Iberdrolak 4.134 milioi euro irabazi ditu sei hilabetean

Iaz epe berean lortu zuen baino %64 gehiago da. Zergetan %20 gehiago ordaindu du.

Iberdrolaren egoitza, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrolaren egoitza, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 24a
12:00
Entzun

Urteko lehen erdian 4.134 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu Iberdrolak, iazko epe berean baino %64 gehiago, eta iaz urte osoan lortu zuenetik gertu —4.800 milioi irabazi zituen—.

Bilbon egoitza duen energia konpainiak azaldu duenez, irabazi horien zatirik handienak Mexikoko aktiboen salmentei dagozkie, eta AEBetako eta Brasilgo negozioei. Mexikoko salmentak 5.400 milioi eman dizkio konpainiari, eta 1.165 milioiko gainbalioa.

Ustiapeneko emaitza gordina 9.613 milioi euro izan da, 2023ko lehen seihilekoan baino %27 handiagoa.

Energia konpainia horrek gastuak handitu ditu, eta azpimarratu du urtarriletik ekainera zergetan %20 gehiago ordaindu duela: 5.300 milioi euro. Horretan eragina izan du Espainiako Gobernuak energia konpainia eta banku handiei jarritako zerga bereziak.

Inbertsioak ere gehitu ditu: %16; 5.276 milioi euro guztira. Horien %56 AEBetarako eta Erresuma Baturako dira, %19 Iberiar penintsularako, %15 Latinoamerikarako, eta %10 Europako beste herrialde batzuetarako eta Australiarako.

Berriztagarri gehiago

Konpainia elektrikoak nabarmendu duenez, lehen seihilekoan energia berriztagarriaren ekoizpen marka hautsi du, batez ere hidraulikoaren ondorioz. Zentral horiek iazko aldi berean baino %50 gehiago produzitu dute aurten.

Gainera, taldeak 3.100 megawatt (MW) berri instalatu ditu urteko lehen erdian; horietatik 800 MW errota eolikoak dira, iazko epe berean baino %60 gehiago. Guztira, energia berriztagarria ekoizteko 43.400 MW baino gehiago ditu instalatuak munduan.

Zorra 45.153 milioi euro da, eta 2.679 milioi euro murriztu du, 2023ko abenduarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.