberdrolak, horien %60 itsasoko haize errotetan eta energia hidroelektrikoan. Gauzak horrela, Iberdrolak berriztagarrietan 42.187 megawatteko ahalmen instalatua du munduan —62.883 MW beste argindar iturriak gehituta—.

Berriztagarrietako proiektu handienetan, Iberdrolak azpimarratu du nola bukatu duten Sant Brieg-eko (Bretainia) itsasoko parke eolikoa, eta nola urtarrilean hasi duten argindar ekoizpena Vineyard Winden, AEBetako itsasoko lehen parke eolikoan.

Sareetan, berriz, aktiboen balioa %8 handitu du, 42.210 milioi euroraino. Konpainiak 1,3 milioi kilometro argindar sare ditu mundu zabalean, «eta milaka azpiestazio elektriko».

25 milioi egunero, zergatan

«Dibidendu soziala» deitzen dion atalean, Iberdrolak zergatan, enpleguan eta karbono isurietan izandako bilakaerak laburbildu ditu. Argindar konpainiaren arabera, 9.300 milioi euroko ekarpena egin du iaz zergatan, %24 gehiago. «Horrek esan nahi du egunero 25 milioi euro» direla, gaineratu du. Espainian izan du Iberdrolak «zerga presio handiena», 3.482 milioi euro ordainduta, %35 gehiago. Kopuru horrekin haserre azaldu da Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidentea, eta azaldu du 2023an diru gehiago joan zaiola Espainian pagatutako zergatan, konpainiak herrialdean izandako pertsonal, mantenu, operazio eta finantza gastuetan baino.

Sanchez Galanek aipatu du 40 zerga desberdin pagatzen dituztela: hemezortzi Espainiako Gobernuak jarritakoak eta beste hainbat autonomia erkidegoenak. Baina batekin bereziki asaldatuta azaldu da, eta ez da lehen aldia: energia konpainien ezohiko irabazien gainekoarekin. Haren ustez, zerga horrek  «ez du inolako zentzurik», enpresaren irabaziak beharrean, haren diru-sarrerak zergapetzen dituelako. Modu horretako beste zergarik inon ez dagoela ziurtatu du, eta eragiten duela Espainia ez izatea «leku erakargarria» inbertsioak egiteko.

2023ko ekitaldiarengatik guztira 0,550 euro jasoko ditu Iberdrolaren akzioak dibidendutan.

Azken ekitaldian 4.700 langile gehitu ditu Iberdrolak bere taldera, eta guztira 42.300 bat behargin ari dira orain lanean konpainian.

Karbono isuriei dagokienez, Iberdrolak esan du Europan argindar ekoizpenean bere isuriak 55 gramokoak direla kilowatt-orduko, sektoreko batezbestekoa baino %80 txikiagoak.

Dibidenduan igarriko dira Iberdrolaren emaitza onak, akzioko 0,348 euroko sari osagarria onartzekoa baita konpainiaren administrazio kontseilua. Urtarrilean jada 0,202 euroko dibidendua izan zuen akzioak, eta, beraz, guztira 0,550 euro jasoko ditu akzioak dibidendutan, aurreko urtean baino %10,8 gehiago.

Aurreikuspenak

Gainbalioak alde batera utzita, irabazi garbietan %5 eta %7 arteko hazkundea aurreikusten du Iberdrolak 2024rako. Lurrean 2.000 MW berriztagarri berri instalatu nahi ditu, eta egun jada eraikitzen ari den itsasoko haize erroten lanekin jarraitu. Ekoitzitako argindarraren %100 salduta edukitzea ere nahi du, aseguratutako prezioekin. Ekitaldi berrian, aurrekoan bezala, dibidendua etekina adina handituko dela ere iragarri du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.