Hungariako Magyar Vagon taldeak Talgo erosteko eskaintza aurkeztu du

Enpresa Euskal Herrian sortu zen, baina Madrilen du egoitza. Ribabellosan (Araba) dauka lantegi bat.

TALGO
Talgoren bagoi bat, barku batean sartzen, Saudi Arabiara bidean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 7a
19:35
Entzun

Euskal Herritik gero eta gehiago urruntzen ari da Talgo enpresaren erabakigunea. Hungariako Magyar Vagon taldeak konpainia erosteko eskaintza publikoa aurkeztu du ostegun arratsalde honetan. Enpresa osorik erostea da haren asmoa, akzioen %100, eta, horretarako, 5 euro eskaini ditu akzio bakoitzeko; 619 milioi euro guztira. Azaroan agertu zuen Talgo erosteko asmoa; akzioek orduan balio zutena baino %28 gehiago eskainiko luke, eta gaur baino %14 gehiago.

Erosketa gauzatzeko, gutxienez, Talgoren kapital sozialaren erdiak onartu beharko du eskaintza, eta operazioak Europako Batzordearen eta Espainiako Gobernuaren baimena beharko du.

Gaur egun Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40ekin, eta akzioak saltzeko asmoa agertu du.

Talgo enpresa Euskal Herrian sortu zen, 1942an, baina egoitza Madrilera eraman zuen aspaldi. Gaur egun bi lantegi ditu; bakarra Euskal Herrian: Ribabellosan (Araba).

Magyar Vagon Andras Tombor enpresaburuaren proiektua da. Viktor Orban Hungariako presidentearen gertukoa da Tombor, eta, haren laguntzarekin, garraio enpresa handi bat sortzen ari da.

Espainiako Renfe izan da historikoki Talgoren bezerorik handiena, baina azken urteetan beste herrialde batzuetan lortu ditu kontratuak. Bere proiekturik handiena Saudi Arabiako Meka eta Medina hiriak lotuko dituen abiadura handiko trenarena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.