Hobetuz-en lana Lanbidera eramatea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

Lege aldaketek eta egungo egituraketak eztabaida zabaldu dute EAEn, etengabeko prestakuntza kudeatzen duen fundazioaren beharrari buruz.Kontrako epai batek ere kolokan utzi du organoa

Angel Toña Lan eta Gizarte Politiketako sailburua. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Datorren urtean hogei urte beteko dira Hobetuz fundazioa sortu zenetik. Eusko Jaurlaritzaren, patronalaren eta sindikatuen arteko akordio historiko baten emaitza izan zen, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etengabeko prestakuntza bultzatzeko eta finantzatzeko ardura bere gain hartu zuen harrezkero. Haatik, gaur egungo egoeran, fundazioaren beharrari buruzko zalantzak ugaritu dira. Hobetuz-en bidez egiten diren lanak Lanbide enplegu zerbitzura lekualdatzeko aukera aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Hala onartu zuen atzo Angel Toña Lan eta Gizarte Politiketako sailburuak. Uneotan Hobetuz-en diru iturri bakarra Lanbidetik eman zaion finantzaketa da. Hori dela eta, prestakuntza ekintza horiek enplegu zerbitzutik zuzenean egiteko aukerari ate bat zabaldu dio sailburuak.

Hobetuz-en jarraipenari buruzko zalantzak ulertzeko hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Lehenbizikoa egituraketa arazoak dira. 2010. urtera arte Jaurlaritzak ez zuen lan politika aktiboen eskumena bere gain hartu. Ordura arte uko egin zion, ez zetozelako Gernikako Estatutuak legez aitortzen dizkion politika pasiboekin —Gizarte Segurantzaren kudeaketarekin— batera. Eskumenak eskumen, EAJk Jose Maria Aznarren Espainiako gobernua babesteko akordio batek finantzaketa bermatu, eta fundazioa martxan jartzea ahalbidetu zuen. Akordio politiko hutsa izateak laster eragin zituen arazoak. PP eta EAJ urrundu ahala, finantzaketaren iturria eten zuen Madrilek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileek formaziorako ordaintzen dituzten kuota guztien dirua Hobetuz-en bidez kudeatu beharrean, Espainian antzeko helburuarekin sortutako Forcem fundazioarekin partekatzera behartu zuen.

Tamaina txikiago batekin, Hobetuz-ek lanean jarraitu zuen. Hori bai, 2010. urtean politika aktiboen eskumena jaso zenetik Lanbide bihurtu da horiek bideratzeko tresna. Hobetuz-en egitekoak Lanbidera eramateko zailtasunen artean dago zer gertatuko den fundazioko lantaldean dauden hemeretzi langileekin.

Bigarren faktorea etengabeko formazioaren izaerari buruzko lege aldaketak dira. Espainiako Gobernuak laster onartuko du lege dekretu berri bat. Horren barruan patronalei eta sindikatuei ikastaroak emateko aukera kentzeko asmoa luke gobernuak. ELAk eta LABek Hobetuz-etik alde egiteko jarri zuten arrazoietako bat da hori: sindikatuei eta patronalei atzeko atetik finantzaketa emateko bitartekoa direla fundazio horiek.

Gaur egun, Hobetuz-ek ordaindutako diruarekin Confebaskek, CCOOk edo UGTk antolatutako ikastaroak diruz laguntzea posible da, baina, dekretua baldintza horiekin onartuz gero, aurrerantzean ez da posible izango. Toñari ez zaio gaizki iruditzen aldaketa hori, baina ez zaio funtsezkoena iruditzen: «Ikastaroak ondo egitea da garrantzitsuena, ez hainbeste nork egiten dituen».

Etengabeko formazioaren lege aldaketa Aste Santuaren aurretik onartzea espero da. Ordurakoonartuta ez dauden planak bertan behera utziko ditu moldaketak. Jaurlaritzak aurrea hartuko dio balizko aldaketari. Aste honetan onartu nahi zuen Hobetuz-en finantzaketa, baina martxoaren 24ko gobernu kontseiluan egingo du. Egun bat geroago Lanbideko administrazio kontseiluak onartuko du, eta 26an aldizkari ofizialean argitaratuko da. Toñaren arabera, Confebask patronalak eta UGT nahiz CCOO sindikatuek «interesa» zuten programa erreformaren aurretik onartzeko. Orain finantzaketa ziurtatzeak Hobetuz-en geroaz erabakitzeko urte bat emango die, halaber.

Epaiaren helegitea, bidean

Hirugarren fronte bat ere zabalik du Hobetuz-ek. Kasu honetan, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoari 25,7 milioi ordaintzera zigortu duen erabakia. Jaso arren, gastatu ez zen prestakuntzarako dirua litzateke hori. Arazoa da diru hori Hobetuz-ek Eusko Jaurlaritzari bueltatu ziola 2002. urtean. Espainiako Gobernuak dirua bera dela uste du, ordea, eta auzitegiek arrazoia eman diote.

Jaurlaritzak helegite bat jarriko du erabakiaren kontra. Ez badu lortzen, gutxienez ordainketa etetea edo atzeratzea eskatuko du. Hala ere, konponbidea politikoa izan behar duela uste du Toñak. Espainiako Gobernuarekin akordio bat lortu nahi du, diruaren auzia, egotekotan, kupoaren bidez kitatu beharreko kontuetara gehitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.