Iaz galdutako erosahalmena aurten berreskura daitekeela uste du LHK-k

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore pribatuko langileen %52k indarrean eta berrituta daukate lan hitzarmena. Azken hamar urteetako tasarik handiena da

Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidentea, atzoko agerraldiaren aurretik. MARISOL RAMIREZ. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboa garai oso oparoan dago. Azken hilabeteetan, sektore mailako lan hitzarmen asko sinatu dira, eta haien eraginak arrasto estatistikoa utzi du. Lan Harremanen Kontseiluarenarabera (LHK), maiatzaren amaieran Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore pribatuko langileen %52k berritua eta indarrean zuten lan hitzarmena. Horrez gain, LHK-k itunak berritzeko «erritmoa» goratu du, lau langiletik batek aurten berritu baitu bere lan baldintzak arautzen dituen ituna. Soldatari dagokionez, eta KPIaren bilakaera mantentzen bada, aurten iaz galdutako erosahalmena berreskuratu ahalko dela aurreikusi dute.

«2012ko lan erreformaz geroztik negoziazio kolektiboan egondako daturik onenak dira. Aurreikuspena ezberdina zen, eta onartu behar dut harritu egin nauela, onerako». Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak ezin izan zuen poza ezkutatu iazko datuen eta aurtengoen aurreikuspenen berri emateko atzoko agerraldian. Eroritako hitzarmenen datuak ere hobera egin du: iazko maiatzaren amaieran %9,4 ziren; gaur egun, berriz, %6,3. Beste %41,8 hori luzatuak daude, hau da, indarrean daude baina eguneratu gabe.

Eta zergatik gertatu da negoziazio kolektiboaren pizkunde hori? Arrietak hiru arrazoi eman zituen, eta aurrenekoan dago haren harriduraren oinarria: «Inflazioak asko beldurtu gintuen, baina pizgarri suertatu da. Inflazio txikia dagoenean, hitzarmena ez berritzea ez da hain kaltegarria, baina, datu hauekin, diru galera handia da». Beste bi arrazoiak hauek dira: egoera ekonomiko «egonkorra» —iaz %4,4 hazi zen ekonomia, eta aurtengorako %1,6ko hazkundea espero du LHK-k—, eta negoziazioak aldatu izana; itun luzeagoak sinatzen dira, inflazioaren eragina epe luzeago batean banatzen dutenak.

Arrietak azaldu zuen inflazioak erabat baldintzatu duela azken urteetako negoziazioa. 2022ko azken datua %5,4 izan zen, eta aurtengo maiatzekoa, %2,3. Iaz, soldatak %4,08 eguneratu ziren batez beste indarrean zeuden hitzarmenetan; aurten, berriz, %4,01 eguneratzea espero dute. Alegia, iaz ituna indarrean zuten langileek erosahalmenaren %1,3 galdu zuten, baina aurtengo inflazioak urte hasierako joerari eusten badio, kopuru hori berreskuratuko da.

Alde horretatik, Arrietak zehaztu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinatzen diren hitzarmenen soldata eguneraketak Espainian sinatzen direnenak baino nabarmen handiagoak izan direla. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziaturiko hitzarmenen soldatak %4,8 igo ziren iaz; Espainian negoziatu eta Euskal Herrian eragina dutenena, berriz, %2,89. Aurten joera bera izan da: aurrenekoak %4,89 igoko dira, eta Espainian negoziaturikoak, %3,82.

Greba egun gutxiago

LHK-k beste hainbat datu interesgarri eman zituen. Esaterako, 1.002.594 langile daudela izena emanda Gizarte Segurantzan, eta 105.379 langabe daudela (%8,7). Milioi bat langileen langa igarotzea mugarria izan zen, eta hor eutsiko diola iragarri zuen. Antzeko egoera ikusteko, 2008ko udara jo beharra dago. Garai hartan, 982.935 langile zeuden. Ondoren iritsi zen krisia, eta kopuruak 2013ko abuztuan jo zuen hondoa: 865.467 kontratudun.

Azkenik, nabarmendu zuen lan gatazkak murriztu egin direla aurten: «Greba gehiago egon dira, baina grebalari kopurua eta greba egunak asko gutxitu dira».Lehen hiruhilekoko datuei erreparatuz, 5.584 langilek egin zuten greba, iaz epe berean egin zutenak baino %38,4 gutxiagok; eta 26.284 greba egun egin zituzten guztira, iaz baino %40,3 gutxiago. Hala ere, enpresari elkarte batzuk gatazken kexu dira oraindik. Arrietak ez zuen mezu horien inguruko iritzirik eman nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.