Euskadiko Kutxak gazte ekintzaileei laguntzeko daukan Gaztempresa Fundazioak 184 enpresa sortzeko laguntza eman zuen 2011n. 1.000 eskaera inguru jaso zituen arren, hasierako proposamen horietatik batzuk bakarrik egin dute aurrera, «askok bi aldiz pentsatzen baitute proiektua gauzatzeko garaian, eta beste askok bideragarritasunik ez baitzeukaten», Inmaculada Ramos Gaztempresako zuzendariak azaldu duenez.
Pasa den urtean sortu ziren enpresa horien bidez, 266 pertsonek lanpostua lortu dute. Emakume eta gizonezkoen artean berdintasuna dago, eta langile berri horien batez besteko adina 34,8 urtekoa da. Prestakuntzari dagokionean, ekintzaile gehienek Lanbide Heziketako ikasketak zituzten—%62—, eta gainontzekoak —%38— unibertsitateko tituluren baten jabe ziren. Enpresak sortzeko garaian, erdiak langabezian zeuden, eta gainontzekoak lanean, «baina lana galtzeko arriskuan», Ramosen esanetan.
Enpresa berri horiek, batez beste, 51.000 euroko inbertsioa egin zuten negozioa abiarazteko, eta Gaztempresak, batez beste, 29.000 euroko mailegua eman zien haietako bakoitzari.
Enpresa gutxiago
Krisi garaian enpresak sortzeko dagoen ekintzailetza azpimarratu zuen Ramosek: «Erabaki ausarta da, txapela kentzeko modukoa». Ildo horretan, Mariano Cortes Lanbideko abiarazte laboraleko presidentearen esanetan, «krisi garaietan, ekintzailetza gero eta garrantzitsuagoa da». Edozein modutan, azken urteetan baino enpresa gutxiago sortu ziren 2011n.
2009an jo zuen goia Gaztempresak, 328 enpresa sortzen lagunduta; 2010ean, berriz, 267 izan ziren. Iaz, beraz, 83 enpresa gutxiago sortu ziren. Eta sortutako lanpostuen joera ere berdina izan da, beheranzkoa: enpresa berri horiek 510 lanpostu sortu zituzten 2009an, 426 lanpostu 2010ean eta 166 gutxiago iaz.
1994tik, 800 enpresa inguru sortzen lagundu du gaztempresak, eta horiek 5.000 lanpostu berri inguru sortu dituzte.
Iaz 184 enpresa sortzen lagundu zuen Gaztempresa Fundazioak
2010. urteko datuekin alderatuta, 83 enpresa gutxiago sortzen lagundu du fundazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu