Energia

Iberdrola epaitegietan, argindarraren prezioa puztu zuela leporatuta

Konpainia eta lau zuzendari epaitzen hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionala. 85 milioi euroko isuna jaso lezake enpresak

Iberdrolako zuzendariak Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA / EFE
inaut matauko rada
2023ko urriaren 17a
11:30
Entzun

Iberdrolaren eta zuzendaritzako lau kideren aurkako epaiketa hasi da gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2013an enpresak argindarraren prezioa puztu zuela ebatzi baitzuen CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak. Baliteke 8 5 milioi euroko isuna jasotzea Iberdrolak, eta zuzendariek bi urteko kartzela zigorra; hori da Antonio Romeral fiskalaren eskaria.

Angel Chiarri, Gregorio Relaño, Jose Luis Rapun eta Javier Paradinas dira akusatuak, eta oraindik ere ardura postuak dituzte enpresaren barruan. Chiarri izan da gaur deklaratu duen lehena eta bakarra. 2013an Iberdrola Generacioneko energia kudeaketaren zuzendari zen, eta ukatu egin du enpresak argindarraren prezioa puzteko «estrategiarik» zuenik.

Prezioak automatikoki ezartzen direla adierazi du Chiarrik, eta gehitu du enpresa batek hori manipulatzeko ahalmenik ez duela. Beraz, garai horretako argindarraren prezioen igoera merkatuaren joerengatik jazo zela nabarmendu du. Bestalde, gertakarien egun horietan Iberdrolak galerak izan zituela ere esan du.

Aste batzuk iraungo du epaiketaren lehen faseak, zortzi saio izango baitira, eta, akusatuez gain, hainbat lekukok deklaratuko dute, Madrilgo San Fernando de Henares udalerrian. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren ustez, Iberdrolaren trikimailuek 107 milioi euroren kalteak sortu zituen, eta horietatik 96,7 milioi kontsumitzaileek ordaindu zituzten, eta gainontzekoa argindar merkaturatzaileek. Iberdrolak urte horretan lortutako mozkinen %3,3 da hori.

Hori dela eta, Iberdrolak eta zuzendariek hainbat akusatzaile dituzte: fiskaltza publikoaz gain, Facua kontsumitzaileen elkartea herri akusazio gisa aurkeztu da, eta Geoatlander, Axpo Iberia eta Belegi Invest, enpresa merkaturatzaileak akusazio partikular gisa.

2013ko gertakariak

Duela ia hamar urtekoak dira Iberdrolari egozten zaizkion gertakariak. Epaiketaren instrukzio fasean CNMCk eta fiskaltzak egiaztatu dutenaren arabera, Iberdrolaren argindar produkzio filialak, Iberdrola Generacionek, hainbat ibaietako zentral hidroelektrikotan energiaren prezioa puztu zuen.

2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra Douro, Sil eta Tajo ibaietako zentral hidroelektrikoetan ekoitzi behar zuen energiaren prezioa puztu zuen Iberdrola Generacionek, eguneko merkatuko prezioaren goitik, «arrazoi legitimorik gabe», fiskaltzaren arabera. Eskariaren bateratu gabe geldituta, zentralek ez zuten argindarrik ekoitzi, eta, horrela, bidea eman zen ziklo konbinatuko argindar garestiagoa sartzeko argindarraren azken prezioa ezartzen den enkantean. Horrekin, elektrizitate guztia ziklo konbinatuen prezioan ezarri zen, kontsumitzaileen eta merkaturatzaileen kalterako. Fiskaltzaren datuen arabera, egun horietan %126 garestitu zen argindarraren prezioa.

Instrukzio fasea 2015ean hasi zen, eta 2017an Guardia Zibilak eta Polizia Judizialak Iberdrolaren Bilboko eta Madrilgo egoitzak miatu zituen, eta bertan aurkitu zituzten dokumentu batzuk irakurri ostean ondorioztatu zuten enpresak bilera informal batzuetan jartzen zituela zentral hidroelektrikoetan ekoiztutako argindarraren prezioak.

Iberdrolak dio lehorte aurreikuspena izan zela zentral hidroelektriko horiek argindarrik ez ekoizteko arrazoia, aste horietan energia erosle izan zela, eta prezioen igoerek kalte eragin ziotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.