Hondamendi bonuen sasoia

Modan daude hondamendi bonuak, baita auzitan ere. Aseguru etxeek berraseguruetarako erabiltzen dituzte; inbestitzaileek, inbertsioak dibertsifikatu eta dirua irabazteko; eta herrialde batzuek, kalte handiei aurre egiteko dirua bizkor lortzeko.

Beryl urakanak uztailean Jamaikako hiriburuan, Kingstonen eragindako kalteak. RUDOLPH BROWN / EFE
'Beryl' urakanak uztailean Kingston Jamaikako hiriburuan eragindako kalteak. RUDOLPH BROWN / EFE
Irune Lasa.
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Inork ez du hondamendirik gertatzerik nahi. Baina halakorik nahi ez dutenen artean bada talde oso berezi bat: hondamendi bonuen erosleak.

Inbertitzaile horiek arrisku handia hartzen dute, zenbait kasutan jarritako diru guztia galtzerainokoa; baina hondamendirik ez bada, mozkin polita aterako diote haien inbertsioari, beste nonahi agindutakoak baino errentagarritasun dezente handiagoekin.

Ez dute beti zori bera izaten, baina iaz batez besteko %19,7ko errentagarritasuna lortu zuten, handiena 2002. urteaz geroztik. Gainera, interes tasak igotzen badira, bonu horien kupoia ere igo egin ohi da, eta hori erakargarria da erosleentzat. Era berean, finantza merkatuetako aldakortasuna saihesteko balio dute, bateko konpainiaren emaitza txarrak edo besteko enpresen salerosketa baten albisteak ez dielako eragiten.

Jakina, arriskuak arrisku, iazkoak bezalako etekinekin hondamendi bonuak (catastrophe bonds, cat bonds) are ezagunagoak bihurtu dira; nolabait esateko, aurten modan jarri dira.

Ez dute beti zori bera izaten, baina iaz hondamendi bonuek batez besteko %19,7ko errentagarritasuna eman zuten, handiena 2002. urteaz geroztik

Dena den, komeni da jakitea zein den 2023ko errenta ikusgarri horren arrazoietako bat: azken 23 urteetan 2022a izan zela lehena zeinetan hondamendi bonu askoren jabeek kolpea hartu zuten, Ian urakanak Floridan (AEB) 60.000 milioi dolarren kalteak eragin zituelako. Horren ondorioz, bonuek 2023ko ekitaldirako errendimendu handiagoa eskaini behar izan zuten.

Aseguru entitateak eta berraseguratzaileak izan ohi dira hondamendi bonuen jaulkitzaileak. Funtsean, aseguru etxeentzako berraseguruak dira gehienak, hori da modua nahikoa diru edukitzeko hondamendi handi batengatik ordaindu beharreko kopuru oso handiak pagatzerakoan. Asko eta asko AEBetakoak dira; hain zuzen, Florida eta inguruetan urakanek eragindako kalteetarako pentsatuak.

Hondamendi bonuaren kontratuetan ezarritako baldintzen arabera, delako urakan, lurrikara edo uholdeak eragindako kalteak maila batetik gorakoak badira, hondamendi bonuaren jabeari jarritako diruaren zati bat edo diru guztia har diezaioke jaulkitzaileak, katastrofeak kaltetutako asegurudunei ordaintzeko.

Baldintza desberdinak

Baina hondamen bonu guztiak ez dira berdinak, ez behintzat haietan jasotzen diren baldintzak. Hain zuzen, baldintza jakin batzuk, baldintza parametrikoak, eztabaidagai bihurtu dira azken hilabeteetan. Baldintza parametrikoak Munduko Bankuak garapen bideko zenbait herrialderen izenean jaulkitako hondamendi bonuetan agertzen dira.

Ohiko hondamendi bonuetan hondamendiak eragindako kalteak dira inbertitzaileei dirua kendu eta zenbat kendu baldintzatzen dutenak. Adibidez, aurten Floridari eragin dion Milton urakanarekin —zeinak hasieran uste zen baino kalte txikiagoak eragin dituen— denbora beharko da ikusteko aseguru etxeek asegurudunei guztira zenbat ordaindu behar dieten, eta katastrofe bonuen jabeek dirurik galduko duten eta zenbat. Kaltea zenbatekoa den, horixe jarri beharko dute bonu jabeek.

