Hobetuz-en deialdia bertan behera utzi du oraingoz Jaurlaritzak

Etengabeko prestakuntzaren erreformak duen eragina aztertzen ari da Lan Saila.Confebaskek, CCOOk eta UGTk deia azkartzea nahi zuten

Angel Toña eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Eusko Legebiltzarreko saio batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Lehenbiziko ondorioa izan du langileen etengabeko prestakuntza sistemaren erreformak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan formazioa sustatzeko aurtengo deialdia bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak joan den ostiralean onartutako moldaketaren edukia aztertzen ari da Lan Saila, administrazio publiko ororentzako bete beharrekoa delako. Oraingoz, ez da deialdirik egingo.

Ez zen hori Angel Toñak zuzentzen duen departamentuaren asmoa. Toñak berak iragarri zuen deialdia atzoko Jaurlaritzaren gobernu kontseilura eramateko asmoa zutela; ondoren, gaur egitekoa den Lanbideko administrazio kontseiluan gizarte eragileekin partekatu, eta bihar EAEko aldizkari ofizialean argitaratzeko.

Tramite horren helburua Espainiako Gobernuaren erreformari aurrea hartzea zen, dekretua ostiral honetan onartuko zela aurreikusita zegoelako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etengabeko prestakuntzaren kudeaketa Hobetuz fundazioaren bidez egiten da. Erakunde horretan ordezkaritza dute gobernua, Confebask patronala, eta CCOO eta UGT sindikatuek. Gizarte eragile horiek aurtengo deialdia azkartzea eskatu zioten Jaurlaritzari.

Eskaera hori ontzat jo zuen Toñak, gobernuarekin elkarlanean ari diren gizarte eragileei laguntzeko modu gisa. Ohiko epeak aurreratzea zekarren, nabarmen. Joan den urtean abuztuaren 1ean argitaratu ziren aldizkari ofizialean etengabeko prestakuntzaren deialdirako baldintzak.

Etengabeko prestakuntzaren aldaketak nola eragiten duen argitu nahi du lehenbizi gobernuak, ezer egin baino lehen. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuen zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla moldaketaren lege dekretua. Edonola ere, aurtengo laguntza deialdia baldintzatuko duen erabakia badela onartu zuen Erkorekak.

Erreforma errege lege dekretu baten bidez onartu denez, indarrean dago jada. Horrek esan nahi du aintzat hartu beharko dela dagoeneko bideratuta ez dauden formaziorako ekintza guztietan.

Gizarte eragileei mugak

Araudi berriak mugatzen du gizarte eragileek etengabeko prestakuntzan zituzten aukerak. Aurrerantzean ezin izango dute langileentzako ikastaroak antolatu, eta, horien truke, diru laguntza publikoak eskuratu, ez zuzenean behintzat.

Hobetuz fundazioko patronatuko kide gisa, urtero prestakuntzaren diseinuan eta antolakuntzan parte hartu dute Confebaskek eta CCOO eta UGT sindika- tuek. Hortik aparte, deialdietara ikastaroak aurkeztu, eta finantzaketa publikoaren parte bat eskuratu dute. 2009. eta 2014. urteen artean 40 milioi eurotik gora jaso dituzte gizarte eragile horiek Hobetuz-etik. Gutxi gorabehera, urtero banatutako diruaren %30 eta %40 bitartean poltsikoratu dute. Hobetuz-ek iaz 15,2 milioi euro zituen langileentzako prestakuntza ekintzak finantzatzeko. Diru hori nola banatu zen ez da oraindik argitaratu.

Hobetuz-en etorkizunari buruzko zalantza giro batean iritsi da etengabeko prestakuntzaren erreforma. Toña sailburuak adierazi du fundazioaren lana zuzenean Lanbidetik egiteari buruzko gogoeta ireki dutela. Era berean, Espainiako enplegu zerbitzuari 25 milioi bueltatzera zigortu berri dute auzitegiek Hobetuz. Hasieran, aste honetan ordaindu beharko luke ebazpeneko dirua. Zigor ekonomiko hori bertan behera uzteko, edo, behintzat atzeratzeko, helegite bat bultzatu du Jaurlaritzako Lan Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.