Ia 500 kaltetu bildu dira Geroa BGAEaren kudeaketaren aurka

Langile guztiek ezin dute ekarpen osoa aldi berean berreskuratu. Asufin elkarteak 107 salaketa jarri ditu

Geroa BGAEaren kaltetuetako batzuk, Andoainen, atzo. JON URBE / FOKU.
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
ANDOAIN. 480 bat pertsona bildu ziren atzo Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean, Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen kudeaketaren aurka. Salatu zuten langile guztiek ezin dutela diru guztia aldi berean eskuratu erretiroa hartzean. Asufinek deitu zuen mobilizaziora; elkarte horrek 1.600 kaltetu ordezkatzen ditu.

Denboran atzera egin behar da Geroaren erretirodunen arazoa ulertzeko. 1996an erakundea sortu zenean, hiru bide aurreikusi zituzten egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidezkoa; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino; eta sistema mistoa.

2001ean, ordea, estatutuak aldatu zituzten, azken aukera hori ezabatuz. Jaime de Carvajal Asufineko abokatuaren arabera, estatutuak langileei «komunikatu gabe» aldatu zituzten.

Egun, 45.120 eurotan dago muga. Kopuru hori gainditzen dutenek dirua soilik errenta bidez jaso dezakete (hilero 188 euro gordin). «2019az geroztik jende askok erretiroa hartuko zutela ikusita, muga jaitsi zuten», gehitu du abokatuak. Asufinen kide direnek 52.000 euro inguru dituzte, batez beste.

Iazko ekainean hasi zen Asufin harremanetan jartzen Geroarekin: «Esan ziguten ez zutela zertan gurekin hitz egin. Beraz, auzibidearekin hasi ginen». Jaurlaritzarekin ere bildu ziren Aste Santuaren aurretik. Erantzun faltan,«bide judizial jendetsuari» ekin diote. Egun arte, 107 salaketa aurkeztu ditu Asufinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.