Baina baldintza parametrikoekin ez da hori gertatzen. Adibidez, Jamaikaren izenean Munduko Bankuak jaulkitako hondamendi bonuetako batean bonu jabeek dirua jartzen hasteko baldintza da Jamaika irlako eremu zati jakin batean (kontratuan ezartzen da) presio atmosferikoak maila jakin batetik azpikoa izan behar duela.

Presio atmosferikoa kontratuan zehaztutako mailatik jaisten bada, ez da kalterik neurtu beha: ordaina ia automatikoa da, askoz ere bizkorragoa ohiko hondamendi bonuetan baino. Gainetik geratzen bada, berriz, ez dago ordainketarik: berdin da izendun urakanaren haizeek zenbat kalte eragin duten.

Berdin dio haizeteak kalte handia eragin izana herrialde txiroan edo irla osoa hondamendi eremu izendatu izana: Jamaikak ez du sosik ikusiko 'aseguru' garesti horretatik

Azken hori gertatu zaio Jamaikari uztail honetan, Beryl urakanarekin. AEBetako NOAA agentziaren arabera, Beryl-en presio atmosferikoak pare bat milibarretan gainditu zuen 150 milioi dolarreko hondamendi bonuaren kontratuan ezarritako gehienezko maila.

Ondorioz, berdin dio haizeteak kalte handiak eragin izana herrialde txiroan, edo irla osoa hondamendi eremu izendatu izana: Jamaikak ez du sosik ikusiko aseguru garesti horretatik; aldiz, bonu jabeek kupoia zuzenean jasoko dute, %12ko errentagarritasunarekin; betiere ez bada presio atmosferiko jakin horretatik azpirako urakanen bat igarotzen Jamaikatik, urakan sasoia ofizialki azaroaren 30ean bukatzen baita.

Hori ikusita, klima larrialdiarekiko esposizio handia duten herrialdeen V20 Hogei Zaurgarrien Taldeak —Jamaika ez dago haien artean, baina 80 herrialde hartzen ditu— eskaera egin du, baldintza parametrikoak dituzten hondamendi bonuentzako kondizioak berritzeko. Haien ustez, baldintza parametriko horiek, finantza ingeniaritzaren bidez, gero eta zurrunagoak bihurtu dira.

Munduko Bankua

Eskaera egin diote Munduko Bankuari: tresnaren baliagarritasuna begiratzeko eskatu diote, herrialde txiroek hondamenei aurre egin ahal izateko beste finantza bide batzuk aztertzeko, eta Munduko Bankuak berak babesten dituen hondamendi bonuentzat baldintza malguagoak negoziatzeko, herrialdeen mesedetan.

Baina, Munduko Bankuaren arabera, ordaina jasotzeko aukera zabalduko luketen baldintza malguagoen ondorio nagusia izango litzateke bonua garestitzea, errentagarritasun handiagoa eskaintzea inbertitzaileei.

Gainera, zenbait analistaren arabera, ia ziurra da herrialde zaurgarri horientzako hondamendi bonuetan baldintza parametrikoak zurrunduz joango direla, hain zuzen, klima larrialdiarekin ekaitz larriak ugaltzea espero baita.

Inork ez du hondamendirik gertatzerik nahi, baina batzuek aukera gehiago dituzte sufritzeko.

MERKATUA, HANDITZEN

Gaur egun 300 bat hondamendi bonu daude 46.000 milioi dolarreko (42 milioi euro inguruko) merkatuan. Eta jaulkipen gehiago espero dira, datozen lau urteetan halakoen salerosketak 50.000 milioi dolarreraino (45.000 milioi euroraino) handitzeko. 2022ko ekitaldi kaskarraren ostean, 2023an %19,7ko batez besteko errentagarritasuna izan zuten, eta aurten batez besteko hori %15ekoa da oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.