Urtarriletik irailera bitartean 3.637 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak, iazko epe berean baino %17,2 gehiago. Bolada horri eutsiz gero, berriro ere inoiz baino diru gehiago irabaziko du aurten. Izan ere, iazkoa inoizko irabazirik handienen urtea izan zen Bilboko enpresa horrentzat, 4.339 milioi euro irabazi baitzituen, baina aurten berriro gaindituko duela dirudi.
Azken urteetan energia enpresa handiak eta bankuak lortzen ari diren ezohiko irabaziak direla eta, Espainiako Gobernuak bi urteko zerga berezi bat ezarri zien biei 2022. urtearen amaieran, eta kexu izan ziren, gehiegizkoa zela argudiatuz. Energia enpresa handien kasuan, Espainian eta Hego Euskal Herrian lortutako irabazien %1,2 ordaindu behar izan diote ogasunari. Bada, kexu horiek ezerezean geratu dira irabaziak ikusterakoan.
Zergak, amortizazioak eta bestelakoak kontuan hartu gabe, 10.783 milioi euroren irabaziak izan ditu Iberdrolak, iaz baino %13,2 gehiago.
Enpresaren esanetan, energia berriztagarri gehiago ekoitzi eta saldu duelako handitu ditu irabaziak, baita energia gutxiago erosi duelako ere. Izan ere, Ukrainako gerra dela eta, Europako estatuek gas biltegiak goraino bete zituzten iaz, ezohiko erosketak eginez.
Azken hamabi hilabeteetan ia 11.000 milioi euro inbertitu ditu enpresak, eta energia berriztagarriaren 3.100 megawatteko potentzia gehitu dio bere ekoizpenari. Hala, Iberdrolaren zentral berriztagarriek 41.300 megawatteko potentzia dute.
Dibidenduak ere handitu egin ditu Iberdrolak, akzio bakoitzeko hogei zentimo banatuta.
Merkatu elektrikoaren erreforma
Joan den astean, Europako Batasuneko herrialdeak akordio batera iritsi ziren Europako merkatu elektrikoaren erreforma onartzeko, Frantziaren eta Alemaniaren arteko xextra gutxi gorabehera konpondu ostean.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak begi onez ikusi du erreforma, inbertsioan, merkatuaren printzipioetan eta epe luzeko kontratazioan oinarritzen baita. Erreforma "indartsua" eta "orekatua" dela uste du.
Iberdrola eta Abu Dhabi
Iberdrola Abu Dhabiko funts subiranoarekin elkartu da itsasoko haize erroten proiektuan aurrera egiteko. East Anglia 3 proiektuaren %49 saldu dio Masdarri, Mubadala funts subiranoaren filialari.
Eskoziako uretako proiektu bat da East Anglia 3, kostatik 69 kilometrora dagoena. Planean, asmoa da ehun haize errota baino gehiago eraikitzea, 1.400 megawatteko potentzia edukiko dutenak guztira. Iberdrolaren kalkuluen arabera, milioi bat etxeri argindarra emateko potentzia nahikoa izango du parkeak.
Ez da Iberdrola eta Mubadala elkartzen diren lehen aldia, Baltic Eagle Itsaso Baltikoko parke eolikoaren negozioaren %49 ere bai baitu Masdarrek.
Arazoak justiziarekin
Irabazi milioidun horiek enpresarentzat albiste onak badira ere, justiziarekin arazoak ditu Iberdrolak. Joan den astean epaiketa bat hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean enpresaren eta lau zuzendariren aurka, 2013an merkatu elektrikoa manipulatzeagatik eta argindarraren prezioak puzteagatik.
Akusatuak deklaratzen ari dira orain, eta epaiketaren fase horrek azaroaren amaierara arte iraungo du. 85 milioi euroko isuna eskatzen diote Iberdrola Generacioni, enpresaren ekoizpen filialari, eta zuzendari bakoitzari, bi urteko kartzela zigorra.