Ia 500 kaltetu bildu dira Andoainen, Geroa BGAEren kudeaketaren aurka

Erretiroa hartzean, langile guztiek ezin dute ekarpen osoa aldi berean berreskuratu. Gaur egunera arte, Asufin elkarteak 107 demanda judizial jarri ditu Geroaren aurka.

Geroa BGAEren kaltetuak Andoainen egindako elkarretaratzean. ASUFIN
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 6a
15:31
Entzun

480 bat pertsona bildu dira Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean, Geroa Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen kudeaketaren aurka. Salatzen dute langile guztiek ezin dutela diru guztia aldi berean eskuratu, behin erretiroa hartuta.

Asufin erabiltzaile finantzarioen elkarteak deitu du mobilizaziora –1.600 kaltetu ordezten ditu–. Arratsaldean saio informatibo bat ere eskainiko dute Basteron, elkartu diren kideentzat. Ikusgaitasuna lortzeko lehen egitasmoa da; irailera begira manifestazio batera deitzekotan daude, Donostian.

Denboran atzera egin behar da Geroako langileen eta erretirodunen arazoa ulertzeko. 1996an erakundea sortu zenean, hiru bide aurreikusi zituzten egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidezkoa; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino (garai hartan, milioi bat pezeta); eta sistema mistoa.

2001ean, ordea, estatutuak aldatu zituzten, azken aukera hori ezabatuz. Jaime de Carvajal abokatuak zuzentzen du Asufinen talde juridikoa Geroaren kasuan. Haren arabera, estatutuak langileei «komunikatu gabe» aldatu zituzten.

Egun, 45.120 eurotan dago muga. Kopuru hori gainditzen dutenek dirua soilik errenta bidez jaso dezakete (hilero 188 euro gordin). Muga horretatik beherakoek, nahi izatekotan, kobrantza bakarrean eskuratu dezakete. De Carvajalek azaldu gisa, Geroa urteetan muga hori aldatuz joan da «inork ezer esan ez zezan». «2019az geroztik jende askok erretiroa hartuko zutela ikusita, muga hori jaitsi zuten», gehitu du. Asufinen kide direnek 52.000 euro inguru dituzte Geroan, batez beste.

Bide judiziala

Iazko ekainean hasi zen Asufin harremanetan jartzen Geroaren administrazio organoarekin, elkartzeko asmoz. Ehun kaltetu inguru zituen kide momentu hartan. Zazpiehunera iristean, berriro jo zuten haiengana. «Esan ziguten ez zutela zertan gurekin hitz egin. Beraz, bakarkako demandei ekin genien», azaldu du Asufineko abokatuak.

Urrian hasi ziren bost demandarekin. Joan den martxoan jaso zuten lehen epaia: galtzen irten ziren. Kasu hartan, de Carvajalek dio epaileak erabaki zuela Asufinek aurkeztutako lekukoen testigantza «partziala» zela, «interes ekonomikoengatik».

Era berean, gaineratu du Geroak mezularitza enpresa pribatu baten faktura aurkeztu zuela «ordainketa agiririk gabe», alegatuz 130.000 liburuxka bidali zizkiela langileei. Mezularitza enpresako langilerik edo liburuxka jaso zuenik ez zen izan Geroaren lekukoen artean.

Eusko Jaurlaritzarekin ere bildu ziren Aste Santuaren aurretik. «Pazientzia» eskatu zien abokatuei zein langileei, baina «bide judiziala masifikatzeari» ekin diote. Gaur egunera arte, 105 demanda jarri ditu Asufinek Euskal Herrian: 87 Donostian, hamaika Eibarren, lau Bilbon, bi Gasteizen eta bat Iruñean. Madrilen eta Kantabrian ere bana jarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.