Iazkoa urte oparoa izan du autogintzak, fakturazioa ia %10 handituta

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko Acicae klusterrak zuhur agertu nahi, eta %3,5 inguruko hazkundea iragarri du urte honetarako

Alejandro Olague, Jose Esmoris eta Isabel Anitua, Acicaeko buruak atzo. ACICAE.
Irune Lasa.
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Indartsu dago autogintzarako osagaien fabrikazioa, ahaltsu», esan zuen atzo Acicaeko presidente Jose Esmorisek, eta gaineratu zuen sektorearen hurrengo urteetarako hazkunde aurreikuspenak «interesgarriak» direla.

Baditu Esmorisek pozik egoteko arrazoiak. Autogintza klusterreko 175 enpresen fakturazioa iaz %9,7 handitu zen, 16.400 milioi euroraino, eta, hori guztia Gasteizko Mercedes lantegiaren emaitzak kontuan hartu gabe.

Acicaeko enpresetan iaz 1.438 enplegu sortu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialdeotan, beraz, 38.019 langile ari dira autogintzako enpresa batentzat lanean, iaz baino %3,9 gehiago. Nafarroan, beste 15.000 behargin ditu automobilgintzaren alorrak.

Klusterreko enpresen salmenten %60 zuzenean auto fabrikatzaileei egindakoak izan ziren, eta beste %38 lehen mailako osagaigileetara joan ziren. Salmenten %2 soilik egin ziren ordezko piezetan. Fakturazioaren %90 esportazioetara doala azaldu zuen Esmorisek, eta hortik erdia baino gehiago Europatik kanpoko herrialdeetara egin zirela iaz. Ildo horretan, Acicaeko presidentearen arabera, mundu osoan sektorea hazten ari den unean «euskal enpresak abagunea baliatzen ari dira lehiakorrago izan eta merkatu kuota handitzeko».

Euskal autogintzak hazkunderako gaitasun handia duela sinetsita ere, 2017rako salmentetan hazkunde apalagoa aurreikusten du Acicaek: %3,5ekoa. «Zuhurtziaz jokatu nahi dugu, kontserbadoreak izan». Klusterreko buruaren arabera, «merkatuaren aldaketak ezin dira horren argi aurreikusi. Oraingoz, ikusten dugu Europa gorabehera handirik gabe mantenduko dela; gero, urte txar baten ostean, badirudi Brasil suspertzen ari dela, eta, horrekin, iragarritako hazkundeari beste koska bat gehitu diezaiokegu».

AEBetako autogintzak protekzionismora jo dezakeen galdetuta, Esmorisek ez du uste horrek askorik eragingo dienik Mexikon dauden euskal enpresa ugariei. «Sektorea nazioartekotuegia dago bi aldeko harremanen mailan pentsatzeko», uste du klusterreko presidenteak. «Adibidez, badaude osagaiak AEBetan egiten direnak Mexikon fabrikatzen diren autoetarako, baina ez dutenak zertan AEBetara itzuli».

Auto elektrikoak ere hizpide izan zituen atzo Acicaeko buruak. Euskal autogintza horretarako prestatuta dagoen galdetuta, Esmorisek ohartarazi zuen auto elektrikoetan hazkunde zati handi bat Txinan gertatzea espero dela. «Beraz, Europan auto elektrikoentzat egiten den hazkunde iragarpena ez da egiazkoa». Azkenean, aldaketarako unea aukeratzen jakin behar dela esan zuen, azkarregi edo beranduegi ibiltzeak hondoratzea dakarrelako. Eta, klusterreko buruaren ustez, «oraindik urte askotan motorretan teknologia nahasketa batekin biziko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.