Munduko elektrifikazio olatuaren aparretan dabil Iberdrola, eta iaz ere hobetu egin ditu aurreko urteko emaitzak. Bilboko argindar konpainiak 5.612 milioi euroren etekin garbiak izan ditu, 2023an baino %16,8 gehiagokoak.
Horiek horrela, 90.000 milioi euroko merkatuko kapitalizazioa izanik, Iberdrola da Europako energia zerbitzu publikoetako enpresa handiena, eta munduko hiru handienen artean dago. Konpainiak 158.000 milioi euroren aktiboak ditu.
Lortutako gainbalio ia guztiak erregai fosilen bidezko argindar sorkuntzan desinbertitzeko baliatu ditu konpainiak, batez ere Mexikoko ziklo konbinatuko zentraletan. Inbertsioetan dirutza jarri du Iberdrolak, eta hori igarri egin da emaitzetan.
Guztira 17.000 milioi euroren inbertsioak egin ditu, aurreko urtekoak halako bikoak. Kopuru horren parterik handiena, %70, AEBetan eta Erresuma Batuan erabili du; besteak beste, 5.000 milioi euro jarri ditu AEBetako Avangrid konpainia osoaz jabetzeko eta Erresuma Batuko ENW Electricity North West argindar konpainia erosteko.
Apustua sareetan
Inbertsio organikoak 12.000 milioi eurokoak izan dira, eta horietatik ia guztiak (11.200 milioi) sareetan egin ditu —%54 AEBetan eta Erresuma Batuan—.
Izan ere, argindar eskaria dago iazko emaitza ikusgarrien oinarrian, mundua elektrifikatzen ari den honetan sare elektrikoek duten garrantzia. Iaz, %1,9 elektrizitate gehiago banatu zuen Iberdrolak bere sareen bitartez (238.164 gigawatt-ordu). Horregatik, taldeak asmoa du sareetan apustu sendoa egiteko aurrerantzean ere.
%15Dibidendua. Emaitza onak ikusita, aurtengo dibidendua akzioko 0,231 euro gehiagokoa izatea proposatuko du administrazio kontseiluak. Hala, Iberdrolak akzioko 0,635 euro banatuko ditu aurten dibidendutan, 2023an baino %15 gehiago.
Berriztagarrietan, bestalde, 5.500 milioi euroren inbertsioak egin ditu Iberdrolak, 2.600 megawatt gehiago ekoitzi eta, hala, 40.000 megawattera iristeko. Gaur-gaurkoz, konpainiak 9.200 milioi euro ditu bere balantzean aurten eta 2026an martxan jarriko diren proiektuen eraikuntzan.
Iazko ekitaldian, Ignacio Sanchez Galan buru duen konpainiak guztira 10.300 milioi euroren zergak pagatu ditu jarduten duen herrialdeetan, aurreko urtean baino %7,5 gehiago. Espainian, 4.300 milioi euro ordaindu ditu.