«Horrela lagundu behar al zaie gazteei? Ona al da enpresari aukera merkeagoa ematea?»

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2006ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Legegileei egotzi die Bengoetxeak lan merkatuko arazoen ardura, eta gazteentzako kontratu berezirik gabe ere, gazte kopuru bera lanean izango zela nabarmendu du. «Zergatik ez?»

Ez al da kontraesana gazteak lagundu nahi izateko aitzakiarekin lan baldintza kaskarragoetan jardutera derrigortzea?

Hori da arazoa. Legegileak zartagina kirtenetik eusten du, eta ezin die kontratuen %8 soilik mugagabeak izatearen ardura enpresaburuei egotzi. Enpresaburuek abusatu egiten dutela? Ba aldatu legedia, gehiegikeriak egiten baldin badituzte legedia malguegia delako izango baita.Lan merkatuko arazoen ardura nagusia legegileena da.

Hainbat lan erreforma egin dira, eta aldi baterakoak dira artean ia-ia kontratu guztiak. Ze irtenbide dago?

Salatu beharra dago, hainbeste borroka egin ondoren lortutako eskubidek soilik iraupen mugagabeko kontratuekin dutelako zentzua. Auzitegietara joan gaitezke, baina sei hilabeterako kontratua badugu, eta bosgarrenean greba deialdia badago, badakigu zer jokatzen ari garen.Gazteak ari dira egurra jasotzen.

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako ikasleak eta sindikatuak gogor ari dira CPE lehen lan kontratuaren aurka. Hegoaldean hobea al da egoera?

Hegoaldean prestakuntzako kontratuak daude. Gehienez bi aldiz luza daiteke, gutxienez sei hilabeterako eta, segur aski, hemen egongo da desberdintasun nagusia, sei hilabeterako berme hori badagoelako.

Beraz, Hegoaldeko egoera ez da askoz hobea. Zergatik da gizartearen erantzuna epelagoa?

Gizarte estatu indartsua dago Frantzian, eta badirudi eskubide sozialak oso errotuta daudela jendearen kontzientzian. Ez da batere erraza izan eskubide horiek lortzea, eta lortu den horretan atzera ez egiteko izugarrizko erresistentzia dago.

Zergatik ez Hegoaldean?

Elementu zehatz bat badago. CCOO eta UGT oso indar gutxi egiten ari dira. Lan zuzenbidea estatu mailakoa da, hemen beste errealitate bat badagoen arren. CCOOk eta UGTk erantzukizun handia dute gertatzen ari denarekin. Espainian Europaren ideia oso erakargarria da eta diskurtso neoliberal hori nahiko ondo ari da errotzen. Frantzian ez zaie horren liluragarria iruditzen. Europako Batasuna, gainera, oso nabarmen ari da enpresen ikuspegia lehenesten, hazkunde ekonomikoak enplegu hazkundea dakarrela azpimarratuz. Baieztapen hori zalantzan jartzeko modukoa da, eta enpleguaren kalitatea ere bai.

Ez dirudi prestakuntza kontratuek eta CPEk ezer konponduko dutenik. Zer egin daiteke zure ustez?

Egia da gazteentzat zailagoa dela lanpostu bat lortzea, baina horrela lagundu behar al zaie? Horiek al dira ekintza positiboak? Ekintza positiboa al da enpresari aukera merkeago bat ematea? Benetako ekintza litzateke Gizarte Segurantzan hobariak ematea; langile gazteengatik enpresek gutxiago kotizatzea. Oso gauza kuriosoa gertatu da, gainera, aurten. Gazteen hobari horiek urtero ematen ditu Espainiako Gobernuak, baina aurten kendu egin ditu. Aurten ez dago neurri berezirik gazteen enplegua sustatzeko, eta hori are kezkagarriagoa da. Kontratu horiek gabe ere gazteak lanerako hartuko lituzke enpresaburuek. Hipotesi zentzuduna iruditzen zait prestakuntza eta praktiketako kontraturik eta CPErik gabe gazte kopuru bera kontratatuta egongo litzatekeela esatea, baina kontratu normalekin. Zergatik ez?

Lan Zuzenbidea Madrildik badator, Jaurlaritzak ez du batere aukerarik?

Enpresaburuei diru laguntzak eman izan dizkie gazteak hartzeagatik. Enpresaren ordez, Jaurlaritzak ordaintzen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.