Iberdrolak 5.471 milioi euro irabazi ditu irailera arte, iaz baino %50 gehiago

Konpainiak inoizko inbertsiorik handienak egin izanak bultzatu du mozkinen handitzea, eta desinbertsioek ere lagundu dute emaitza horietan. Horiek horrela, errekor bat ezarrita itxiko luke urtea energia enpresak.

Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrola dorrea, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2024ko urriaren 23a
10:55
Entzun

Iberdrolaren irailera arteko emaitzek hauspotu egin dute Espainiako Gobernuak energia enpresei ezarri dizkien zerga bereziak betikotzeari buruz piztutako eztabaidaren sua. Egoitza nagusia Bilbon duen energia enpresa horrek iaz baino %50,4 gehiago irabazi baitu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan: 5.472 milioi euro guztira.

Iberdrolak adierazi du 12.300 milioi euroren inbertsioak egiten ari dela aurten, kopuru errekorra, eta horrek lagundu diola mozkinak handitzen. AEBetan eta Erresuma Batuan egin ditu inbertsio horiek batez ere. Halere, irabazien zati bat Mexikoko aktiboen salmentari esker lortu duela ere nabarmendu du enpresak, 1.165,2 milioi euro eskuratu ditu denera horiei esker. Hain justu, Bilboko enpresak esan du irabazi garbia %14,8koa litzatekeela aldagai hori aintzat hartu gabe (4.305,5 milioi).

Horiek horrela, ustiaketa gordinaren emaitza edo EBITDA —interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabazia— %23 handitu du irailera bitarte, 13.269 milioi euroraino. Urtea datu horiekin amaituz gero, inoizko emaitzarik onena eskuratuko luke aurten Iberdrolak, irabazietan errekor bat ezarrita, 2024an 5.500 milioi euroren irabaziak izango dituela aurreikusi baitu multinazionalak, iaz baino %14 gehiago.

Ignacio Sanchez Galan presidenteak esan du plan estrategikoan ezarritako helburuak betetzen ari direla, eta energia berriztagarriei eta zuntzari lotutako inbertsioak azkartzeko eta handitzeko nahia agertu du.

Zerga, eztabaidagai

Azken orduetan agenda politikoaren lehen lerroan kokatu da energia enpresa handiei eta bankuei ezarritako zerga berezia betikotzearen inguruko eztabaida. Espainiako Kongresuak aurki erabaki beharko baitu iaztik martxan den zerga hori betiko luzatuko duen edo eten egingo duen.

Bada, luzatzeko erabakia hartuz gero kudeaketa foru ogasunen esku uzteko eskaera egin zuen atzo Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Izan ere, aldi baterako tasa bat da egun, eta Madrilek biltzen du oso-osorik. Pradalesek bat egin du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak egindako kritikarekin, eta kritiko azaldu da zergaren ereduarekin ere, uste baitu ez dela bidezkoa salmentak zergapetu ordez irabaziak zergapetzea. Hala, zerga nahierara kudeatu eta arautzeko eskumena aldarrikatu du lehendakariak, energia enpresa horiek batez ere Bizkaiko ekonomian duten pisua aintzat hartuta.

Hitz gordinak erabili ditu Imazek zergaren aurka. Zerga hori iraunkor bihurtzea populismoa litzatekeela esan du, eta inbertsioetan eragina izango duela ohartarazi du beste behin. Antonio Garamendi CEOE Espainiako enpresarien elkarteko presidenteak ere ohartarazi du «milioi askoko» inbertsioak «kolokan» jarriko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.