Ibarretxeren formula

Lehendakari ohiak azaldu du kulturak balio erantsi gisa funtzionatzen duela ekonomia globalean: «Lokaletik erantzun behar da».

jokin sagarzazu
Donostia
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Herrialde bat, zenbaki bat. Izan BPGarena, inflazioarena ala gastu sozialarena. Ekonomialariek gustuko dituzte halakoak, rankingak egiteko, herrialdeak definitzeko. Eta zifren atzean, formulak, eta horren itxura duten adierazpideak: I+G+b, adibidez. Horrek ere erakusten du herri bat nolakoa den. Baina batuketa hori «hobea» litzateke beste aldagai bat gehituz gero: «Kulturaren k». Horixe defendatu zuen atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean. «Gizarte global batean kokatzeko bide bakarra dago: erantzun lokala: I+G+b+K».

UEU Udako Euskal Unibertsitateak berreskuratu du 1980ko hamarkadan saiatutako egitasmoa: «ekonomista euskaldunen komunitatea biltzea, eragiteko», UEUko zuzendari Kepa Sarasolaren hitzetan. Orduan posible izan ez zena atzo biziberritu zuten, Donostian: ekonomia patriarkala, ekonomia zirkularra, robotizatzea eta beste hainbat gai jorratu zituzten, egun osoan.

Ibarretxe «doktoreari» egokitu zitzaion sarrera. Aurretik, Martin Azpilkueta XVI. mendeko ekonomialari nafarrari buruz mintzatu zen Oskar Arantzabal. Hari egozten zaio «erresuma ez da erregearena, herriak du agintea» esaldia. Haren eta Ibarretxeren ideien arteko loturak gorabehera, funtsean, 2010ean aurkeztu zuen tesian oinarritu zuen bere hitzaldia lehendakari ohiak.

Ibarretxeren arabera, egungo egoera ekonomikoaren ezaugarri nagusiak dira «justiziarik eza» eta «ustekabeak». Eta horren oinarrian dagoena da, haren ustez, «diagnostikorik eza». «Hori gabe zertarako errezetak?». Erantzun bila, Ibarretxek askotariko erakundeen kopuruak eta intelektual eta gizarte eragileen aipuak tartekatu zituen. «Desberdintasun sozialak giza eskubideen urraketa bat dira: ekonomia honek hil egiten du». Frantzisko aita santuarena, adibidez. «Esaldi hori oso berritzailea da», azpimarratu zuen.

Horri aurre egiteko, zer?: «Beste mundu bat posible da?», galdetu zuen Ibarretxek. Eta hori erantzuten saiatu zen «lagun min» zuen Jose Saramago idazleak behin esandakoak gogoan: «Kontzientzia da gakoa, eta hezkuntza: jakintzatik ulermenera egin behar da jauzia». Horretarako, nork beretik egin behar duela, «mundua Euskal Herriko leihotik ikusi» behar dela azpimarratu zuen Ibarretxek. Alegia, formula berak ez duela berdin funtzionatzen leku guztietan, kulturaren aldagaia aplikatu behar dela. Eta beste aipu bat, Manuel Castells globalizazioaren soziologoarena: «Ekonomia guztiak dira kultura».

Mundu globalizatuan nola

Gastu sozialaren defentsa irmoa egin zuen lehendakari ohiak bere hitzaldian. «Zergetan definitzen da herri baten helburua». Eta azpimarratu zuen lehiakortasuna eta ongizatea kontzeptu antagoniko gisa aurkezten dituztenekin ez dagoela ados. «Zenbakiek erakusten digute gastu sozialean gehien inbertitzen duten herrialdeak direla ekonomia hobea eta sanoagoa dutenak, eta erreskatatuak izateko behar gutxiago dutenak».

Datuak erakutsi zituen, halaber, eta azpimarratu giza garapenean eta berrikuntzaren alorrean hoberen dauden hamar herrialdeetatik gehienak «txikiak» direla azpimarratzeko —Suitza, Irlanda, Norvegia, Suedia...—, eta Joseph Stiglitz ekonomistaren hitzekin jantzi zuen hori. «Globalizazioari etekinik handiena atera diotenak dira beren etorkizunaz jabe egin direnak». Eta zenbakiak, berriro, erakusteko geroz eta estatu gehiago daudela Europan eta munduan, eta hirutik bi azken 70 urteetan sortuak direla. «Gure esku dago horretan jokatu nahi dugun ala ez».

Ibarretxek azpimarratu zuen herrialde txikietako gizarteak, oro har, homogeneoagoak direla, konpromiso handiagoa dutela berdintasunarekin, eta malguagoak direla, errazago egokitzen direla aldaketetara, berritzaileagoak direla. «Baina garrantzitsuena ez da tamaina, barruan dagoena baizik: kultura». Haren ustez, hori da globalizazioak izan duen paradigma aldaketarik nabarmenenetakoa: «Norekin dauden hautatzen hasi, eta hautatubihurtu dira herrialdeak. Eta horretan gakoa da kultura». Ibarretxeren arabera, globalizazioaren atzean dagoen ideologiak identitate nazionalak deuseztatzea du helburu. «Gure kultura alde batetara uzten badugu, ez badugu munduko plazan kokatzen, ekonomikoki eta sozialki besteen gregarioak izango gara».

Hori lortzeko, berriz, Euskal Herriak «herria eta instituzioak» dituela azpimarratu zuen. Baina ohartarazi zuen Hego Euskal Herriko autogobernu ekonomikoak—kontzertu eta itun ekonomikoak— indarrik ez dutela burujabetza politikorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.