Iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitutako ehun garagardotik 1,37 ekoitzi zituzten bertan

Euskal Garagardo Elkarteak aurkeztutako txostenaren arabera, bi milioi litro baino gehiago ekoitzi zituzten 2023an. Merkatuko kuota hobetzeko, Basque Beer marka indartu nahi dute.

Basque Beer marka, Barakaldoko BECen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Basque Beer marka, Barakaldoko BECen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko abenduaren 12a
15:10
Entzun

Euskal Garagardo Elkarteak Euskadiko garagardoaren sektorearen 2023ko txostena aurkeztu du gaur, eta jakinarazi du iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitutako ehun garagardotik 1,37 soilik ekoitzi zituztela bertan. Gainerakoak, beraz, kanpotik ekarritakoak izan ziren. Jabier Ortega Euskal Garagardo Elkartea-Basque Beereko koordinatzaile orokorrak aurkeztu ditu datuok, eta Edurne Ibisate elkarteko lehendakaria ere bertan izan da.

Ekoizpen datua «txikia» dela onartu du Ortegak. Duela bi urteko datuarekin alderatuta, 0,17 egin du gora. Oro har, herritarrek ia 151 milioi garagardo litro kontsumitu zituzten iaz, eta garagardo salmentak 156,46 milioi eurorenak izan ziren. 4,38 milioi euro tokiko garagardoei dagozkie, eta %2,8ko merkatuko kuota suposatzen du horrek. «Gure erronka da merkatuko kuota hori areagotzea», nabarmendu du Ortegak. Hain justu, %5era areagotu nahi dute 2030erako.

Basque Beer marka kolektiboari indarra eman nahi diote horretarako, Ortegak azaldu duenez. Marka horrek adierazten du garagardoa lurraldean bertan ekoitzitakoa dela. Egun, hiru lurraldeetako garagardo lantegien eta bertan ekoitzitako litro guztien %95 Basque Beer markara atxikita daude. «Marka indartu nahi dugu, jendeak ezagut dezan eta tokiko garagardoa kontsumitu dezan», zehaztu du Ortegak.

Koordinatzaile orokorraren arabera, COVID-19aren pandemiak eragina izan zuen sektorean, eta ordura arte izandako etengabeko hazkundeak behera egin zuen. Pandemiaren aurreko datuetara itzultzea lortu dute orain eta, beraz, «baikortasunez» ikusten dute etorkizuna.

%16

Garagardo ekoizpenaren areagotzea Inoiz baino garagardo litro gehiago ekoitzi zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bi milioi litrotik gora, hain zuzen. 2021eko datuekin alderatuta, ekoizpenak %16 egin du gora.

Hain justu, inoiz baino garagardo litro gehiago ekoitzi zituzten iaz; bi milioi litrotik gora –2.079.024 litro–. 2021eko txostenean jasotako datuekin alderatuta, %16 areagotu da ekoizpena. Are, 2013an, 80.000 litro produzitu zituzten. Hortaz, hamar urtetan, bi milioi litro egin du gora ekoizpenak. Gipuzkoan egin zuten garagardo gehien, litro guztien %75, hain zuzen. Bizkaian %20 ekoitzi zuten, eta Araban %5.

Urtean 100.000 litro baino gehiago ekoizten dituzten lantegiek ekoitzi zituzten litro gehienak iaz. Lantegi guztien %26 dira, eta eurek produzitu zituzten litroen %77. Urtean 24.000 eta 100.000 litro artean egiten dituztenak guztien %26 dira, eta litroen %16 egin zituzten. Lantegien ia erdiak, berriz, urtean 24.000 litro baino gutxiago egiten dituzte. Eta, iaz, litroen %7 ekoitzi zituzten. Guztira, 424 garagardo mota egin zituzten.

Tokiko lehengaien erabilera

Lau euskal garagardogileetatik hiruk tokiko lehengairen bat erabiltzen du. Txostenaren arabera, hauek dira garagardogileen arrazoiak, tokiko lehengaiak ez erabiltzeko: «%80k dio ez duela barietaterik aurkitzen eskainitako gaman, eta %20k adierazi dute ez dutela tokiko lehengairik erabiltzen, eskainitako produktuaren kalitate faltagatik».

Litro guztien ia erdiak upeletan merkaturatu zuten 2023an, %25 botiletan eta %24,5 latetan. Ortegak azpimarratu du lehen herritarrek ez zituztela latak hainbeste kontsumitzen, baina, egun, botilen antzera kontsumitzen dituztela. Era berean, azaldu du garagardo gehiena ostalaritzan saltzen dutela; litro guztien %45. Halere, esportazioak ere badu nabarmentzeko tokia. «Garrantzitsua da azpimarratzea erdiak baino gehiagok beste herrialde batzuetara esportatzen duela garagardoa». 2023an, ekoitzitako litroen %27,29 esportatu zuten.

Sortutako enpleguari buruzko datuak ere jaso ditu txostenak. «Euskal garagardogileen %57,9k besteren konturako langileak ditu». Zehazki, 98 beharginek egiten dute lan bertan. Hamarretik zortzi gizonak dira, eta bi emakumeak. Langile horien ia erdiak merkataritzan eta zuzeneko salmentan egiten dute lan; eta %35ek, berriz, produkzioan. Gainerako %18ek administrazio lanak egiten dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.