Iberdrolak 2.075 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz epe berean irabazi baino %36 gehiago. Multinazional osoaren zenbakiak dira, eta, enpresaren arabera, herrialde guztietan handitu ditu mozkinak, Espainian izan ezik. Han sartzen du Iberdrolak Hego Euskal Herriko bere negozio eremua. Alde horretatik, Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak ukatu egin du «ezohiko irabaziak» izan dituztela energia krisiarengatik. «Nik dakidala, Europan, gasa eta petrolioa saltzen duten energia konpainiak ari dira irabaziak eskuratzen, ez konpainia elektriko integratuak. Guk ez dugu ezohiko irabazirik izan», zehaztu du.
Galanen hitzek helburu garbi bat dute, Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoei ezarri nahi dien zerga berria auzitan jartzea, eta nabarmendu du elektrikoen eta erregai fosilen kasua «ez dela berbera». Izan ere, Espainian lorturiko irabaziek %26 egin dute behera. Iberdrolak azaldu duenez, «aurrez zehazturiko tarifek» eragotzi dute energiaren prezioaren garestitzea bere osotasunean eramatea fakturetara. Espainiako Gobernuak zerga berezi bat onartu zuen energia enpresentzat eta bankuentzat duela bi aste. Energiaren garestitzeak eragindako ezohiko irabaziak zorpetzea da haren helburua.
Baina Iberdrola mundu osoan lan egiten duen enpresa bat da, eta negozio emaitza orokorrak oso onak izan dira. 2.075 milioi euro irabazi ditu, konpainiaren arabera, AEBetako, Erresuma Batuko eta Brasilgo negozioei esker. Bigarren seihilekorako aurreikuspenak ere onak dira, eta kopuru horiek errepikatzea espero du, 4.000 eta 4.200 milioi euro arteko irabaziekin.
Eta horietatik zenbat irabazi zituen Espainian? 953 milioi euro, mozkin guztien %45. Egia da iazko seihilekoan irabazitako 1.113 milioi euroak baino kopuru apalagoa dela, baina datu horiei entresaka egin behar zaie. Izan ere, Espainiako jaitsiera distribuzio sareen arloan izandako beherakadak eragin du: 414 milioitik 249 irabaztera igaro da. Bezeroak eta elektrizitate ekoizpen arloari erreparatuz gero, berriz, aurtengo sei hilekoan iazkoan baino gehiago irabazi du: 704 milioi euro guztira, iaz baino bost milioi gehiago.
Hornikuntza handia
Datu onei esker, %6,4 irabazi gehiago banatu ditu akziodunen artean —0,449 euro akzioko—. Konpainiak 24.430 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, iaz baino 5.578 gehiago, eta 14.500 erabili zituen hornikuntzarako. Azken arlo horretan ere jauzi handia egin du, iazko lehen seihilekoan 10.246 milioi euro jarri baitzituen hornikuntzarako.
Konpainiaren arabera, 25.000 milioi euroko likidezia du, eta 41.000 milioi euro zor ditu eskaturiko maileguengatik. Horietatik %75ek interes tipo finkoa dute.Zergei dagokienez, Iberdrolak 7.836 milioi euro ordaindu ditu 30 herrialdetan, eta horietatik 3.469 milioi Hego Euskal Herriko eta Espainiako ogasunek jaso dituzte.
Inbertsioen arloan, konpainiak 4.741 milioi euroren inbertsioak egin ditu lehen seihilekoan, eta %90 energia berriztagarrietarako eta sareen modernizaziorako jarri ditu. Iberdrola, halaber, lasai dago Ukrainako gerrarekin, zehaztu duenez, Iberdrolak ez duelako ez gasik, ez petroliorik inportatzen Errusiatik. Galanek, halaber, nabarmendu du petrolio eta gas konpainiak direla krisi honekin gehien aberasten ari direnak. «Europan kontsumitzen den energiaren %75 petrolio eta gasaren bitartez lortzen da. %25 baino ez da argindarra, eta, gainera, gasa erabiltzen da argindar horren zati bat ekoizteko».
Iberdrolak %36 gehiago irabazi du
2.075 milioi euroren mozkinak izan ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz baino heren bat gehiago. Sanchez Galanek ukatu egin du ezohiko irabaziak izan dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu