Hurrengo pausoa, harpidetza digitalen eramangarritasuna

Norbere herrialdean erositako zerbitzu eta eduki digitalak Batasuneko beste herrialdeak bisitatzean ere eskura izatea ekarriko duen araudia 2018. urtearen hasieran iritsiko da.

Irune Lasa.
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Netflix, HBO, Amazon Prime, Spotify... Norbere harpidetzak eskura atzerrian egindako oporretan ere? Ezinezkoa; geoblokeoak ez du uzten. Gehienetan, lurraldeka banatzen dira copyrightarekin babestutako edukien transmisio eskubideak. Zerbitzu edo eduki emaileek aukeratu dezakete soilik herrialde jakin batzuetara mugatzea euren eskaintza. Herrialde horietatik at, erabiltzaileari sarrera automatikoki ukatzen zaio, haren IPari (Interneteko Protokoloa, Interneten ordenagailu bakoitzak duen nolabaiteko etiketa) begiratuta jakin baitaiteke zein herrialdetatik datorren eskaria.

Eta kontsumitzaileak eduki edota zerbitzu hori dagoeneko ordaindua badu? Ezta ere, ezin da eskuratu bere herrialdetik kanpo. Geoblokeoak hor jarraitzen du.

Baina Europako Batasunean harpidedunentzat geoblokeorik ez izatea posible egingo duen araudia datorren urte hasierarako nahi dute indarrean. Orduan EBko beste herrialde batean izan —oporretan, lan kontuetan edo ikasten—, kontsumitzaileak jarraitu ahal izango du bere jatorrizko herrialdean egindako telesail, musika, liburu, bideo joko eta kirol emankizunen harpidetzak edo erositako edukiak on line ikusten, irakurtzen, gozatzen.

Zerbitzu digitalen eramangarritasunaren araudi berrirako azken urratsa joan den astean hartu zuen Europar Kontseiluak, eta, orain, zerbitzua eskaintzen duten konpainiek bederatzi hilabete izango dituzte egin beharreko aldaketak egiteko. Hartara, 2018. urteko lehen hiruhilekoan etorriko litzateke aldaketa.

Konpainia horiek debekatua izango dute atzerriko zerbitzu horrengatik gehiago kobratzea. Era berean, abusuzko erabilerei aurre egiteko, harpideduna bizi den herrialdea zein den egiaztatu ahalko dute. On line zerbitzurako sarrera eteteko eskubidea izango dute erabiltzailea ez bada gai frogatzeko harpidetza edo erosketa egindako Batasuneko herrialdean bizi dela. Europako agintarien arabera, «egiaztapenak Batasuneko datuen babeserako araudia beteaz» egin beharko dira.

Konpainiek zerrenda batean jasotako egiaztapen moduetatik gehienez bi ahalko dituzte erabili: horietan daude, adibidez, nortasun agiria eskatzea, kontu korronte edo kreditu txartelaren zenbakia, harpidetza digitalerako gailuak ipini zireneko helbidea, fakturak bidaltzeko helbidea eta posta helbidea...

Araudi berriak soilik ordainpeko hornitzaileei eragiten die; doako hornitzaileei —adibidez, telebista kate zenbait— aukera ematen die zerbitzua eskaintzeko euren harpidedunei Batasuneko beste herrialde bat bisitatzen dutenean. Halaber, egiaztapenak egin ahal izatea ere ahalbidetuko zaie.

Pausorik errazena

Europako Batzordeko presidenteorde Andrus Ansip komisarioarentzat, garaipen moduan hartu zen akordio hori, joan den otsailean lehen adostasuna lortu zenean. Ansipen ardurapean daude Merkatu Digital Bakarrerako politikak. Baina, askoren ustez, pausorik errazena egin du soilik Ansipek, eta bideko zatirik malkarrena gelditzen zaio oraindik.

Izan ere, Merkatu Digital Bakar horretan nola geldituko dira copyright eskubideak? Ansipek otsailean esandakoen arabera, «orain adostasunak behar dira guk EBko copyright arauak modernizatzeko egindako proposamenen inguruan, eduki kreatiboetarako sarbide zabalagoa izateko mugaz gaindi». Dirudienez, eramangarritasunetik haratago, modernizazio horretan Europako Batzordeak lurraldez lurraldeko lizentzia banaketa bera du jomugan, eta horixe da, hain zuzen, hainbat zerbitzu emaileren negozioaren muina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.