Koronabirusa. Sonia Perez. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza, eta Kontsumo sailburua

«Hobe da irekierak atzeratzea, hasierara itzultzea baino»

Perezek gogoratu du jarduera ekonomikoari ekiteko aukera baino ez dela zabaltzea. Lasaitasun mezua igorri du:«Ez da laguntzarik kenduko».

BORJA AGUDO.
aitor biain
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Iluntasunean argi izpi batzuk ikusi ditu Sonia Perez (Barakaldo, Bizkaia, 1976) Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Zuhurtziaz mintzo da, baina iritzi dio konfinamendua arintzeko planak zulotik ateratzen hasteko heldulekuak emango dizkiela merkatariei eta ostalariei; data batzuk aurreratu izana jarri du horren adibidetzat. Aitortu du, ordea, ziurgabetasun handia dagoela oraindik, eta informazio zehatza falta dela.

Bihar hasiko da normaltasun berrirako bidea. Baina zalantza asko sortu ditu planak sektorean. Nola ulertu behar da plana?

Onartu behar da plana teorikoa dela. Osatu da pentsatuaz dena ongi joango dela; beraz, tentuz hartu behar da. Oso pixkanaka joango da, eta egoeraren arabera aldatzen joan liteke. Gainera, gerta liteke bilakaera oso desberdina izatea herrialde bakoitzean, eta horrek eragin dezake erritmo desberdinak ezartzea.

Negozioek pixkanaka irekitzeko aukera izango dute, baina merkatariek salatu dute ez zaiela mezu argirik eman.

Hobe da irekierak atzeratzea, berriz hasierako puntura itzultzea baino; garrantzitsua da hori ulertzea. Lehenengo fasean, ez dute komertzio guztiek zertan ireki: prest daudenak edo neurriak bete ditzaketen horiek bakarrik egindezakete. Lehenengo fase hau gehiago da prestaketa moduko bat, irekiera zabalago baten aurrean nola jokatu jakiteko. Eta, batez ere, negozioak ere egoera berrira egokitzen hasteko. Ez da nahitaezkoa zabaltzea, aukera baino ez da; lanean hasteko, martxari ekiteko aukera bat. Baldintzak badaude, baina pixkanaka joan behar dugu.

Protokolo zehatz bat bete beharko da, eta ordua eskatu edozertarako. Zein da protokolo hori?

Elikaduraren arloa izan dugu horretan aurrekari, zorionez. Beraz, egia esateko, ez dago ezer berririk oinarrizko beharren komertzioetan izandakoekin alderatuta. Kontuan hartu beharko dira segurtasun distantziak, garbitasun neurriak edo gehiegizko edukierak. Jarduera zailagoa izan daiteke ehungintzako merkataritzan; zalantza gehiago egon daitezke, agian. Baina aukera ona izan daiteke aurrez harturiko orduaren bitartez jarduteko, eta pixkanaka egoera berrira egokitzeko.

Dendak itxita egon dira ia bi hilabetez, baina Internet bidezko erosketak ikaragarri handitu dira. Zergatik ez dira debekatu?

Bere garaian aztertu zen, baina erabaki zen jarduera ekonomikoa gehiago ez mugatzea. Egia da plataforma handiek irabazi dutelagehien egoera horretan, baina online bidez saltzen duten komertzio txikientzat ere arnasbide bat izan da. Beraz, honek guztiak hizpidera ekarri digu komertzio txikien digitalizazioak zein premia duen. Ari ginen lehendik ere lanean, baina orain ikusi da premia larria dagoela. Indartu egin behar dira digitalizaziorako programak, eta azkarrago aritu behar dugu.

Beherapenak berriz erregulatzeko eskaria egin du sektoreak. Aztertu duzue?

Jaurlaritzak ez dauka eskumenik horretan, baina ministerioarekin egindako bileran proposamena helarazten lehenak izan ginen. Hizpidean dagoen gaia da. Eskatzen dena da 2012ko liberalizazioaren aurreko egoerara itzultzea, finean. Juridikoki ongi aztertu beharko da zer egin daitekeen eta zer ez, ez baita horren erraza.

Kontsumoa sustatzeko neurriak aipatu dira, baina zuzeneko laguntzarik izango da?

Bai, izango dira. Bi ardatzen inguruan ari gara lanean: estimulu laguntzak daude, batetik, eta hor sartuko lirateke erosketa bonuak eta kanpainak. Foru aldundiekin eta udalekin elkarlanean ari gara bonu bakar bat ateratzeko. Baina horiez gain, zuzeneko laguntzak ere badaude. Lehendakariak iragarritako 30 milioiko poltsa gehigarri hori, esaterako, merkataritzat eta ostalaritzako autonomoentzat eta enpresa txikientzat da batez ere.

Lanbideren laguntzen kudeaketak kritika handiak jaso zituen.

Bai, egia da. Lan sailburuak ere egin zuen autokritika bere garaian. Diru poltsa eskasegia izan zen, eta eskaera asko geratu ziren onartu ezinik. Orain handitu eta hobetu dugu funtsa, laguntzak merkataritzara, ostalaritzara eta turismora ere irits daitezen.

Ostalariak oso kexu azaldu dira, halaber. Ez dituzte begi onez hartu negozioa irekitzeko ezarri zaizkien baldintzak.

Ulertzekoak dira beraien kezkak. Ostalaritzaren alorra oso zabala da, askotariko negozioak daude, eta bakoitzak bere bide orria beharko du, agian. Horregatik aztertu beharko da kasu bakoitza: ez dago zertan berehala ireki. Aurreneko fase honen ondoren ikasgai batzuk aterako ditugu, eta horrek denbora emango digu hurrengo faserako prestatzeko eta dagokien protokoloa zehazteko.

Negozioa bideragarria izateko,enplegu erregulazioak malgutzea ezinbestekotzat jo dute.

Beharrezkoa da, bai, eta guk ere hala uste dugu. Eskaera hori egin genion Madrili, eta aintzat hartu dute dagoeneko. Ohartzen gara ostalariei eta hotelei gehiago kostako zaiela negozioak zabaltzea. Langile kopurua egokitu beharko dute aldian aldiko neurrietara, eta, horretarako, funtsezkoa da aldi baterako erregulazioak malgutzea, noski. Baina lasaitasun mezua igorriko nieke ostalariei: ez da laguntzarik kenduko negozioa ireki arren.

Nola kontrolatuko da tabernen edukiera? Egingarria da hori?

Argi dago neurri asko eta asko herritarren arduraren eta kontzientziaren bizkar egongo direla. Eta baikorra naiz; barneratuak baititugu dagoeneko: segurtasun tarteak mantentzen ari gara, komertzioetan ilarak egiten ditugu… Ostalaritzan ere gauza bera izango da. Protokoloa erabat zehaztu gabe dugu oraindik, baina ildo beretik joango da.

Zein zentzu du hotelen irekiera baimentzeak pertsonen mugimendurik gabe?

Ostalaritzarekin gertatu moduan, normaltasunerako itzulera hori mailakatua izango da hoteletan ere, eta irekitzeko aukera emateak ez du esan nahi jarduera osoari ekiteko aukera izango dutenik. Une honetan badira hotel batzuk zabalik, eta planteatzen dena da hotel gehiago irekitzea funtsezko zerbitzuekin loturarik ez duten bezeroak hartzeko. Eremu komunak zabaltzen dituztenean, bilerak hartzeko aukera izan dezakete, esaterako. Horregatik da garrantzitsua lan erregulazioak eta irekiera baldintzak elkarrekin joatea.

Nolakoa izango da uda? Zein da aurreikusten duzuen agertokia?

Plana behar bezala badoa, uztailaren hasierarako normaltasun berri horretan egongo gara, ia erabat. Eta, ordurako, turismo jarduerari berrekitea espero dugu, bertako turismoa bada ere. Albiste ona litzateke, eta sektorearentzat lagungarria oso. Baina, egiari zor, turismoarentzat urte konplikatua izango da.

Urtea galduta dago?

Ez nuke esango urtea erabat galduta dagoenik. Sektorea oso zabala da, eta askotariko negozioak daude; beraz, horrek abiadura ezberdinak ezartzea eskatu du ezinbestean. Indarguneak ditugu barneko turismoan; horiek landu behar ditugu, eta duten balioa eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.