Soekarno-Hattako aireportua, Jakarta; 2018ko urriaren 29a, goizeko seiak eta hogei. Lion Air konpainiaren 610 hegaldia aireratzear da, Pangkal Pinangera bidean (Indonesia). Hegazkinean 189 pertsona doaz, 181 bidaiari, sei kabinako tripulatzaile eta bi pilotu. Abiatu eta hamahiru minutu eskasera, egonkortze sistemak akats bat izan, eta hegazkina itsasora erori da. Ez da inor bizirik atera.
Boleko aireportua, Addis Abeba (Etiopia); 2019ko martxoaren 10a, goizeko zortziak eta hogeita hemezortzi. Ethiopian Airlines konpainiaren 302 hegaldia aireratzear da, Jorno Kenyattara bidean (Kenia). Hegazkinean 149 pertsona doaz, 141 bidaiari, sei kabinako tripulatzaile eta bi pilotu. Abiatu eta hiru minutu eskasera, pilotuak jatorriko aireportura itzultzeko baimena eskatu du, hegazkina modu ezegonkorrean igotzen ari dela eta. Hiru minutu geroago galdu dute hartu-emana. Oraingoan ere, ez da inor bizirik atera.
Hegazkin modelo berak bi istripu izan ditu bost hilabetean baino gutxiagotan: AEBetako Boeing konpainiaren 737 MAX berriak. Guztira, 338 hildako; gainera, antzeko ezaugarriak izan dituzten bi istriputan. Hilabeteak pasatu dira ezbeharrak jazo zirela, eta, oraindik ikerketak guztiz amaituta ez dauden arren, begirada guztiak gainean ditu 737 MAXaren MCAS Egonkortze Sistema Automatikoak. Beharrezkoa ez zen unean jarri zen martxan bi kasuetan.
Boeing, ehun urte baino gehiago dituen konpainia, inoizko krisirik handienean sartuta dago. Dennis Muilenburg Boeingeko arduradun nagusiak aste honetan bertan onartu du ez dutela alboratzen 737 MAX modeloaren produkzioa etetea aldi baterako.
Kopuru batzuk lagun dezakete 737 MAX hegazkinak lurrean uzteak sortzen dituen ondorioak neurtzen. Burtsan kotizatzen duten AENetako 30 enpresarik handienen kotizazioak jasotzen ditu Dow Jones burtsa indizeak, eta liderra da Boeing. 100.000 langile inguru ditu munduan zehar. 2018. urtean, 90.800 milioi euroren irabaziak izan zituen; horietatik 54.500, hegazkin komertzialen adarrari esker. 2019ko salmenten ia erdiak 737 MAX modeloari esker egingo zituztela aurreikusten zuten.
Hegazkinak, lurrean
Hegazkinen geldialdiak eragin larriak izan ditu, ordea. Urteko lehen sei hilabeteetan %37 jaitsi ditu salmentak Boeingek, eta %28 igo, berriz, haren aurkari nagusiak, Airbus europarrak. Azken emaitzen arabera, urteko bigarren hiruhilekoan, 2.640 milioi euroren galerak izan ditu hegazkin konpainiak. Besteak beste, Saudi Arabiako Flyadeal kostu apaleko airelinea 737 MAX modeloko 50 hegazkin erosteko eskaria egin zuen, eta bertan behera utzi du; 5.300 milioi euro balio zuen akordioak; horren ordez, 50 Airbus A320 NEO erosiko ditu. Mundu mailako lidergoa galtzeko arriskuan da Boeing.
Martxoraino egin behar da atzera hegazkin horrekin gertatu denaren kronologia egin ahal izateko. Martxoaren 10ean —Etiopiako istripua gertatu zen egunean—, zenbait airelineak bertan behera utzi zituzten Boeingen 737 MAX modeloak egin behar zituen hegaldi guztiak, argudiatuta ezbeharrak antzekotasun handia zuela Indonesian gertatutakoarekin. Martxoaren 11n galarazi zuen Txinak 737 MAXaren erabilera, eta 12an, Europako zenbait herrialdek. Martxoaren 13 goizerako AEBek, Kanadak eta Panamak soilik mantentzen zuten hegan Boeingen hegazkin familiarik ezagunenaren laugarren belaunaldiko harribitxia. Egunean bertan eman zuten atzerapausoa Kanadak eta Panamak ere.
Iritsi zen Donald Trumpen txanda. Estatu Batuetako presidentea bera arduratu zen herrialdearen ikurrik handietako bat den enpresaren hegazkin modelo hori lurrean gera zedila eskatzeaz. Honako hau txiokatu zuen egun hartan: «Boeing konpainia bikaina da. Oso-oso gogor ari dira lanean oraintxe, eta espero dugu erantzunak azkar aurkituko dituztela, baina, bitartean, lurrean mantenduko ditugu hegazkinak». Dennis Muilenburgek adierazi zuen, berriz, «publikoa lasaitzea» zela hegazkinak lurrean uzteko arrazoia.
Martxoan hasi zena istorio dramatiko bilakatu zen Muilenburgen konpainiarentzat, eta ez laburra gainera. Hankak lurrean iltzatu zizkieten dagoeneko zeruetan zehar zebiltzan 371 hegazkini. Boeingen hegazkin familiarik ospetsuenaren azken alea da 737 MAX modeloa, eta aurrekoek baino motor eraginkorragoak ditu, aerodinamika hobea eta fuselaje berria. Errekor guztiak apurtzen ari zen istripuak gertatu arte; azkarren saldu den hegazkina izan da AEBetako konpainiaren historian, eta, jada martxan zebiltzan ia 400 horiez gain, beste 4.754 eskari jasoak zituzten.
Irailera arte, gutxienez, ez da airera itzuliko 737 MAX modeloa. Hipotesi nagusien arabera, istripuak eragin zituen MCAS sistemaren hutsegiteez gain, hegaletan eta mikroprozesadoreetan ere aurkitu dizkiote akatsak azken azterketek.
Munduko hainbat segurtasun agentziak adostu beharko dute berriz hegan egiteko moduan den ala ez, eta ez dirudi erabaki samurra izango denik. Boeingek ez du inoiz onartu istripuak akats batek eragin zituenik.
Langileen aparkalekuetan
Hegazkinek hegan egin ezin badute, ezinezkoa da horiek entregatzea ere. Arazo horri aurre egin ezinik dabil, orain, Boeing. Seattle kanpoaldean, Rentonen, fabrikatzen da 737 MAX modeloa, enpresaren jatorriko hirian. Oraingoz, produkzioak ez du etenik izan han, nahiz eta apirilean murriztu egin zuten produkzioa: hilabetean 52 hegazkin egiteari utzi, eta 42 egiten hasi ziren.
Ekoitzitakoa gordetzeko lekurik gabe geratzen ari da Boeing Rentonen: hegazkinak ikus daitezke jada langileen autoentzako aparkalekuetan ere.
Hobe oinak lurrean izatea
Boeingek 737 Max modeloa ekoizteari utz diezaioke laster. Modelo horrek bi istripu lazgarri izan zituen bost hilabete baino gutxiagoko epean. Ordutik ez du hegan egin, eta krisi larrian dago konpainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu