Urte bi atzeratu da izurritearen ondorioz, baina ekainaren 13tik 17ra arte egingo da BIEMH Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, Bilbao Exhibition Centerren, (Barakaldo, Bizkaia). Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak adierazi du «industria azoka garrantzitsuenetakoa» dela, eta erakustazokan urte osoan egingo duten topaketa «inportanteena» dela. Sei pabiloi erabiliko dituzte, eta 28 herrialdetako 1.446 enpresa erakusketari batuko dira.
Biurtekoak bere «bertsiorik onena» eskainiko duela adierazi du Basañezek: «Negozioetarako hainbat aukera izango ditu, eta ezagutza ardatz duen gune bat izango da». Izan ere, nazioarteko 230 hizlari egongo dira bost egun iraungo duen azokan. Iragarri dutenez, lehenengoz egitarau propio bat izango du azokak. Esaterako, Automation & Robotic Talks zikloan industriara aplikatutako robotikaren eta automatizazioaren arloko azken teknologiak eta garapenak jorratuko dituzte. Additive Talks eta Digital Talks-en, berriz, «industriaren oinarrizko gaietan jarriko dute arreta». Analisi gune horietan, jasangarritasuna, digitalizazioa eta genero ikuspegia landuko dituzte, besteak beste.
Jose Perez Berdud AFM makina-erremintaren klusterreko presidenteak sektorearen susperraldian ipini du arreta. Elkarteak hainbat jardun hartzen ditu bere gain: makina-erreminten eta haien osagaien ekoizpena, fabrikazio aditiboa, 3D inprimaketa, automatizazio robotikoa eta mekanizazioa, besteak beste. Horiek denek osatzen duten «ekosistema» egongo da ikusgai datorren astean. Datu bat eman du sektoreari buruz. «Batez beste, ekoizten dugunaren %80 esportatzen dugu, eta merkatu oso zorrotzetara». AFMren presidentearen berbetan, sektorearen «erdigunea» dira makina-erreminta eta fabrikazio aurreratua.
«Susperraldi» urtea
2018ko ekitaldiak baino erakusketari eta parte hartzaile «gutxixeago» izango ditu aurtengoak. Hala ere, Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak nabarmendu du kopuru ona dela, urte hura hamarkada osoko oparoena izan baitzen: «guztiz ezohikoa».
2021a «susperraldi» urtea izan dela zehaztu du Ortuetak. Azaldu duenez, aurtengo testuingurua zailagoa izaten ari da «nazioarteko egoerarengatik», baina lortu dute eskaerak handitzea. Gehitu du, ordea, energia garestitzeak, lehengaien urritasunak, garraio arazoek eta txipen gabeziak zalantzak sortzen dituztela oraindik ere, eta «gaitza» dela aurreikuspenak egitea: «Ziurgabetasun sasoietan eskaerak lortzea zailago egiten da». Hala ere, baikortasunez begiratzen diote urteari, energiaren eta autogintzaren sektoreetan egingo diren inbertsioek «baliatu beharreko aukerak» sortuko dituztelako. Denbora asko behar izaten da eskaerak negoziatzeko bezero eta ekoizleen artean, eta horretan laguntzen dute BIEMH moduko hitzorduek.
Dekoletaje makineria eta osagai ekoizleak izango dira nagusi azokan: erakustokien %22 eta %20 hartuko dituzte, hurrenez hurren. Automatizazioa eta robotika, deformaziorako makineria, tresnak, metrologia eta CAD-CAM izango dira beste arloak, eta bakoitzak %10-14 inguruko presentzia izango du. Antolatzaileek kanpaina «zehatza» egin dute erosleak erakartzeko, eta 300 bat biltzea espero dute.
Ia 2018an adina erakusketari eta parte hartzaile izango dira BIEMH azokan
Makina-erremintaren nazioarteko biurteko azoka astelehenean hasiko da, BECen. Pandemiaren ondorioz, 2020koa ez zen egin, eta lau urte igaro dira azken ekitalditik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu