Murgako industrialdean (Aiara, Araba) lantegi bat zabaldu du Enviri AEBetako korporazioak gaur, abandonatuta zegoen 30.000 metro koadroko eremu batean. Hamahiru milioi euroko inbertsioa egin dute, eta Steelphalt enpresa kokatu da bertan. Asfaltoa ekoitziko dute, Hego Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako ipar-ekialdeko errepideetarako, eta altzairugintzak sortutako hondakinak erabiliko dituzte lehengai gisa. Hamabost beharginek jardungo dute, eta zeharkako beste horrenbeste lanpostu sortuko ditu.
Mikel Barandalla Steelphalteko zuzendariak irekiera ekitaldian kontatu du Erresuma Batuan hiru lantegi dituztela «asfalto ekologikoa» ekoizteko, baina negozioa zabaldu nahi dutela. Euskal Herria aukeratu dute horretarako, lurraldearen garapen ekonomikoagatik, jaso duten laguntza instituzionalagatik —2,4 milioi euroko diru saila jaso dute Next Generation funtsetatik, adibidez—, eta altzairuaren sektoreak duen indarragatik. Inguruko altzairutegi nagusiekin akordioak lotu dituzte orain arte zaborretara zihoazen hondakinak bereganatzeko.
Instalazioak 190.000 tona hondakin jasotzeko ahalmena du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batuta sortzen direnen erdia, gutxi gorabehera. Lantegiaren lehen zatian, zepak tratatu eta agregakin bihurtuko dituzte; bigarren erdian, materiala trinkotu egingo dute, asfalto bihurtzeraino.
Nahasketaren %95 material birziklatua dela azaldu du Barandallak, eta %98rainoko emaitza lortzeko bidean direla iragarri du. Ikerketara bideratutako laborategi bat ere instalatu dute Aiarako lantegian. Gainera, «kalitate handiko» asfaltoa dela esan du, higadura erresistentzia handiagoa duelako eta bizi itxaropena %20 luzeagoa duelako. Hau da, asfalto konbentzionala bost urtean behin berritu behar da, eta horrek, berriz, sei urte irauteko gaitasuna du.
Normalean, harrobietatik ustiatutako material gogorrak erabiltzen dira asfaltoa egiteko. Ingurumenarentzako onura bikoitza izango da, birziklatutako materialak erabiltzean harrobietan ustiatu beharrekoa gutxiago delako.
Arnasa eskualdearentzat
Gaurko ekitaldian izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Proiektua goraipatu du, lana emateaz gain deskarbonizazio prozesuan eragiten duelako. «Industria gehiago eta industria hobea. Hori da bidea», esan du. «Deskarbonizazio prozesuak azkartu behar ditugu, baina sektore, jarduera eta pertsona bat bera ere atzean utzi gabe». Harekin batera izan dira Mikel Jauregi Industria sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta Prudencio Otegi Aiarako alkatea.
Aiaraldea industriari lotutako eskualdea izan da, baina bigarren sektoreak pisua galdu du azkenaldian, hainbat enpresak eten egin dutelako jarduna. Laudioko Guardian Glass izan da azkena, urtarrilaren amaieran, eta eskualdearen industrializazioa hauspotzeko plan bat eskatu zuten hainbat eragilek eta agintarik. Eusko Jaurlaritzak 2022. urtetik du martxan 24 milioi euroko egitasmo bat eskualdea biziberritzeko.
Lehendakariak esan du Europako egungo industrializazio prozesuak aukerak sortu dituela Aiaraldearentzat, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat ere. Abagunea ezin dela alferrik galdu azpimarratu du: «Ahalik eta etekin handiena atera behar dugu, zuhur jokatuz. Lehiakortasunean abantaila lortzeko, eta trantsizio ekologiko ordenatu, orekatu eta bidezkoa ahalbidetzeko».
ARGINDAR GEHIAGO eskatu du lehendakariak
Murgako lantegiaren inaugurazioan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako Gobernuari mintzatu zaio, eta sare elektrikoaren ahalmena handitzeko «konpromiso irmoa» eskatu dio, industria deskarbonizatu eta elektrifikatu ahal izateko, eta zerrendan dauden proiektu industrial eta digital guztiei «berme osoz» aurre egin ahal izateko. «Egoera ulertu eta horri heltzeko borondate politikoa izatea da kontua», azpimarratu du.
Hori nola egin ere esan dio: «Espainiako Gobernuak inplikatu egin behar du sare elektrikoaren ahalmena handitzeko. Ezkutuko gaitasunak desblokeatu behar ditu; hau da, eskuragarri dauden megawattak aktibatu behar ditu. Eta konbentzimendu osoarekin inbertitu behar du garraio eta banaketa sareetan». Espainiako argindar sareko eragileak eta gobernua datozen bost urteetarako plan estrategikoa diseinatzen ari dira.