Hutsik dagoen azken orubeko lanak udan hastea espero du Bilboko Portuak

Portuko agintaritzak adierazi duenez, okupazio maila %90ean dago, eta %95era helduko da aurten. Kai mutur nagusiaren handitzeak 30 hektarea gehituko ditu.

Santurtzi. Bilboko Portuaren balantzea. 02-02-2024
Ricardo Barkala, Bilboko Portuko presidentea. ARITZ LOIOLA / FOKU
marcos tedin
Santurtzi
2024ko otsailaren 2a
17:30
Entzun

Bilboko portuak bere azken orube hutsa nola bete erabaki behar du. Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak aurreratu du aurten kai mutur nagusiaren bigarren fasearen obra hasi beharra dagoela, portuaren eremuaren %90 baino gehiago erabilita dagoelako. Izan ere, aurreikusten dute okupazio maila %95era helduko dela aurki.

Kai mutur nagusiaren handitzeak 30 hektarea gehiago emango dizkio «okupazio maila handiko eta eskari handiko» azpiegiturari. Agintaritzak lizitazioa Aste Santuan egitea espero du —martxoko azken astea—, eta udan hasiko lirateke lanak. Proiektuak 54,4 milio euroren inbertsioa izango du, eta, ondo bidean, 26 hilabetean amaitu beharko litzateke.

Barkalak berriz ere esan du orube horrek erabilera industriala izango duela, eta «euskal enpresak bultzatzea» izango duela lehentasuna. Bere garaian edukiontziak hartzeko beste nasa bat eraikitzeko aukera izan zuen mahai gainean portuak, baina jasotako eskaintzek ez zuten agintaritza asebete. Halaber, zehaztu du «dena hitz eginda» dagoela Espainiako Gobernuarekin eta ez legokeela arazorik lanak adjudikatzeko. 

%0,11

Bilboko portuaren hazkundea Bilboko portuak hazkunde txikia izan zuen iaz. Mugituriko zama osoa kontuan hartuta, 2022an baino %0,11 tona gehiago mugitu zituen. 32,8 milioi tona zama mugitu zituen guztira.

Azken orubekoa ez da izango portuak aurten egingo duen inbertsio bakarra, kaiak elektrifikatzen hasia baita: «Ontziak sare elektrikora konektatu eta beren motorrak itzal ditzaten, eta horrek CO2 emisioak, zaratak eta bibrazioak murriztuko ditu». Lan honek «isurketak murrizteko ezarritako helburuak lortzeko asmoa» du, eta Bilboko Portuko Trantsizio Energetikorako Planaren barruan dago.

Iazko balantzearen berri deituriko agerraldian eman ditu Barkalak azalpen horiek. Alde horretatik, «urte positiboa» izan dela nabarmendu du: «2022ko datuekin alderatuta, %0,11 hazkunde metatua izan du, batez ere ontziratu gabeko salgai likido eta solidoen trafikoan oinarrituta». Agintaritzak azaldu duenez, abenduan eguraldi txarrak atzerapenak eragin zituen, eta, ondorioz, hilabete horretan heldu behar ziren ontzi batzuk urtarrilean porturatu dira. Atzerapen horiek datuak pixka bat desorekatu zituzten. «Atzerapenik gabe, urteko itxiera %1,7 hobea izango litzateke», zehaztu du.

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Bilboko portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.

32,8 milioi tonako trafikoa izan zuen iaz Bilboko Portuak; 2022an, berriz, 32,7 milioikoa. Azken hiru urteetan hazkundea izan arren, portua ez da itzuli pandemiaren aurreko datuetara. Horri dagokionez, Barkalak ziurtatu du jarduna berreskuratuko dutela, eta ez da kezkaturik azaldu.

«Autonomia handiagoa»

Merkantzia orokorrari dagokionez, jaitsiera pairatu zuen portuak. 2022an, 8.56 milioi tona mugitu ziren; 2023an, berriz, 8,24 milioi, hau da, %3,15 gutxiago. Itsaso Gorriko krisiak eragina izan du, Barkalaren ustez, jaitsiera horretan: ontziek egin beharreko bidea luzatu dira, eta horrek garraioa garestitu du, eta kalte handiagoa egin dio ingurumenari. Hala ere, presidenteak uste du normala dela eguneroko jardunean horrelako krisiak eta arazoak sortzea, eta horretara ohitu beharra dagoela: «Zerbait astintzen denean, dena astintzen da».

Merkantziak portutik ateratzeko garaian trenaren alde egiten ari dela azpimarratu du agintaritzak: «Edukiontzien %29 trenez sartzen edo irteten dira portutik». 2022an, berriz, %27koa izan zen kopuru hori. Iaz, 4.238 tren ibili ziren Bilboko portutik, hau da, batez beste 12 tren egunean. Trenaren alde egitea bat dator EBren deskarbonizazioa sustatzeko helburuarekin.

Amaitzeko, Barkalak adierazi du portuen kudeaketa erabat aldatu beharko litzatekeela «ahalik eta lasterrena». Haren ustez, portu txikiak eta handiak bereizi beharko lirateke, lehia eta arazo ezberdinak dituztelako. Horrez gain, aldarrikatu du «autonomia handiagoa» nahiko lukeela azpiegitura gidatzeko, baina oraindik ez dela aurrerapausorik eman bide horretan. Hala ere, aitortu du Bilboko portu baten transferentzia oso konplexua izango litzatekeela, baina ziur dago noizbait egin beharko dela: «Badakigu nora goazen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.