I+Med kooperatibak iragarri du ehun milioi euro ibertitu eta bostehun lanpostu sortuko dituela

Gaur zabaldu dute nanohidrogel adimendunen inguruan ikertzeko zentroa. Bigarren eraikin bat altxatuko dute alboan, biozientzien sektoreak dituen aurreikuspen positiboak asetzeko. Akademia bat ere jasoko du.

Ikerlari batzuk, gaur, nanohidrogel adimendunen institutu biomekanikoan lanean. JON RODRIGUEZ / IREKIA
Ikerlari batzuk, gaur, nanohidrogel adimendunen institutu biomekanikoan lanean. JON RODRIGUEZ / IREKIA
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 17a
17:25
Entzun 00:00:0000:00:00

I+Med kooperatibak Zientziaren Basoa izeneko proiektua aurkeztu du gaur, nanohidrogel adimendunen institutu biomekanikoa inauguratzeko ekitaldian. Ikerketa zentro horren alboan beste eraikin bat egingo dute. Iragarri dute laborategirik «aurreratuenak» izango dituela, eta I+Med akademia ere han jarriko dute, unibertsitatearen eta lan munduaren arteko zubi lanak egiteko. Ehun milioi euro inbertituko dituzte guztira, eta bostehun lanpostu sortu. 2030. urterako prest egongo da.

Basoko lehen zuhaitza gaur loratu da. Nanohidrogel adimendunen institutu biomekanikoa zabaldu du I+Med kooperatibak, Arabako teknologia parkean, Miñaon. Manu Muñoz kooperatibako buruzagi exekutiboak esan du ikerketa zentro horrek ez duela parekorik eta «munduan lehena» dela. Biomekanikarako nanohidrogel adimendunen teknologia garatzeko lan egin egingo dute hartan, helburutzat hartuta «etorkizuneko botikak sortzea». Gure Etxea izena jarri diote eraikinari.

zer dira nanohidrogel adimendunak?

Likidoak xurgatzeko gai diren hiru dimentsioko polimero mikroskopikoak dira. Estimuluen arabera erantzuteko gai direlako dira adimendunak. Tenperatura aldaketak, pH-aren gorabeherak eta eremu elektromagnetikoak antzemateko gai dira, eta era batera edo bestera jokatzen dute horien arabera. Hala, modua ematen dute minak hobeto antzemateko eta botika era kontrolatuan askatzeko. Ondorioz, tratamendua efizienteagoa eta eraginkorragoa da, eta albo kalteak gutxiago izaten dira.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Mikel Jauregi Industria sailburua, Juan Igancio Perez Zientzia eta Unibertsitate sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Instalazioak bisitatu dituzte, eta langileek egunerokoaren berri eman diete. Ia I+Medeko langile guztiek parte hartu dute inaugurazioan, eta, bukatzeko, taldeko argazkia atera dute agintariekin batera.

Pradalesek hitzaldia egin du inaugurazio ekitaldian, eta esan biozientziaren sektorea «hazkunde bete-betean» dagoela. Datu batzuk ere eman ditu: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biozientzia eta bioteknologia alorretako hirurehun bat enpresa daude, 16.000 lanpostu baino gehiago ordezkatzen dituzte, eta 2.000 euroko fakturazioa dute, gutxi gorabehera.

Kontuan hartzeko moduko datuak dira, lehendakariaren ustez, «nondik gatozen ikusita». Duela hamar urte, ehun enpresa ere ez ziren bioteknologiaren arloan ikertzen aritzen zirenak, SPRIren arabera. I+Med kooperatiba sortu berria zen orduan, Euskal Herriko Unibertsitatearen enpresa mintegiaren babespean.

Sektorearen pare garatu da kooperatiba. Gaur egun 180 langile daude; traumatologia, oftalmologia, dermatologia, estetika eta albaitaritza alorretako dozena bat patente dituzte, eta 49 produktuko katalogoa. «Askoz gehiago izango dira», iragarri du Muñozek: 50 proiektu dituzte martxan, eta, behin ikerketa zentroa jardunean hasita, abiada hartuko dutelakoan daude. Berrogei herrialdetan baino gehiagotan dute presentzia.

Kooperatibismoa

«Honaino iritsi bagara, besteak beste, independentziari eustea lortu dugulako iritsi gara», azaldu du Muñozek. Kontatu duenez, enpresa salerosteko milioi bat euroko eskaintza jaso zuten duela urte batzuk, baina uko egin zioten, enpresaren izaera kooperatiboari eutsi nahi zioten eta. «Esan ziguten zoratuta geundela eta aberatsak bilakatzeko aukera galduko genuela. Erantzun genien guretzat aberastasuna hau dela. Ikertzaileak euren lanaren jabe dira, produktuak sortu ditugu, eta bizi baldintzak hobetu ditugu».

Bankuei eta administrazioari ere esker onez mintzatu zaie, haien laguntza «ezinbestekoa» izan delakoan. Baina abisu bat ere egin die: «Zientzialariak garenez, abangoardian egoteko eskatzen zaigu, baina instituzioekin, unibertsitateekin, bankuekin... hitz egitean jabetzen gara 1980ko hamarkadan gaudela oraindik. Aurrera egin nahi badugu, denok izan behar dugu abangoardia. Nanohidrogel adimendunen pareko ideiak garatzeko laguntza deialdiak ezin dira ebatzi XX. mendeko irizpideen arabera. Gizarte osoaren onerako izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.