Makina-erremintaren Biurteko Azoka

Iaz, baikor; aurten, zuhurrago

Makina-erremintaren sektoreak %20 egin zuen gora 2021ean, eta pandemia osteko eskaera olatua luzatzeko asmoarekin itzuli da Biurtekoa. Ekoizleek ziurgabetasun giroa dagoela nabarmendu dute

Makina-erremintaren azokaren irudia, atzo, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Euskal industriak atorrarik dotoreena jantzi du berriz. Lau urte geroago eta pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, makina-erremintaren Biurtekoak industria uztaren alerik onenak bildu ditu BEC erakustazokan. Bertaraturiko enpresek diote azokak beharrezkoak direla, balio handiko produktuak saltzeko garaian aurrez aurrekoak ematen duen konfiantza ordezkaezina delako. Hala ere, eta azokarik ez egon arren, euskal sektorearen ekoizpenak %20 egin zuen gora iaz, eta Biurtekoak olatu hori hartu eta luzatu nahi du. Dena den, guztia ez da ederra; «ziurgabetasuna» bolo-bolo dabilen hitza da, eta denek ez dute argi irabazi marjinei eutsi ahal izango dieten.

Ikusi gehiago:Pello Rodriguez, Danobat Groupeko zuzendari orokorra: «Makina-erremintaren sektorea ondo badoa, kanpora jo dugulako da»

Makina-erremintaren epizentroa izan arren, BECek egunotan antz gutxi du mekanizatu tailerretako gaueko txanda amaigabeekin. Altzairu txirbilik ia ez da ageri, eta ez dago taladrina usainik. Itxura handiagoa du zientzia fikzio film baten agertoki bat izateko, zernahi egiteko gai diren beso elektroniko eta gailu mekanikoz betea. Saltsa horretan eroso dago Nerea Aranguren Ideko teknologia zentroko zuzendari nagusia: «Ikerketak eta garapenak oso gaizki bidaiatzen dutela esaten dut. Horrelako konfiantza guneak ezinbestekoak dira gure moduko berrikuntza zentroetarako».

Iazkoa urte ona izan zen Idekon, eta aurten eusten ari dira. Dena den, badaki ez direla garairik errazenak berrikuntzan inbertitzeko: «Ziurgabetasuna arazo handia da. Ikerketa estrategiak ez dira egun batetik bestera garatzen, apustuak behar dira, eta enpresek, logikoa denez, epe motzera begiratzen dute orain. Kosta egiten zaie anbizio handiko egitasmoetan murgiltzea».

Antzeko diagnosia egin du Arrate Olaiz Ibarniako berritasun zuzendariak. Makina-erreminta enpresa bat da, eta egoitza Azkoitian dute (Gipuzkoa; Txinan ere badu lantegia. Olaizek azaldu du ia dena esportatzen dutela, eta Espainia eta Euskal Herria beren merkatu naturala ez diren arren, Biurtekoak funtzio garrantzitsua duela. «Balio handiko gailuak saltzen ditugu, klik batekin bost minutuan erosi ezin daitezkeenak, eta konfiantza sortzeko balio digu. Marka egitera gatoz».

Sektorea ondo ikusten du, eta haiek ere ondo ari dira, baina zuhurtziaz mintzo da. «Ezegonkortasuna harrigarria da», onartu du. «Gu saltzeko gaude, eta ari gara saltzen, baina orain gure erronka da marjinak ez galtzea, eta bezeroei makinak garaiz entregatzea». Buruhauste nagusia zein den argi azaldu du. Enpresan, normalean, epe luzeko eskaerak dituzte, zortzi, hamar edo hamalau hilabetekoak, eta tarte horretan kostuak aldatu egiten dira: «Lehen, prezioak ez ziren askorik mugitzen, baina lau urtean altzairuaren prezioa bikoiztu baino gehiago egin da, eta guk 40 tonako makinak ekoizten ditugu». Dioenez, lehen lauzpabost urtean behin moldatzen zituzten tarifak; azken urtean, berriz, bitan igo dituzte. «Eta guk bezala, kate osoak».

Esportazio guztien %2,6

Eustatek sektorearen 2021eko datuak eman zituen atzo. Pandemiaren txakalaldiaren ondoren fakturazioa %20 igo zen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen %2,6 dira makina-erreminta. Datu horien epel goxoan egin zuten Biurtekoaren inaugurazioa, eta Iñigo Urkullu lehendakariak sektorea txalotu zuen: «Makina-erremintak osatzen du euskal industriaren DNA. Europako ekoizle handienen artean hirugarrenak gara, eta munduko bederatzigarrenak». Hitzaldian esan zuen mundu mailako erronka handiak daudela, eta enpresek eta erakundeek «eraldaketa» bultzatu behar dutela haiei aurre egiteko.

Biurtekoan 29 herrialdetako enpresen 1.436 erakustoki daude. Azokak BECeko sei pabiloi erabiltzen ditu, eta eraikinean antolatzen den ekitaldi handiena da. Bultzatzaileen artean dago AFM sektoreko klusterra, eta Jose Perez Berdud da presidentea. Nabarmendu zuen makina-erreminta dela Euskal Herriaren «motorra», eta azokak izandako bilakaera azaldu: «Lehen, makinak saldu eta erosten ziren toki bat zen bakarrik. Orain, berriz, konplexutasun handiko erronkei erantzuna emateko gune bat da».

Azoka 2018an egin zen azkenekoz, 2020ko ekitaldia bertan behera gelditu zelako pandemia dela eta. Berdudek esan zuen «berrituta» itzuli dela, eta egia da, hitzaldiz eta ekitaldiz beteriko egitaraua osatu delako. Etzi arte egongo da irekita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.