Iberdrolak 2.075 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz epe berean irabazi baino %36 gehiago. Multzo osoaren zenbakiak dira, eta, enpresaren arabera, toki guztietan handitu ditu mozkinak, Espainian izan ezik. Han sartzen du Iberdrolak Hego Euskal Herriko bere negozio eremua. Alde horretatik, Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak ukatu egin du «ezohiko irabaziak» izan dituztela energia krisiarengatik. «Nik dakidala, Europan, gasa eta petrolioa saltzen duten energia konpainiak ari dira irabaziak eskuratzen, ez konpainia elektriko integratuak».
Galanen hitzek helburu garbi bat dute, Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoei ezarri nahi dien zerga auzitan jartzea, eta nabarmendu du elektrikoen eta erregai fosilen kasua «ez dela berbera». Izan ere, Espainian lorturiko irabaziek %26 egin zuten behera, Iberdrolaren arabera, energiaren prezioa garestia ez delako oso-osorik txertatu kontsumitzaileei «aurretik zehazturiko tarifen eraginez». Eta zenbat irabazi zuen Espainian? 953 milioi euro, mozkin guztien %95.
Baina Iberdrola mundu osoan lan egiten duen konpainia bat da, eta negozio emaitza orokorrak oso onak izan ditu. 2.075 milioi euro irabazi ditu, betiere konpainiaren arabera, AEBetako, Erresuma Batuko eta Brasilgo negozioei esker. Datu onei esker, %6,4 irabazi gehiago banatu ditu akziodunen artean. Konpainiak 24.430 milioi euroren diru sarrerak izan zituen; beraz, %8,5eko irabazi marjina du. Konpainiaren arabera, 25.000 milioi euroko diru poltsa bat du, eta 41.000 milioi euro zor ditu eskaturiko maileguengatik.