Hondaren eta Nissanen arteko bat egitea, bertan behera

Japoniako egunkari baten arabera, Nissanek eten egin ditu negoziazioak, Hondak bere filiala izatea eskatu diolako.

Honda, Nissan eta Mitsubishiko buruak, bat egiteko negoziazioen hasiera iragartzen, abenduan. FRANCK ROBICHON  / EFE
Honda, Nissan eta Mitsubishiko buruak, bat egiteko negoziazioen hasiera iragartzen, abenduan. FRANCK ROBICHON / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 5a
11:15
Entzun

Toyotaren eta Volkswagenen atzetik, munduko hirugarren automobilgintza konpainiarik handiena eratzea zen helburua, baina Hondaren eta Nissanen arteko bat egiteko asmoak porrot egin du, iragarri eta 40 egunera.

Japoniako Nikkei egunkariaren arabera, Nissanek eten ditu negoziazioak. Ez zen erabaki erraza izango, inbertsoreek ere zalantzak baitituzte Nissan nola izango den gai bakarrik eusteko automobilgintza sektoreko iraultzari, are gehiago orain, berregituraketa betean baitago.

Nissanen inguruko zalantza horien erakusgarri, gaur Tokioko Burtsan %4 jaitsi dira haren akzioak —haien kotizazioa eten aurretik—. Hondaren akzioek, berriz, %8ko igoera izan dute egunaren amaieran.

Edonola ere, krisian dagoen automobilgintza sektorean, Hondak berak ere zailtasunak ditu txinatarren auto elektrikoen hedatzeari eta AEBetako lehiakideei aurre egiteko, baita autoentzako software garapenean atzean ez gelditzeko ere.

Gehienbat panorama horri aurre egitea zen Hondak eta Nissanek abenduan iragarri zuten bat egitearen asmoa.

Handia eta txikia

Baina bi konpainien neurria ez da alderagarria: Hondaren merkatuko kapitalizazioa Nissanena baino bost aldiz handiagoa da orain, eta horrek hasiera-hasieratik markatu ditu negoziazioak. Azkenean, bitarte honetan handiak bere subsidiario bihur dadin proposatu dio txikiari.

Horrenbestez, baztertu egin dute jabetza bateratuko holding bat sortzeko ideia. Hasierako ideia hartan, Nissanek markari eta erabakietarako botereari eutsiko ziola jaso zen. Nissanek behintzat horrela aurkeztu zituen negoziazioak abenduan, baina, zenbait analistaren ustez, egiaz Hondak Nissan bereganatzea zegoen sakon-sakonean.

Prentsaurreko hartan Toshihiro Mibe Hondako buruzagiak behin eta berriz nabarmendu zuen bat egiteko baldintza ezinbestekoa zela Nissanek bere suspertze plana arrakastaz betetzea. Plan horren arabera, Nissanek bere ekoizpena %20 murriztu behar zuen eta 9.000 lanpostu ezabatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.