Hollandek 2.000 milioiko zerga jaitsiera iragarri du

Klase ertainei eragingo die gehien errenta zergaren apaltzeak.Aurki lan kodea erreformatuko duela baieztatu du Frantziako presidenteak

Iker Aranburu.
2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Elkartasunaren Ituna ezkerrarentzat onargarriagoa izateko egindako promesa beteko du François Hollandek, eta herritarrei errenta zerga jaitsiko die datorren urtean ere. Aurreztutakoa ez da asko izango: 2.000 milioi banatu beharko dituzte zortzi milioi zergapekoren artean, hots, 250 euro batez beste.

Enpresen lehiakortasuna handitzeko eta kontratatzera animatzeko plan bat da Elkartasun Ituna, hiru urtean gizarte kotizazioetan eta zergetan 41.000 milioi euro aurreztea ekarri behar diena. Enpresentzako opari huts gisa ikusia izan ez zedin, herritarrei zergak 5.000 milioi euro jaitsiko ziela agindu zuen Hollandek. Horietatik 3.200 milioi aurten ezarri dira, batez ere irabazi apalak zituztenei egin zien mesede. Oraingoan klase ertainei gehiago begiratuko diela onartu zuen Hollandek, baina ez zuen zehaztu nola egingo duen. Irailaren 30erako jakingo da, aurrekontu legearekin batera. Zergetan bilduko ez dutena beste sailetatik aurreztuko dute, Hollandek baztertu baitzuen defizitarekin finantzatzea.

Sei hilean behin egiten duen agerraldian, Hollandek baieztatu zuen Lan Kodearen erreformari helduko diola aurki. Aste honetan jasoko du Parisko gobernuak gaia jorratu duen Combrexelle batzordearen txostena, eta horren gainean egingo du legegaia, ziur aski urtea amaitu aurretik. Erreformaren helburua da enpresei —eta sektoreei— aukera handiagoak ematea lan baldintzak beren beharretara moldatzeko, «[langileei] eskubide gehiago emateko, [enpresei] malgutasuna handitzeko», Hollanderen hitzetan. Inolaz ere aldatu ahal izango ez dituzten zenbait puntu argi utzi zituen presidenteak: Smic gutxieneko soldata, eta lanaldi ofiziala 35 ordukoa izatea. «Legea enpresa barruko akordioekin ordezkatzea probokazio bat da», erantzun zion Jean Claude Mailly FO sindikatuko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.