Nissan eta Honda Japoniako auto ekoizleek indarrak batu nahi dituzte, auto elektrikoen arloan duten konpetentziari aurre egin ahal izateko. Gaur elkarrekin egin duten prentsaurrekoan, aitortu dute elkarrizketak martxan dituztela bat egiteko. Epeak ere zehaztu dituzte: 2025. urteko ekainerako prozesua burutua izan nahi dute, eta 2026. urteko abuztuan holding berria burtsara ateratzea da asmoa.
Nissan eta Honda automobilgintzako bi erraldoi dira. Japoniako merkatuko bigarren eta hirugarren ekoizleak dira, eta munduko lehen hamarren artean daude. Are, fusioa gauzatzen bada, munduko hirugarren ekoizlea izango litzateke marka berria: 183.000 milioi euroren salmentak eta 18.300 milioi euroren irabaziak izango lituzke.
50.000Milioi euroko eragiketa izango da Nissanen eta Hondaren fusioa. Hondak 38.400 milioi euroko balioa du burtsan, eta Nissanen burtsako kapitalizazioa 9.600 milioi eurokoa da. Bataren zein besteen akzioen balioak gora egin du egun guztian.
Salmentei dagokienez, krisi bete-betean dagoen Volkswagen eta Toyota izango lituzke aurretik. Urteko lehen hiru hilekoetan, Toyotak ia zortzi milioi auto matrikulatu ditu mundu osoan; tarte horretan, Nissan eta Honda 5,3 milioira iritsi dira. Auto ekoizlerik handiena da Toyota: beste inork baino gehiago saltzeaz gainera, irabazien arabera ere ez du parekorik.
Merkaturik ez tradizionalentzat
Toyotarekin batera, AEBetako Teslak eta Txinako BYD eta Omoda konpainiek hankaz gora jarri dute automobilgintza. Auto elektrikoen adarraren zati handienaren jabe egin dira, eta ia ez diete lekurik utzi konbustioaren garaietatik datozen marka tradizionalei. Esaterako, Nissanek 9.000 langile kaleratzeko plan bat aurkeztu zuen duela hilabete, justu Txinan eta Ameriketako Estatu Batuetan salmentek behera egin eta gero; Hondak ere espero baino gutxiago saldu du aurten.
«Txinako auto ekoizleen eta marka berrien gorakadak asko aldatu dute autobilgintza», azaldu du Toshiro Mibek, Hondako kontseilari ordezkariak. «2030erako, haien aurka lehiakorrak izateko aukerak garatu behar ditugu. Lortu ezean, garaituak izango gara», gaineratu du Mibek kazetarien aurrean, Reuters agentziak jaso duenez.
Martxoan, Nissanek iragarri zuen Hondarekin hitz egiten ari zela aliantza bat sortzeko. Auto elektrikoentzako softwareak eta osagarriak elkarrekin ekoizteko asmoa dutela esan zuten orduan, kostuak txikitu eta lehiakortasuna handitzeko. Abuztuan, Mitsubishi Motors batu zen negoziazioetara. Nissanenak dira Mitsubishiren akzioen heren bat. Frantziako Renault konpainiak ere izango du zer esana negoziazio prozesu horretan. Nissanen akzioen parte bat harena da.
Lau enpresetako bakar batek ere ez du fabrikarik Euskal Herrian.