Hurrengo geltokia: Wall Street

Alibaba Txinako lehen atari elektronikoaren fundatzaile Ma Yunek Wall Street konkistatu nahi du. Konpainia kotizatzen hasiko da bihar, eta 15.500 milioi eurotik gorako bilketarekin, historiako estreinaldi handiena gauzatuko du.

Alibabaren fundatzaile eta bakarkako akziodun nagusia, Ma Yun. BERRIA.
xabier martin
2014ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Haitzulotik atera eta munduaren konkistan da aspaldian Alibaba. Ordu gutxian, merkataritza elektronikoaren nagusitasuna lortzeko urrats garrantzitsua egingo du Wall Streeten. Burtsaren historian izandako sarrerarik handiena gauzatuko du Ma Yun txinatarraren konpainiak gaur, New Yorkeko burtsan kotizatzen hasten denean. Txinako merkataritza elektronikoaren atariak 15.500 milioi euro bilduko ditu enpresaren aurreikuspenak betez gero, eta horrenbestez, Visak duen errekorra gaindituko du. Plastikozko diruaren agintariek 15.200 milioi bildu zituzten Wall Streeten sartzean, 2008an. Teknologiaren beste erraldoi bat azaltzen da burtsako sarrera sonatuenen hirugarren lekuan, 12.400 milioirekin: Facebook.

Mark Zuckerbergen sare sozialak baino zorte handiagoa espero du, ordea, Ma Yunek bere multinazional ahaltsuarekin burtsaren estreinaldian. Akzioak 50 eurotik gora jarriko dira salgai New York Stock Exchangen, eta 320 milioi akzioko eskaintza da. Bi egunetan eskaintza guztia estali da, eta inbertitzaileen interes handi horrek akzioaren prezioa igotzera eraman ditu Alibabaren arduradunak azken egunetan. Euren aurreikuspen onenak gainditu ditu akzio erosleen harrera onak. Credit Suisse Group, Deutsche Bank, Goldman Sachs Group, JPMorgan Chase, Morgan Stanley and Citigroup ari dira burtsaratzea koordinatzen.

Amazonen ehiza hasi da

Horiek horrela, egun bakarrean 15.500 milioi eurotik gora lortuko ditu konpainiak, adituen kalkuluen arabera; bultzada itzela likidezia eta prestigioaren aldetik Txinatik mundura zabaldu nahi duen enpresarentzat. Ma Yunek, berriz, Alibabaren fundatzaile eta bakarkako akziodun nagusia (%8,9) milaka milioi euro poltsikoratuko ditu Txinako aberats handienaren tituluari oraindik ere irmoago heltzeko. Forbes-ek dio 8.600 milioi euroren jabe dela; bada, Wall Streeten estreinaldia egiteak haren aberastasuna izugarri handituko du.

Erraldoi txinatarra nahiko ezezaguna da mendebaldeko erabiltzaileen artean, baina merkataritzaren munduko atari elektroniko handiena izateko bidean jarri du azken urteotako hazkunde harrigarriak, eta Amazonen nagusitasuna kolokan dago jada. BABA gisa kotizatuko duen multinazionalaren balioa 127.000 milioi eurokoa da, burtsan eman dioten balioa kontuan hartuz. Aurtengo lehen hiruhilekoan, kasurako, 1.963 milioi euroren sarrerak lortu ditu eta 1.538 milioiren irabaziak.

Ma Yunen konpainiaren atari nagusi Tmallek Amazon gaindituko du datorren urtean, Internet bidezko salmenten atalean. Hala dio Euromonitorrek egindako txosten zabalak. Alibaba TMall baino gehiago da, edonola ere. Ebay, Amazon eta PayPalen batuketa litzatekeen Txinako egokitzapena dela esan daiteke, Taobao, Tmall eta Alipayri esker. Sare hori ezin hobeto josi du Ma Yunek azken urteotan.

