Hodei beltzak Añorgan

Cementos Rezolako langileak kexu dira prentsaren bidez jaso dutelako enplegu erregulazioaren berri, eta nabarmendu dute hilabete denbora gutxi dela halako erabakiak hartzeko, bizitza aldarazi baitiezaiekete.

Cementos Rezola fabrika Añorgan (Donostia). ASIER GONZALEZ DE SAN PEDRO
Cementos Rezola fabrika, Añorgan (Donostia). ASIER GONZALEZ DE SAN PEDRO
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 20a
05:05
Entzun

Euskal Herriko udaberriko ohiko egun batean bezala, hodeiak eta ostarteak tartekatzen dira Añorgan (Donostia), baina hodei beltz bat dago Cementos Rezola gainean. Haizerik ez dabil, baina fabrikaren pareko tabernan hautsak harrotuta daude.

Ohi duten moduan, hamaiketakora gerturatu dira Cementos Rezolako hainbat langile, eta auzoan eta enpresan pil-pilean dagoen gaiaz aritu dira. Shocka, amorrua, haserrea, ezjakintasuna, malkoz bustitako begiak... Horiek dira tabernan sumatzen diren emozioak, bai langileen aurpegietan bai auzokideenetan. Tabernariak ere kezka azaldu du, berari ere eragingo diolakoan.

Fabrikatik atera diren langileak eta lanean ez daudenak tabernan elkartzen hasi dira batzarren aurretik, eta mahai baten inguruan eseri dira kezkak eta zalantzak argitzera. Baina denek galdera bera egiten diote elkarri: «Zu ere listan zaude?». Langile batzordeari enplegua erregulatzeko espedientearen berri eman ziotenean, langileen Whatsappeko taldeak sutan hasi ziren, eta erregulazioak eragindako langileen zerrenda ere zabaldu zen.

Hala ere, langileek ez dute argi zer gertatzen ari den enpresan, gehienek prentsan izan baitute enplegu erregulazioaren berri. Enpresaren komunikazio faltaz kexu dira, eta nabarmendu dute hilabete bat denbora gutxi dela halako erabakiak hartzeko, bizitza aldarazi baitiezaiekete. Izan ere, atzo hasi zen enplegu erregulazioaren inguruan eztabaidatzeko hilabeteko epea, eta hura amaituta erabaki beharko dute batzuek beste leku batera lanera doazen ala ez. Kontua da Heidelberg Materials taldeak 56 langile kendu nahi dituela Añorgako fabrikatik, baina aukera batzuk proposatu dizkie: erretiro aurreratua hartzea, lekualdatzea eta beste enpresa batean lanean hastea.

Aldaketak

Enpresak hamabost lanpostu eskaini ditu Arrigorriagan duen plantan (Bizkaia), eta horrek kalkulagailuak jarri ditu martxan. «Arrigorriagarako fabrikara joanez gero, hilean autoaren bost depositu bete beharko nituzke, gehi Via T eta bidaietan galtzen den denbora guztia», esan du langileetako batek —ez du izenik eman nahi izan—. Beste lekualdatze batzuk Erresuma Batura, Italiara eta Herbehereetara izatea eskaini du konpainiak, «inguruko herrialdeetara», langileek ironiaz esan dutenez.

Enpresak eskaini dituen beste aukeretako bat da ABLE aldi baterako laneko enpresa batean izena ematea, baina ez dirudi aukera horrek asko erakartzen dituenik langileak.

Añorgan gelditzen diren langileen inguruan ere hitz egin dute, eta esan dute etorkizunean lan baldintza «txarrak» izango dituztela, eta ezingo direla kexatu. «Produkzio kantitate bera mantendu nahi dute, baina orain dauden langileen erdiekin, eta hori ez da bideragarria», gaineratu du beste batek.

«Desmonetizatu»

Alemaniako enpresak deskarbonizazio plan baten barruan egin nahi du enplegu erregulazioa, baina behargin batek «desmonetizazioa» dela azaldu du: «Soldata handiak dituzten langileak kendu nahi dituzte, eta, lanerako jendea behar dutenean, soldata txikiagoa jasoko duten langileak kontratatuko dituzte». Deskarbonizazioa «aitzakia bat» besterik ez dela gehitu du.

Beste behargin batek ere berdin pentsatzen du, eta, zintzurra busti eta gero, iritzia eman du: «Deskarbonizazioaz hitz egiten ari da enpresa, baina aurrerantzean produkzio bera izango duela esan dute. Horretarako, Arrigorriagatik klinkerrez beteriko kamioiak ekarriko dituzte, eta nire galdera da ea kamioi horiek ez duten kutsatzen». Hori entzutean, ondoko batek barre artean baieztatu du klinkerra ekarriko duten kamioi horiek elektrikoak izango direla.

Lanpostuak desagertu aurretik ere, hainbat kalte izan dira dagoeneko. Mahaiko batek azaldu du berak lo egiteko arazoak dituela, eta beste bat gaixo baimena eskatzear dagoela, urduri dabilelako berria jaso zuenetik.

«Herriarentzat» ere eragina izango duela azaldu du Mikel Sarasola añorgatarrak. Fabrikaren inguruan hazitako auzoa da Añorga, eta enpresak eraikitakoak dira hainbat etxe eta futbol zelaia. Baina Sarasolak uste du enpresak urteak daramatzala auzotik urruntzen, eta horrek zaildu egiten duela auzoak erantzun bat ematea. Dena den, «herriak» enplegu erregulazioaren aurka egingo duela espero du.

Ostiraleko batzarrean hastekoak dira protestak antolatzen, baina erantzuna prestatzeko asanblea egingo dute orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.