Jaka Horiek urtebete. Pentsio erreforma

Hurrengo borroka: pentsioak

Abenduaren 5erako greba eta protesta egunera deitu dute sindikatu batzuek, Jaka Horien babesarekin. Macronen azken erreforma proiektua geratu nahi dute, erretirorako pentsio sistemarena.

Pilotuen protesta pentsio erreformaren aurka, irailean, Parisen. IAN LANGSDON / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eliseo eta Matignon jauregietan lo gutxiko gaua izango da abenduaren 4koa. Urduritasunak loa nahastuko die Emmanuel Macron presidenteari eta Edouard Phillippe lehen ministroari. Gau bakarreko kontua izango ote den ala luzatuko den, hori da gakoa. Arrazoia? Abenduaren 5erako grebara eta protestara deitu dute CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek, Frantziako Gobernuak indarrean jarri nahi duen erretiro sistemaren erreforma salatzeko. Arrakastatsua bada, kolokan egon daiteke Emmanuel Macron presidentearen agintaldiaren bigarren zatiko erreforma nagusia. Porrot eginez gero, bere egutegiarekin jarraitu ahal izango du, eta 2021ari begira jarriko da, lehendakaritza berriro lortzeko hauteskundeei begira.

 

Arrakastaren neurria agian ez dute egun horretako erantzunak eta manifestazioek esango, ondorengo egunetan gertatzen direnek baizik. «Kezkatuago gaude abenduaren 6arekin eta 7arekin», onartu diote gobernuko iturriek Le Monde egunkariari. Izan ere, SNCF trenbide sarean eta RATP Parisko eskualderako garraioetan greba mugagabea egitera deituta daude langileak, eta, erantzun zabala izanez gero, beste sektore batzuetara hedatzea ez da baztertu behar, Jaka Horien mugimendua hauspotu zuen haserrea ez baita desagertu.

Berez, Parisko gobernuaren beldur nagusia da Jaka Horien mugimenduaren bigarren zati bat bihurtzea; oraingoan, sindikatuen parte hartze aktiboarekin. Jaka horiak ez dira faltako manifestazioetan, greba egunarekin bat egitea erabaki baitzuten, hil honen hasieran Montpellierren egindako batzar batean.

Protesta oraindik onartu gabeko erreforma baten aurkakoa da. Aldaketa sakona egin nahi du Macronek pentsio sisteman, eta, Jaka horiek azalarazitako haserrearen lezioa ikasita edo, aurreko aldaketa batzuetan baino zuhurrago jokatzen ari dira presidentea eta Phillippe gobernuburua. Pentsio sistema aldatzea «uste baino zailagoa» dela onartzera iritsi da Macron, eta horregatik denbora hartzen ari da bere proiektua aurkezteko.

Erreformaren muina, ordea, jakina da, Delevoye batzordeak findutakoa baita. Hitz gutxitan, gaur egun indarrean dauden 42 pentsio sistemak bakar batean fusionatuko dituzte, sektore pribatuko soldatadun gehienek duten sisteman, azken finean. Horrek esan nahi du lanbide batzuek —sektore publikoan batez ere, baina baita lanbide liberalek ere— orain dituzten sistema propioak eta haien baldintza bereziak galduko dituztela. Edo gordinago esanda, erretiroa goiz hartzeko aukerak galduko dituztela, eta pentsioak jaitsiko zaizkiela, hura kalkulatzeko sistema gogorragoak ezarriko dizkietelako.

60.000 milioiko defizita

Baina gobernuak aurkeztu nahi duen pentsio sistema bakar hori ez da gaur egungoa izango, gastu txikiagoako bat baizik, 60.000 milioi euroko defizita txikitzea baitu helburu. Horretarako norabideak ezagunak dira: erretiroa atzeratu egingo da, eta pentsioak, oro har, jaitsi.

Norabide horretan erreformak zehazki zer bide hartuko dituen, ikusteko dago. Delevoyek proposatu du erretiroaren adin ofiziala (62 urtekoa) gibelatzea, baina Macron ez da ausartu data sinboliko hori mugitzera. Sinbolikoki ez, baina praktikoki bai, erretiroaren adina bizpahiru urtez atzeratu nahi baitu. Horretarako, «orekarako adina» kontzeptua sortuko du, hau da, sistemak orekatzeko erretiroak zer urtetan gertatu behar duen. Oraingoz, badirudi lehen epea 64 urtekoa izango dela. Horren ondorioz, 62 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea izango du edonork, baina pentsio txikiagoa jasoko du 64 urtetan erretiratu izan balitz baino. Kontrara, 65 urtera arte edo 66ra arte itxaronez gero, pentsio handiagoa jasoko luke (%5eko saria edo zigorra urte bakoitzeko).

Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema ere aldatu nahi du Macronek. Puntukako sistema bat egin nahi du: Gizarte Segurantzan kotizatutako euro guztiek puntuak emango dituzte, eta puntu horien arabera kalkulatuko dute pentsioa. Langile gehienentzat kalte izango da, oraingo sistemek lan egindako azken urteak hartzen dituztelako kontuan, eta ohikoa baita lan bizitzaren amaieran soldata handiagoak jasotzea hasieran baino.

Aitona-amonen klausula

Gaur egungo pentsiodunak lasaitzeko eta protestak baretzeko, Macronek argitu du erreformak ez diela eragingo orain erretiroan direnei, eta 2025era arte ez dela indarrean jarriko. Baina oraindik ez du guztiz baztertu aitona-amonen klausula deitutakoa; hau da, pentsioen erreforma soilik ezartzea beren lan bizitza orain hasiko dutenei. Protesta itzaltzeko balio dezake, baina irtenbide horren arazoa da erreformaren ustezko helburua —sistemaren finantza egonkortasuna— beste 40 urtez atzeratzen duela.

Kolore anitz haserre horian

Errepresioak itoa

«Ez dute ulertu lortu arte segiko dugula; ez garela geldituko»

«Neoliberalismoak ez du promesa bete, eta erreakzio bortitzak eragin ditu»

Azaroan sartu da indarrean langabezia sari berritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.