Txinako erraldoian 25.000 langile aritzen dira, besteak beste 800 milioi produktuko katalogoa kudeatzen; 231 milioi erabiltzaile bereganatu ditu jadanik. Facebooken fakturazioaren pare dabil gaur egun, baina haren irabaziak txiki utzi ditu, halako bi baitira. Aurtengo ekainean, 190 milioi ziren sakelakoaren bidez Alibaba erabiltzen duten bezeroak.

Jack Maren sena

Negoziotarako sen berezia duen gazte txinatar batek abiarazi zuen Alibaba. Hangzhou hiriko sendi apal batean jaio izanagatik, Ma Yunek irakasletza ikastea lortu zuen. Ez zen ikasle ona matematiketan; bereak eta bi egin behar zituen zenbakien diziplinan ez galtzeko. Bazuen bere alde tresna garrantzitsu bat, ordea: gazterik ingelesa ongi jakin behar zuela erabaki zuen, eta Hangzhou hotelean lanean eman zituen sei urteetan turistekin aritu zen mintza praktikan. Turista gidaren lanaren truke, ingeles lezioak jasotzen zituen. «Mundura zabaltzeak ekarri zidan hori», esan izan du inoiz.

1995ean AEBetara bidaiatu zuen, eta Internet ezagutu zuen han. Sarea etorkizuna zela ulertu zuen berehala, artean oraindik garatu gabe bazegoen ere. Txinara itzultzean, hainbat saio egin zituen, Alibabarekin bete-betean asmatu zuen arte. Txinaren garapen handienaren olatuarekin hazi zen enpresa, hasieran Txinan negozioak egin nahi zituen atzerritarrak bertako konpainiekin harremanetan jarriz.

2005ean iritsi zen suziriak bezala gorantz eraman zuen gertaera. Yahook txinatar konpainiaren %40 erosi zuen 770 milioi euroren truke, eta Alibabaren historia aldatu zuen betiko. Yahoo da, izan ere, Alibabaren burtsaratzearen onuradun handiena, konpainia txinatarraz gain. Haren burtsaratzeak gora eraman ditu azken egunetan Yahooren akzioak. Ikusteko dago Marissa Mayer sareko atariaren kontseilari ordezkariak igoera hori zein neurritan baliatuko duen. Inbertitzaileek ikusi nahi dute Google ahaltsuari eta Facebooki aurre egiteko modu berriak topatzeko prest ote dagoen, edota akzioa saltzearen hautua egiten duen.

Zer ikusi zuen Yahook Ma Yunen ekinean? 2003an hartutako erabaki bat azal dezake Alibabaren fundatzailearen adimena. Haren senak ez zuen huts egin Ebayri gerra deklaratu zionean urte horretan. Sektoreak erotzat jo zuen erabaki arriskutsu hori hartzeagatik. Kontuan eduki behar da 2003an AEBetako enpresak merkatuaren %80 zuela Txinan; 2007rako, ordea, %8 baino ez zitzaion geratzen, Alibabak jan ziolako beste guztia kasik.

Autoritarioa eta oldarkorra

Nazioartean bere burua Jack Ma gisa izendatu duen gizonaren enpresak sare bidezko merkataritzaren %80 kudeatzen du gaur egun Txinan. Jenio biziko buruzagia dela diote, autoritarioa eta oldarkorra, eta Txinako Gobernuaren nahien mende dagoela. «Gure akziodunek ez dute nahi Alibaba gobernuaren aurka jartzea. Horrek kolokan jarriko luke gure geroa», aitortu du Ma Yunek.

Inor gutxik ukatzen du, ordea, negoziotarako aparteko sena duela. 49 urterekin, Txinako aberatsik handiena da. Alibabaren neurria hirukoiztea jarri du helburu gisa 2016rako, WalMart txikizkako merkataritzaren enpresa handiena gainditzeko. Enpresaren aurreikuspenen arabera, datorren urterako Tmallek 120.000 milioiko sarrerak lortuko lituzke, Amazonek baino 20.000 milioi gehiago. Aurretik burtsaren urratsa egin beharra dago, kapitala milaka milioitan zabaltzeko, eta gainetik bakarrik Google edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.