Desberdintasun sozialak. Davoseko bilkura

Hitz politak, ezer gutxi egiteko

Aurten, 50. urteurrena beteko du Davoseko eski estazioan egin ohi den Munduko Ekonomia Foroak, eta ekonomia eraldatzea helburu duen manifestua berri nahi du.

Klaus Schwab Munduko Ekonomia Foroaren sortzaile eta bultzatzailea, aurtengo edizioaren edukia aurkezteko ekitaldian, Colognyn, Suitzan. VALENTIN FLAURAUD / EFE.
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Zer dute amankomunean Mark Zuckenberg, Bill Gates, George Soros, Jamie Dimon, David Carlyle eta Stephen Schwarzannek? Munduko gizonik aberatsenetarikoak dira, azken hamarkadan are aberatsago egin dira, eta urtero guztiak Suitzako Alpeetako eski estazio batean elkartu ohi dira, munduko hainbat agintari, multinazionaletako beste hainbat buru eta itzal handiko pertsonaren artean. Gaur hasi eta ostiralera arte, segurtasun neurri handien artean, Munduko Ekonomia Foroa elkartuko da Davosen. Aurtengoa edizio berezia izango da, 50. urteurrena ospatuko baitu.

1973an, foroaren antolatzaile Karl Schwab ekonomista alemaniarrak Davoseko manifestu bat kaleratu zuen, enpresen artean kudeaketa etiko bat bultzatu asmoz. Aurtengo efemeride berezia baliatuz, beste manifestu bat proposatu du Schwabek berak. Eredu ekonomiko horri maiz leporatzen zaizkion bidegabekerien aurrean, jokabide etiko bat planteatu du: «Enpresek bidezko zerga tasa bat ordaindu behar dute, ez dute tolerantziarik erakutsi behar ustelkeriaren aurrean, giza eskubideak bermatu behar dituzte hornidura kate osoan, eta bidezko lehia eremu baten alde egin».

Akziodunen irabaziei soilik erreparatzen dien kapitalismo klasikoaren edo estatuaren kontrolpeko ereduaren aurrean, stakeholder edo interes taldeen kapitalismoa proposatu du; hau da, langileekin, gizartearekin eta hornitzaileekin begirunez jokatuko duen kapitalismoa. «Oinarrizko abantailak eta abilezia garatu behar dituzte enpresek, jakina, baina beste hainbatekin batera lan egin behar dute munduaren egoera hobetzeko».

Desberdintasunen aurrean

Baina benetan Davosek kapitalismoa eraldatu nahi al du, ala kapitalismoa zuritzeko baino ez du balio? Azken berrogei urteetan, desberdintasun ekonomikoak areagotu egin dira munduko herrialde gehienetan, eta aurten ere desberdintasunen auziak are garrantzia handiagoa hartuko du. Hala ere, auzia agendaren erdigunean ez du Davosek jarri, preseski. Behinola, Mark Blyth aditu politikoari galdetu zioten ea zer zen Davos, eta hark honako hau erantzun zuen: «Pertsona serioak elkartu ohi diren gunea da, eta desberdintasunen aurrean ezer ez egitea eztabaidatzen dute bertan».

Ironia handia du aipuak, baina ez zaio arrazoirik falta. Aurten, datozen hamar urteko arrisku eta erronka nagusiei buruzko txostena kaleratu du Marsh & McLennan aholkularitza etxeak. Munduaren mehatxu nagusien inguruan galdetu diete 750 adituri, eta azterlanak ondorioztatu du kutsu politikoko mobilizazioak 2020ko mehatxuen artean bigarrenak direla.

Alta, txostenak ez du argi uzten arazoa aberastasunaren banaketa bidegabea den ala hark eragindako ezinegon soziala. «Desberdintasunen ondorio politiko sakonek herrialde baten hazkundea kaltetu dezakete, hura gobernatzea are zailago eginez», dio txostenak. Haren arabera, protestek hazkundea zailtzen dute, eta kalte egiten diote inbertitzaileen konfiantzari. Adibidez, txostenak dio abendu arte Frantziako jaka horien mobilizazioek 11.400 milioi euroko galerak eragin dituztela, Txileko protestek 1.400 milioiko faktura utzi dutela, eta Hong Kongen izandako mobilizazioen ondorioz bertako BPG %3,2 uzkurtu dela.

Joseph Stiglitz ekonomista estatubatuarraren ustez, Davosen biltzen diren elite ekonomikoek ez dute ulertu zer gertatu den azken hamar urteetan: «Ez dira jabetzen zenbateraino sistemak huts egin dion Europako zein Estatu Batuetako biztanleriaren zati handi bati». Stiglitz 1995etik urtero izan da bertan, baina 2018ko bilkuratik inoiz baino atsekabe handiagoarekin atera zen, eta hitz politen atzean beldurra ezkutatzen dela egiaztatu zuen: «Sekulako etekinak atera ostean, eurek bultzatutako globalizazio ereduaren aurka sortzen ari den erreakzio populistaren beldur dira, egiazki». Funtsean, Schwabek aldarrikatzen duen kapitalismo arduratsu eta etiko hori benetan egungo eredua eta haren gehiegikeriak zuritzeko baino ez da, Stigiltzen arabera. «Guztiz goibeltzen nau ikusteak boterean diren askok sinistea gezurrezko mezu hori benetakoa dela».

Hain zuzen, aurten 118 herrialdetako 2.800 gonbidatu joango dira Suitzako eski estaziora, eta horien artean 53 gobernuburu eta estatuburu daude. Adibidez, Donald Trump bertan izango da, impeachment prozesutik ihesi —2018an gonbidatu izarra izan zen, eta iaz, merkataritza gerraren gordinean, kale egin zuen— Era berean, geopolitikari buruzko hitzaldi bat emango du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, eta Schwab bera aurkezle izango du. Gainera, Suitzan izango dira, besteak beste, Vladimir Putin Errusiako presidentea, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, eta Han Zheng Txinako lehen ministrordea

Aldaketa klimatikoa

Desberdintasunen gaiaz gain, beste gai izarretako bat aldaketa klimatikoa da. Apurka auziak gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Aurten, bigarren urtez jarraian, Greta Thunberg egongo da Davosen. Marsh & McLennanen txostenaren ondorio nagusietako bat da hurrengo hamarkadako mehatxu nagusia dela aldaketa klimatikoa. Adibidez, txostenak ohartarazi du 2018an 150.000 milioi euroren kostua eragin zutela naturaren hondamendiek. Enpresei ohartarazi diete trantsizio energetikoak kostu handia duela, «baina are handiagoa ezer ez egiteak». Keinu gisa, gonbidatu gehienak trenez iritsiko dira hara. Berriz ere, hitz politak eliteen ahotan, baina praktikan... Ezer gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.