Hobetuz-ek Jaurlaritzaren laguntza eskatu du, 25,7 milioi ez ordaintzeko

Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak gogorarazi du 2002an itzuli ziola Jaurlaritzari orain Espainiako enplegu zerbitzuak exijitzen dion dirua.Auzitegietako bidea amaitu nahi du Hobetuz-ek

1996az geroztik Hobetuz arduratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen etengabeko trebakuntzaz. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arriskuan dago Hobetuz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileei prestakuntza ematen dien fundazioak egun gutxi ditu 25,7 milioi euro emateko SPEE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari. Diru hori ordaintzeko modurikez duela dio fundazioak, besteak beste, dagoeneko eman ziolako Eusko Jaurlaritzari. Hari eskatu dio Madrilekin negozia dezala. Negoziazio horien esperoan, auzitegien bidea amaituko duela iragarri du Hobetuz-ek.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren egituren arteko desadostasun baten ondorioa da gatazka. 1999an, Europako Gizarte Funtsak diru kopuru bat eman zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen prestakuntzan gastatzeko. Eusko Jaurlaritzak jaso zuen dirua, eta Hobetuz-i eman zion, hark erabil zezan 1997-1999 epeko programak finantzatzeko. Hiru urteko ibilbidea zuen orduan Hobetuz-ek, Jaurlaritzaren, Confebasken eta lau sindikatu nagusien (ELA, CCOO, LAB eta UGT) akordioarekin sortutako erakundeak.

Hobetuz-ek, baina, ez zuen diru hori guztia erabili, eta soberakina Jaurlaritzari itzuli zion 2002an. «Funtsak Jaurlaritzak eman zizkigun, eta hari itzuli zitzaizkion soberakinak», gogorarazi zuen atzo Hobetuz-en patronatuak, bilera baten ondoren zabaldutako agirian.

Arazoa da Espainiako Gobernuaren arabera dirua berea dela. INEM lehenik eta haren ordezko SPEE ondoren, 2009az geroztik ari dira dirua aldarrikatzen, bestela Hobetuz-ek «gehiegizko finantzaketa» izango zuela argudiatuta. Gasteizko gobernuarekin akordiorik egon ez denez, epaitegietara eraman zuten gaia enplegu zerbitzuek, eta arrazoi eman diete. Iazko martxoan, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen dirua SPEErena dela, baina epaia ez da abendura arte jakinarazi. Joan den martxoaren 5an, dirua ordaintzeko hamabost eguneko epea eman zion SPEEk Hobetuz-i: 16.360.018 euroren zorra eta 9.411.192 euroren interesak. Guztira, 25,77 milioi euro.

Desadostasunen iturri

Martxoaren 27rako diru hori ordaindu behar izateak porrotera eramango lukeenez, Hobetuz-ek laguntza eskatu dio Jaurlaritzari. Neurri batean, bere buruari egindako eskaera bat da, Gasteizko gobernuak bost ordezkari baititu orain fundazioaren patronatuaren barruan; Ricardo Barkala Enpleguko sailburuordea da Hobetuz-eko presidentea. Hobetuz-ekEspainiako Enplegu Ministerioarekin negoziazioa irekitzeko eskatu du. «Akordio bat nahi du Hobetuz-ek, batetik, erakusteko zintzo eta garden jokatu duela jasotako funtsak etengabeko prestakuntzara bideratuta, eta, bestetik, bere lanarekin normal segitu ahal izateko».

Negoziazioek emaitza eman bitartean, bere porrota saihesten saiatzeko epaitegien bidea agortuko duela iragarri du Hobetuzek. Horretarako, argudiatuko du itzuli beharreko dirua ez datorrela bat Auzitegi Nazionalaren epaiak ebatzitakoarekin.

Langileen prestakuntza dela-eta Madrilek eta Gasteizek izandako desadostasunak ez dira berriak. Hobetuz-en sorrera kritikatu zuen Espainiako Gober- nuak, «Estatuaren egitura paralelo bat» zelakoan, eta harentzako dirua osorik Jaurlaritzak jarri beharko zuela defendatu zuen. Jaurlaritzak, berriz, uste du gatazka hori 2010ean amaitu zela, urte horretan enplegu politika aktiboen eskuduntza osoa jaso zuenean. «Kontu guztiak hor itxi ziren», ziurtatu zuen ostiralean Angel Toña sailburuak, eta Hobetuz-en porrota saihesteko «behar den guztia» egingo dela agindu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.