Iazko «ekaitza» gaindituta, ia %9 hazi da makina-erreminta 2022an

AFM klusterrak adierazi du eskaera zorroa «oparoa» dela. Hazkundea %5era motelduko da aurten, eta atzemate maila jaitsi egingo da

inaut matauko rada
Donostia
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Makina-erremintaren sektorea are gehiago hazi da 2022an, eta, AFM klusterraren arabera, 1.710,2 milioi euroko fakturazioa izan du sektoreak. 2020tik 2021era %18,6 hazi zen, eta iaz, berriz, %8,9. Esportazioek %3,8 egin dute gora, baina Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatua handitu da gehien (+%8), salmentak 438,5 milioi eurotik 473,4 milioi eurora igaro baitira. 2023rako ere sektorea handitzea espero dute, baina ez azken bi urteetan izan duen erritmoan; 2023ko hazkundea %5ekoa izatea aurreikusten dute. Izan ere, Xabier Ortueta AFMko zuzendariaren arabera, iazko inflazioak eta hornidura kateak sufritu zituen arazo larriek «ekaitz perfektu» bat sortu zuten, baina, hala ere, «urte ona» izan dela nabarmendu du, enpresen «egonkortasunagatik eta konfiantzagatik» batez ere. Hala ere, eskaera zorro «oparoa» dutela dio Ortuetak.

Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako merkatuetan sektoreak izan duen gorakadak lagundu du gehien 2022ko datu positibo horiek izaten. Izan ere, %8 ugaritu dira Hegoaldeko eta Espainiako salmentak, eta Italia gehien esportatzen duten herrialdeetan lehena bilakatu da. Hala ere, Ortuetak dio Espainian egiten diren salmentak «apalak» direla oraindik ere: «Barne merkatua ondo joan zen iaz, oso kopuru apaletik gentozelako, baina guretzat oraindik eskasa da. Hazkundea portzentualki handia da, baina nahi dugunaren azpitik dago». Pandemiaren ostean industriak «abiada» hartu zuela gogorarazi du Ortuetak, makina-erremintaren kontsumoa «handituz».

Duela bi urte, bigarren kanpo merkatua izan zen Italia, esportazioen %10ekin, baina iaz %14,78koa izan zen. Ortuetak adierazi duenez, ekoizpen bitartekoak modernizatzeko Italiako Gobernuak eman dituen laguntzengatik izan da igoera hori. Alemaniako salmentek ere gora egin dute, esportazioen %13,65ekin, eta Amerikako Estatu Batuek hirugarren postura egin dute behera, nahiz eta merkatu kuota berdin mantendu duten.

Sektoreka, txirbil harroketarako makinek izan dute gorakada handiena (+%18,4), eta salmenta guztien ia erdiak dira jada: %47,2. Deformazio makinen salmentek ia %10 egin dute gora, eta salmenten %19 dira. Osagaiek eta ekipamenduek hazkunde apalagoa izan dute, %5,2koa, eta erreminten salmenta %2,5 handitu da. Beste makinen ekoizpenak nabarmen egin du behera (-%16,6), baita bestelako zerbitzuen salmentak ere (-%11).

Sektoreak 7.529 langile ditu egun, baina aurten ez dute aldaketa handirik espero, nahiz eta Ortuetak nabarmendu duen aldaketarik izanez gero hazkundea izango dela. Izan ere, klusterraren zuzendariaren arabera, enpleguari dagokionez nahiko sektore egonkorra da makina-erreminta: «Gauzak ondo doazenean, enplegu asko ez da sortzen, baina garai zailetan ere gutxi jaisten da. Pertsonak dira gure sektorearen gakoa».

Aurtengo aurreikuspenak

Ortuetak uste du 2023ko jarduna inflazioak eta ekonomia «hozteko» neurriek baldintzatuko dutela, eta ziur da moteltzea egongo dela. Hala ere, esan du «zaila» dela esatea noiz hasiko den moteltze hori, 2023ko lehen hiru hilabeteetan eskaerak egonkor mantendu baitira. «Ekonomia moteltzeko erabakiak ari dira hartzen, eta uste dugu hori hemendik aurrera nabarituko dugula. Interes tasak gora egiten ari dira, finantzaketa zailtzen ari da, eta kontsumoa jaisten; horrek, normalean, makina-erremintaren eskaria jaitsarazten du. Hala ere, ditugun eskaerekin nahikoa dugu urtea ona izateko, eta, 2024a urte ona izango dela aurreikusten denez, espero dugu bi olatu edo txanpa horiek lotzea» azaldu du Ortuetak.

Enpresa txiki eta ertainen eskaerek egingo dute batez ere behera aurten, klusterreko buruaren esanetan: ekipamendu sinpleenen salmentak, egoera zailetan «duda» gehien izaten baitituzte enpresa horiek. Hala ere, «konplexutasun tekniko handiko» proiektuetan jarduera hobea izango dute aurten sektoreko enpresek.

Hala, eskaera eta lan zorro «indartsua» ikusita, Ortuetak uste du jarduera mailari eutsiko diotela, eta aurreikusi dute fakturazioa %5 inguru handituko dela: «2022ko atzemate maila mantentzea zaila izango da, 2021aren aldean %11 hazi baitzen; beraz, zaila izango da iazkoa berdintzea. Hala, seihileko batean atzematean jaitsiera izango dela aurreikusten dugu, baina uste dugu beheraldi hori aldi baterakoa izango dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.