«Itsusia izan da, sekula ikusi gabea». Panpi Olaizola Ezpeletako (Lapurdi) ekoizle eta Biper sindikatuko burua etsiturik mintzatu da, atzo pairatu zuten ekaitzaren ondotik. Bost eta sei zentimetro inguruko diametroa zuen kazkabarra erori zen Lapurdiko zenbait herritan, eta laborariek ekoizpenaren parte bat edo dena galdu dute. Olaizolaren hitzetan, gutxienez 47 ekoizle lirateke ukituak biper sailean, ekoizleen laurdenak. Hondamendi naturala deklaratzeko asmoa agertu dute, eta dei egin diete desmasiak izan dituztenei beren aseguruei eta herriko etxeei jasandakoaren berri emateko. Eskaera anitz badira Frantziako Gobernuari helaraziko dizkiola erran du Fabrice Rosay Baionako suprefetak.
Pentzean lanean harrapatu zuen Olaizola. «Doi doietarik iritsi ginen etxera, korrika». Handik ikusi zuten, zuzenean, ekaitza eragiten ari zena. Sagarrondoak kaltetuak dituzte, baina biper ekoizpenak sufritu du gehien; etxean eta hangarrean ere izan dituzte desmasiak. «Mendian ere, iratzeak eta sasiak suntsituak dira; arkume batzuk hil dira. Alde guzietatik kaka da, begiak baizik ez zaizkigu gelditzen negar egiteko», kontatu du, goibel.
Orain dela hilabete eta erdi landatu zituzten biper landareak, eta biltzeko prest ziren. «Edo dena berriz hasten dugu, edo amore ematen dugu». Batzuek entseatu nahi badute ere, Olaizolak uste du beranduegi dela ekoizpena berriz zerotik abiatzeko. Hala ere, ez du dudarik: galera handia izanen da. «Bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu, eta bakoitzak duen bolumenaren arabera ere aldatzen da». Sagarretan galdu dutenaz gain, biperrekin bakarrik 70.000 arteko galera izan litekeela uste du. «Gure diru iturri nagusia da».
Parisera begira
«Ondoko herri batzuetan, motza izan da, baina Itsasun laurden bat baino gehiago iraun zuen», kontatu du Mikel Hiribarren auzapezak Euskal Irratietako Goiz Berri saioan. «Makurrak handiak dira, eta ikusgarriak landare, arbola eta guzietan. Gure eskualdean, landa gehienek dute pairatu, bereziki biper landek; asko berriki landatuak ziren. Eta baratzeak, barazki egileak eta arto alorrak ere, guztiz gehienak xehatuak izan dira. Pentsatzen dut leku batzuetan belarrak ere etzan baino gehiago xehatu dituela, bakan gertatzen den bezala».
Auzapezaren hitzetan, biper landek ez ezik, gereziondoek eta bestelako landare eta zuhaitzek izan dituzte kalteak. Kanpoan ziren animaliek ere izan dituzte kalteak. Azkenik, hainbat auto eta etxetan ere izan dira ondorioak. Hiribarrenen hitzetan, ekaitzaren ondorioz kalteak izan dituztenek aseguruei jakinarazi behar diete lehenbailehen, pairatutakoa frogatzen duten argazkiekin. Baina laborariek herriko etxeetara jo behar dutela zehaztu du, horren bidez egiten ahalko dutela hondamendi natural gisa deklaratzeko eskaera. «Baionako suprefeta mintzatu da gurekin. Erran digu herritarren eskaera handi bat baldin bada eskualde mailako hondamendi naturala deklaratzeko, orduan berak zuela gorago eskatuko Frantziako Gobernuarengandik hala ekarria izan dadin».
Konfiantza gutxi agertu du Olaizolak Frantziako Estatutik etorri litezkeen laguntzei begira. «Nik ez dut sinesten». Iazko udan izan zen idortearen ondotik ezarri zuten protokoloa aipatu du adibide gisa. «Laborari anitz baztertuak izan ziren, ez dugu zentimorik izan». Haren arabera, Lapurdiko ekoizleen artean ez dute herenek ere laguntzarik izan. «Ezagutzen dut kasu bat 30.000 euroko gastua izan zuena bazka faltagatik, eta ez diote fitsik eman». Bestelako iniziatibarik izan litekeen galdetuta, etsiturik erantzun du: «Oraingoz ez dut indarrik horrelakoetan pentsatzeko».